Albistea entzun

Ikerketa. Euskararen egoera

Birreta gutxi dauka euskarak

Euskarazko ikertzaileen bilgune izan da asteon Durango, Ikergazte kongresuan. Lekua egiten ari da euskara ikerketa arloan, baina handiak dira oztopoak. Nagusia, euskarazko lanaren aitortza eskasa.

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko maiatzak 17

Plaza izan dute asteon. «Askotan, badaukagu muga psikologiko bat: unibertsitate barruan geratzen gara». Ikergazte kongresuan bildu dira euskaraz ari diren ehunka ikerlari Durangon (Bizkaia). Horrelako ekitaldien garrantzia goratu du Estitxu Garaik, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Zailtasunak bistakoak dira euskaraz ikertzeko: behar besteko aitortzarik ez daukatela euskarazko argitalpenek, esate baterako. Ondorioez ohartarazi dute: euskarazko produkzioa ahultzen ari da. Zenbakia, EHUn: euskarazko tesiak ez dira %10era heltzen. Portzentaje antzekoa da azken hamar urtean.

UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta egin dute Ikergazte. Euskarazko ikerketa lanari bultzada ematea izan dute helburu: produkzioa bera areagotzea, euskarazko lanen ikusgarritasuna areagotzea eta ikertzaileen arteko harremanak sendotzea. Hasi bakarrik egin dira: bi urte barru berriro ere egingo dute Ikergazte.

Ikertzaile ibilbidearen hasierako pausoa da doktore tesia. Goraldi betean da kopurua: EHUn, adibidez, hamar urtean bikoiztu baino gehiago egin da. Isla izan du euskarazkoetan ere: hiru bider tesi gehiago dago. «Hazkundea badago, baina ez da behar bezain handia», azaldu du Karmele Artetxek. Irakaslea da EHUn, eta aztergai du euskarazko produkzio zientifikoa. Zein da arazoa euskarak indar handiagoa ez izateko? Argi dio UEUko zuzendari ohiak: «Ebaluazioa da inportanteena».

Bidean aurrera egiteko, meritu akademikoak eskatzen dizkiete ikerlariei. Nagusia: aldizkari ezagunetan agertzea. Sistema zehaztua dago: ranking bat dute, eta, batean edo bestean argitaratu, puntu gehiago edo gutxiago ematen dituzte. Alor askotan eragiten du horrek, Josu Lopez-Gazpio Kimikako ikertzailearen arabera: «Bekak, laguntzak, ikerkuntza proiektuak, kreditazioak, unibertsitateko lanpostuak eta abar lortzeko, eragin indize altuko aldizkarietan argitaratutako produkzioak dauka garrantzi handiena».

Eta euskaraz ez dago halakorik. «Gehienak ingelesezko aldizkariak dira. Gaztelaniaz ere badaude batzuk», azaldu du Garaik. Ondorioa: «Ebaluazio agentzietan, gure argitalpenek ez badute indexaziorik, ez dituzte kontatzen».

Ebaluazio agentzien mende

Egoera hori mezu baten estilokoa da ikertzaileentzat, Artetxek dioenez: «Oso irizpide argia da zer saritzen den eta zer ez. Erraz heldu da mezua: zertarako denbora galdu balio ez duen artikulu batekin?». Militantzia gisako lana ere bada, beraz, euskaraz ikertzea. Lopez-Gazpio: «Borondatez egin ohi dugu, beharrezkoa dela uste dugulako, baina ez curriculuma hobetzen laguntzen duelako. Curriculuma apaintzen dute euskarazko argitalpenek, baina ez dute izaten benetako pisurik». Ikerlari erdaldunen artean harridura ere sortzen du horrek, Artetxeren arabera: «Askotan ez dute ulertzen zergatik egiten dugun euskaraz, errekonozimendurik gabe. Denbora zergatik galtzen dugun».

Ebaluazioan hutsunea dagoela aitortu du EHUko Euskara errektoreordeak, Jon Zaratek: «Ez da behar adina baloratzen, egia da». Ohartarazi du, hala ere, aldaketak egitea ez dela horren «sinplea». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bi ebaluazio agentziak dute eskumena: Unibasqek —Jaurlaritzaren mendekoa da— eta ANECAk —Espainiako Gobernuaren esku—. Errektoreordearen ustez, agentzia propioa izatea da soluzioa. «Bestela ezinezkoa litzateke erabat bermatzea». Agentziek aztertzen dute nazioartean zer eragin duten ikertzaile bakoitzaren lanek, eta «lausoa» da euskarazko lanen egoera, Zarateren esanetan.

Ingelesezko tesien goraldia oso nabarmena da azken urteetan. 2003an, 200 tesitik bost egin zituzten ingelesez EHUn; iaz, 472tik 168. Horiek, bai, badute aitortza. «Nazioarteko aitortza lortzeko, euskaraz eta ingelesez egin dut», kontatu du Garaik. Tesietan, Unibasquek kontuan hartzen du euskaraz egindakoa bada, EHUko irakasleak azaldu duenez. «Argitalpenetan, aldiz, indexazioa soilik». EHUk berak, ordezkapenak egiteko, aintzat hartzen du tesia eta dibulgazioko lanak euskaraz egitea. «Baina ez da nahikoa euskarazko produkzio zientifikoa suspertzeko», dio Lopez-Gazpiok.

