Albistea entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Ondorena

Rajoyk hartuko du ekimena

PPko presidentegaiak alderdiei bilera sailean eskatuko die hautagaitzarik bozkatuena errespeta dezatela.

PSOEk ez du argitu alternatiba eratzen saiatuko den.

EAJk elkarrizketa eta ituna nahi ditu
Maria Dolores de Cospedal eta Mariano Rajoy, atzo, Madrilen, Espainiako PPko zuzendaritzaren bileran.
Maria Dolores de Cospedal eta Mariano Rajoy, atzo, Madrilen, Espainiako PPko zuzendaritzaren bileran. KIKO HUESCA / EFE

Enekoitz Esnaola -

2015eko abenduak 22

PSOEk iragarri du ezezkoa emango diola Mariano Rajoyren (PP) inbestidurari. Rajoyk alderdiei bilera sailean eskatuko die hautagaitzarik bozkatuena errespeta dezatela. Pablo Iglesiasek (Podemos) jakinarazi du ez dutela «inola ere nahi» PPren gobernu bat. Alberto Garzon UPko zerrendaburuak azaldu du PP berriro Moncloan egotea eragotzi nahi duela. 161 diputatu dituzte PSOEren, Podemosen eta UPren artean (90, 69 eta 2). PPk 123 lortu ditu, eta Ciudadanosek, 40; bien artean, 163. Ondorioz, aurreneko blokekoek ez badute PP nahi atzera berriz ere Espainiako Gobernuan, Pedro Sanchez sozialisten idazkari nagusi eta presidentegaiak pausoa ematera ausartu beharra dauka. Oraingoz, Cesar Luena PSOEko Antolakunde idazkariak zuzendaritzaren batzarraren ondoren adierazi duenez, PPri dagokio gobernua osatzeko bilera saila hastea, Kongresurako igandeko bozetako irabazlea hura izan delako, eta sozialistek, «zuhurtziaz eta arduraz» jokatuko dute. «Guk dakigunez, PPk Rajoy proposatuko du presidente izateko, eta PSOEk ezezkoa emango die Rajoyri eta PPri». Ordea, Luenak ez du argitu zer egingo luketen PPkoek beste hautagai bat aurkeztuz gero, eta ez du argitu PSOEk gobernu alternatiboa osatzeko saiakera egingo duen.

Andaluziako PSOEk Sanchezi ohartarazi dio, badaezpada: Kataluniako aferagatik, ezinezko ikusten du Podemosekin akordioa egitea. «Bi alderdiok Espainiari buruz erabat kontzeptu desberdina dugu». Andaluziako Parlamentuan PSOEk Ciudadanosekin du ituna, ez Podemosekin. Datu bat da hori. Beste bat: alderdi sozialistak Andaluzian du boteregunerik handiena eta afiliatu gehien. Eta beste bat: Andaluzian 22 diputatu eskuratu ditu PSOEk, orotara dituen 90etatik laurden bat. Podemosek bozen biharamunean jarritako «ezinbesteko» baldintzen artean, «estatu nazioaniztuna» jarri du, eta Iglesiasek eskatu du Katalunian legezko errefendum bat egin behar dela. PSOEk erantzun du bi alderdiak urruti daudela lurralde ereduari buruz. Halaber, Podemosek eskatu du hauteskunde legea aldatzeko, eskubide sozial batzuk konstituzioan sartzeko, ate birakariak debekatzeko eta independentzia judiziala. PSOEk bere «lehentasunak» berretsi ditu: ongizatea eta Espainiaren batasuna.

Rajoyk berriro esan du erreforma oro konstituzioaren barruan egin behar dela, ez duela Espainiaren «batasuna eta subiranotasuna» auzitan jartzea onartuko. Haren alderdiaren zuzendaritzak egindako bileraren ostean mintzatu da. Eta nabarmendu du erreforma oro «adostasun handiz» gauzatu beharko dela.

Zaila da PSOEk alternatibarako pausoa ematea. Hartaz gain, inoizko emaitzarik txarrenak izan ditu. 2011koak zituen txarrenak, 110 diputaturekin, presidentegaia Alfredo Perez Rubalcaba zela, eta orain beste 20 aulki galdu ditu. 5,5 milioi boto dauzka. 2008an, Jose Luis Rodriguez Zapaterorekin, 11,2 milioi zituen. Alderdi barruan, gainera, desordena handia du Sanchezek, Andaluziako oposizioagatik hasita; edo hor da Felipe Gonzalezen jarrera ere. Madril bezalako erkidego esanguratsu batean, berriz, laugarren posturaino jaitsi da.

Ondorioz, estatu interes bertsuak dituztela medio, lehen baino indar handiagoa har dezake PPren eta PSOEren arteko itunak, izan formala ala ez. Bien artean Kongresuko diputatuen %61 dituzte. Ciudadanos batuz gero, %72. Antzeko lurralde eredua defenditzen dute hirurek, Kataluniako Parlamentuak Espainiatik deskonektatzen hasteko adierazpena onartu ondorengo bilkuretan berretsi zen bezala. Albert Rivera Ciudadanoseko buruak azaldu du PPri dagokiola gobernua «gutxiengoan» osatzea. «Orain funtsezkoena da jakitea Sanchezek PPren gutxiengo gobernu bat ahalbidetuko duen, abstenituta, edo 11 alderdi politikorekin gobernu bat lortzen saiatuko den. «Gu azken aukera horren aurka azalduko gara; izan ere, Katalunian zortzi urtean borrokan aritu ostean, ez gara hona [Kongresura] etorri han erreferendum bat egin dadin». Pablo Casado PPko Komunikazio idazkariordea baikor agertu da: «Uste dut akordioak egon daitezkeela Ciudadanosekin eta PSOErekin. Garrantzitsua izango da egonkortasuna izatea». Ildo beretik jo du Rajoyk PPko zuzendaritzaren batzarraren ondoren: «Espainiak ezin du izan indefinizio politikorik».

