Albistea entzun

Hitza hartzeko giltza

Emakume aditu eta arituen lana ikusarazteko, Gabiltza datu basea ondu dute Oihana Etxebarrietak eta Eider Olazarrek, BERRIA bekako sarituek
Oihana Etxebarrieta eta Eider Olazar, atzo, atariaren aurkezpenean.
Oihana Etxebarrieta eta Eider Olazar, atzo, atariaren aurkezpenean. JON URBE / ARP

Oihan Vitoria -

2015eko ekainak 16 - Andoain

Sentsibilitatea izatearekin ez dela aski. Joera zaharkituak aldatzeko borondatea badela, gogoa, baina tresnak falta direla pauso irmoak emateko. Oraino hedabideetako bigarren lerroan, kasik ezkutuan egon diren emakume ugariri argia emateko xedez sortu da Gabiltza, emakume adituen eta arituen lana ikusarazteko ataria. Oihana Etxebarrietak eta Eider Olazarrek landu dute biltoki digitala, mugimendu feministan eta kazetaritzaren barrunbeetan murgilduta. BERRIA Fundazioaren beka irabazi ondoren abiatu dute datu basea. Bereziki, kazetari eta eragileei begira ondu dute lana, eta ziurtatu emakumezko iturrietara ailegatzea samurtuko diela; andreek hedabideetan hitza hartzeko giltza bihurtu nahi dute ataria.

Besteak beste, aditu eta arituen kontaktuak, albisteentzako txokoa eta dokumentazio esparrua jasoko ditu. Generoaz plazaratutako agiriak, eztabaidak eta hizkera sexistak saihesteko gidak ere jarriko dituzte eskuragarri Gehiago ikasi atalean, nahi duen orok edonoiz kontsulta ditzan. Zer egin atalean, berriz, komunikazio parekidearekin lotutako artikuluei eta ekitaldiei egingo diete tokia.

Emagin elkartearen sostengua eskuratu du proiektuak, eta hark hartu du webgunea hezurmamitzeko lema. Idoia Arraiza arduratuko da, besteak beste, proiektuaren jarraipena egiteaz. UEUrekin, orobat, elkarlan hitzarmena sinatu dute egileek, Inguma datu baseko datuak trukatzeko. «Jakintza eta lankidetza partekatzeko gune izan nahi du Gabiltzak», Etxebarrietaren hitzetan.

Baina ez hori soilik. Webgunea kontzientziaziorako eta gogoetarako bide izatea gura dute egileek. Gida elektronikoaz aparte, sentsibilizazio eta prestakuntza saio batzuk eskaintzeko asmoa ere agertu dute: erreminta nola erabiltzen den erakutsi, eta genero ikuspegia ahalik eta era egokienean jorratzeko gakoak emango dizkiete interesa daukaten hedabideei.

BERRIAren zuzendari Martxelo Otamendiren arabera, egitasmoa bat dator euskarazko kazeta nazionalak berdintasunerako bidean urteotan hartu duen ildoarekin. «Handia da oraindik hedabideetan gizonezkoengana jotzeko joera. Defizita dago emakumeen presentzian, eta egitasmo horrek begiak irekitzen dizkigu. Orain ez dugu aitzakiarik». Tresna erabilgarria, praktikoa eta eraginkorra izango delakoan dago Otamendi.

Euskal Herriko 115 andre aditu bildu dituzte oraingoz; horietatik 113 dira euskal hiztunak. Ez dira horretara mugatuko, ordea: irekiak dituzte ateak. Izan ere, tituluak izan ez arren, akademiaren alorretik at dauden emakume eskarmentudunei ere lekua egingo diete datu basean. Adituen egungo figura zalantzan jarri, eta irauli gura dute datu basearen egileek: «Eremua edozein dela ere, esateko zerbait duten andreak bistaratzea da agendaren asmoa».

Borondatetik konpromisora

Aurpegi eta ahots berriei atea irekitzeak gai berriak jorratzeko parada eman dezakeela, uste horixe dute Etxebarrietak eta Olazarrek. Gaztigatu dute, haatik, zama hori ezin dela kazetari bakar batzuen esku utzi. «Lan egiteko moduan, edukietan, gaien tratamenduan, lankideen arteko hartu-emanetan... Alor orotan txertatu behar da genero ikuspegia», adierazi du Olazarrek. Hedabideen arteko zubi lanak errazte aldera, sare bat osatua dute kazetari diharduten feministekin, baina argi dute bestelako urratsak direla premiazkoak. «Genero ikuspegia lantzeko, garapen adierazgarria egon da urteotan euskal hedabideetan, baina handiak dira oraindik gabeziak: emakume kazetariok sarri askotan sentitzen dugu gure gain geratzen dela ardura guztia».

Horrekin hausteko, «konpromiso irmoak» eskatu dizkie Olazarrek komunikabideei, berehala esku har dezaten: «Nahia badago, bai, baina nahia izatearekin ez da aski». Langileei begira jarri da, ordea, Etxebarrieta, eta ekarpentxoak egitera deitu die. «Tresnari bizia ematea denon egitekoa da». Baikor da: «Ataria handitzeko eta osatzen segitzeko baldintzak badaude, behintzat». Haren irudiko, ez da kasualitatea webgunea orain sortu izana. «Emakumeok ahaldunduz joan gara gure hedabideetan, apurka-apurka, eta horrek eragin handia eduki du».

Oro har, sare sozialen moduan funtzionatuko du Gabiltzak, erabiltzaileek eurek nahierara elikatu ahalko baitute datu basea; izena emanda, betiere. Etxebarrietak dioenez, emakume bakoitzari buruz egindako ikus-entzunezko proiektuak, idatziak edota elkarrizketak igotzeko tartea eskainiko du webguneak; baita aditu berriak proposatu eta haien kontaktuak txertatzeko parada ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkabako presoei egindako omenaldi bat, 2017an. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Erreparazioan «gehiago» sakontzea galdegin dute elkarte memorialistek

Oihane Puertas Ramirez

Espainiako Memoria Demokratikoaren Lege proiektuak «kezkak» eta «zalantzak» sortu dizkie talde memorialistei. Halere, aitortu dute zuzenketek «hobekuntza garrantzitsu batzuk» jaso dituztela

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

«Sarri nerabeek geolokalizazioa eskatzen diete bikotekideei»

Javi West Larrañaga

Bikotekideen arteko ziberindarkeria landu du EHUk 13-15 urteko nerabeekin. Oraindik behin betiko emaitzak izan ez arren, ikusi dute gazteek ez dituztela ondo ezagutzen sarearen arriskuak.
Eva Isturiz, Nafarroako Berdintasun Institutuko zuzendaria, Iruñeko Sarasate pasealekuan. ©Idoia Zabaleta, FOKU

«Sexu erasoetan, biktimak bere buruari egotzi ohi dio errua»

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza

Festetako sexu erasoen kontrako aurtengo kanpaina aurkeztu du berriki Nafarroako Berdintasun Institutuak, Berridatz ditzagun jaiak lelopean. Erasoen gaineko aurreiritziak hautsi beharra nabarmendu du erakunde horretako zuzendari Eva Isturizek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...