Euskarazko datu basea

Borondatezkoa, behar besteko aitortzarik gabea da, beraz, euskaraz ikertzea. «Eta lan bikoitza eskatzen du», nabarmendu du Zaratek. «Iturri gehienak ingelesez daude, eta gaztelaniaz garatuago dago terminologia zientifikoa». Itzulpen lana eskatzen du, hortaz, eta lan prozesua moteltzea dakar horrek. Tesietan, epaimahaia eratu behar da. «Ez da erraza euskaraz ebaluatzeko gai den epaimahaia osatzea: kide batzuek EHUtik kanpokoak izan behar dute, eta gaiak oso zehatzak dira», azaldu du Lopez-Gazpiok. Lan gehiago. «Horri irtenbidea emateko, nire kasuan erabaki nuen tesiaren kapituluen gaztelaniazko laburpenak gehitzea». Beste batzuek bi bertsio egitea erabakitzen dute: bat, euskaraz, eta bestea, erdaraz.

Lan horri guztiari ikusgaitasuna eman behar zaiola nabarmendu du Zarate errektoreordeak, eta iragarri ditu neurri batzuk. UEUren Inguma datu basea indartzea dute helburuetako bat. «Erreferentziazko datu basetzat hartuko dugu EHUn». Hortaz, EHUn euskaraz ari diren ikertzaileek Inguma baliatuko dute beren artikuluak hedatzeko. «Horrek ekarriko du Inguma elikatzea. Inguruko unibertsitateek ere hori erabakiko balute, Inguma gehiago elikatuko litzateke. Euskarazko produkzio guztia bertan batzeko modu bat izan daiteke». Euskarazko produkzio zientifikoaren ikusgaitasuna handitu ez ezik, hura aztertzea ere erraztuko luke.

Lanen kalitatea gogoan

Kalitatea aintzat hartu nahi dute. Ohar egin du Artetxek: «Denak ez du balio: euskaraz dagoelako ez da dena oso ona». Erdaraz bezala, sailkapenak behar direla dio EHUko errektoredeordeak: «Gure produkzioak garrantzia eduki dezan, dauzkagun euskarrien sailkapen bat egin beharko genuke. Kalitate ikuspegitik estandarizatu». Artikulu batzuek eta besteek zenbateko garrantzia daukaten zehazteko eredu bat, azkenean. «Agentziek hori eskatzen dute».

Proposamena mahai gainean dago, baina ez da erraza izango. Aktore asko daude tartean: unibertsitateak, ikertzaileak, aldizkariak... «Guk egin beharreko lana da. Komunitatea batu, eta rankingari begira lanean hastea, bideak bilatzea. Adostasuna behar da», nabarmendu du Zaratek.

Pausoka egin beharreko bidea da. «Sorgin gurpil baten gisakoa da: ez baldin badugu euskaraz ikertzen, ez da materialik sortzen; eta materialik ez baldin badago, zailagoa da euskaraz ikertzea», ohartarazi du Garaik. Terminologia aipatu du: «Zalantza terminologikoak askotan izaten dira alor batzuetan. Garrantzitsua da ezagutzea besteek egindakoa». Hori izan da, hain zuzen ere, Ikergazte kongresuaren helburuetako bat: ikerlarien harremanak sendotzea.

Ingelesa ari da erabateko nagusitasuna hartzen ikerketaren alorrean. Euskarari toki gehiago egiten etxetik bertatik hasi behar dela nabarmendu du Lopez-Gazpiok: «Interneten bilaketak egitean, askotan gaztelaniara edo ingelesera jotzen dugu, euskaraz baliabide asko eta kalitate onekoak daudela kontuan hartu gabe».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar batzuk osasun zentrora bidean, Donostian ©Maialen Andres / FOKU

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

27 herritar hil dira COVID-19ak jota, iragan astean baino hiru gehiago. Orotara, 445 gaixo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan.

Manifestazio jendetsua egin du gaur EHEk Durangon. ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Hizkuntza politika burujabea» aldarrikatu du EHEk Durangon

Maite Asensio Lozano

Ehunka lagun bildu dira Euskal Herrian Euskaraz taldeak egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu ditu independentistak, eta euskararen aldeko borroka «berpiztea» galdegin die euskaltzaleei eta euskalgintzari.

Moderna txertoaren bi bial. ©Guillaume Fauveau

Moderna txertoa baizik ez dute jarriko Iparraldeko txertaketa guneetan

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak erran du «dosien kontserbazioagatik» hartu duela erabakia. Pfizer txertoaren dosi bat jarri behar dutenek eta 30 urtetik beherako herritarrek osasun langile independenteengana jo beharko dute hemendik aitzina.

Ziburun hildako hiru migranteen heriotzak salatzeko protesta ©Guillaume Fauveau

Ziburun trenak harrapatuta zaurituriko etorkinak eta hiru elkartek salaketa jarri dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik jarri dute salaketa Cimade, Anafe, eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zen etorkinarekin batera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.