PP ala PSOE? Erantzunik ez

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak oraingoz ez du bozetako emaitzez eta ondorengo aukerez gauza handirik aipatu. Uda ondotik iragarri zuen nahiago zuela Sanchez Moncloan, Rajoy baino, baina atzo Barakaldon Gurutzetako ospitalera egindako bisita batean gehienez ere esan zuen emaitzek «gogoeta sakon bat» eskatzen dutela. Kazetariek Rajoy ala Sanchez, zein nahiago duen galdetuta ere, ez zen busti. Gaur edo bihar hitz egingo du pausatuago hedabideen aurrean.

Talde abertzaleek izan dezakete zeresana edo giltza Kongresu berrian, nahiz eta bipartidismoaren hausturagatik halakorik ez zela gertatuko iragarri zen. «Balantza erabaki dezaketenak indar abertzaleak dira», azaldu du Aitor Esteban EAJko Bizkaiko zerrendaburuak. EAJk 6 diputatu ditu, EH Bilduk 2; ERCk 9, DLk 8. EAJren EBBk bozen biharamunean ateratako oharrean dio «zerumuga berria» zabaldu dela, eta «oinarri eta zutabe elkarrizketak, akordioak, itunak eta adostasunak» izan beharko dutela; hau da, bukatu direla «PPren gobernuak Euskadirekiko erakutsitako jarrera eta politikarik eza».

EBBk azpimarratu du EAEko emaitzek erakusten dutela erkidego horretako herritarrek nazio aitortzaren eta erabakitzeko eskubidearen alde egin dutela. Dena dela, EAJko zuzendaritza nagusia ez da hasi PP ala PSOE nahiago duen esaten. Estebani galdetu diote ea bere alderdia sartuko den PPren eta Ciudadanosen arteko itunen jokoan, eta ez du baztertu. «Ikusi beharko da zein den bakoitzaren diskurtsoa». Orain artekoa jakina da: ukazioa PPk autogobernuaren arloan, eta urrats baikorrik ez bakegintzan; Ciudadanos prest da EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Nafarroako Itun Ekonomikoa kentzeko.

Eragozpenak

Espainiako Estatuak auzi garrantzitsua du Katalunian, eta ez du nahi, EAEn behintzat, su subiranistarik pizterik. Beraz, erne egon beharko da PPren eta EAJren arteko balizko harreman berri bati buruz. Aitor Estebanek kanpainan aipatu du Euskadi estatuan txertatzeko ez dagoela konstituzioa zertan «alderik alde» zabaldu, eta «ukitu» batzuekin «konpondu» ahal dela. Bestetik, kontuan hartu behar da EAJk PPren kaltetan PSOEren alde egingo balu, estatutu politiko berria ateratzeko eragozpen bat legokeela Senatuan: PPk gehiengo osoa du. Estatutu baten prozedura aurrera joan dadin, Senatutik pasatu behar luke —betoaren kasuan, Kongresuan onar daiteke—. Nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea jasotzeko Espainiako Konstituzioa aldatu nahi bada, berriz, Kongresuan bi heren behar dira, eta PPk eta Ciudadanosek legealdi berrian hango %46 izango dute. Erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek, %27.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Tellez, 2008ko ekaineko mobilizazio batean, Managuan. ©Mario Lopez / EFE

Dora Maria Tellezi emango diote Rene Cassin saria

Jon O. Urain

«Giza eskubideen sustapenean, defentsan eta zabalkundean duen konpromisoagatik» sarituko dute.

IAren mobilizazioa, martxoaren 24ko greba zela-ta, Gasteizen. ©Iñigo Uriz / Foku

Mugimendu Sozialistako bi kidek «jazarpen poliziala» salatu dute

Berria

Esan dutenez, «kolaboratzeko» eskaintza egin diete telefonoz zein zuzenean

Uxue Barkos eta Maria Txibite, artxiboko irudi batean ©Jesus Diges / EFE

Foru Hobekuntza osatzera deitu du Txibitek, eta Barkosek ituna berritu nahi du

Jon O. Urain

Nafarroaren Egunaren bezperan, gobernuko bi alderdiak ez datoz bat herrialde horretako esparru juridikoak eduki beharreko garapenaz. Txibitek oharra egin du: PSNk ez du Esparza lehendakari jarriko.

Hainbat gaztek biribilgune bat moztu dute Bergaran (Gipuzkoa), eta garraio publiko

Ernaik gazteen bizitza «duintzeko» eskatu du, zortzi ekintza deszentralizatu eginda

Berria

Besteak beste, EHUren Leioako campuseko errektoretza «blokeatu» eta Bergarako San Prudentzio auzoko biribilgunea moztu du gazte antolakundeak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...