Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Nafarroako AHTaren kudeaketa bere gain hartuko du Madrilek

Publizitatea

Gizartea

Nafarroako AHTaren kudeaketa bere gain hartuko du Madrilek

Sustapen Ministerioak adierazi du erabakia hartzera «behartuta» egon dela, Nafarroako Gobernuak ez diolako bere proposamenari erantzun
Manu Aierdi eta Iñigo de la Serna, urte hasieran Madrilen izandako bilera batean.
Manu Aierdi eta Iñigo de la Serna, urte hasieran Madrilen izandako bilera batean. SERGIO BARRENECHEA / EFE

2017-09-14 / Maite Asensio Lozano

Espainiako Sustapen Ministerioak jakinarazi du Nafarroako AHT abiadura handiko trenaren kudeaketa bere gain hartuko duela. Atzo helarazi zion erabakiaren berri Nafarroako Gobernuari. Madrilek argudiatu du Uxue Barkosen gobernuak ez diola erantzun ministerioak egindako itun proposamenari, eta Espainiako Gobernuak baduela azpiegitura horren obrak kudeatzeko eskumena, «interes orokorrekoa» delako, «ezinbestekoa nafarrentzat». Berehala abiatu nahi ditu Alesbes-Azkoien eta Azkoien Erriberri tarteetako proiektuak onartzeko izapideak.

Desadostasun iturri da AHTa Nafarroako Gobernua osatzen duten lau alderdien artean: alde dago Geroa Bai, baina aurka daude EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra. Sustapen Ministerioaren proposamenari erantzuteko epea irailaren 10ean amaitzekoa zela eta, bilerak egin ditu laukoak azken asteetan, baina arrakala handitu besterik ez da egin. Joan den astean, hitzarmena sinatzea «ezinbesteko» jo zuen Barkosek, eta asmo bera agertu zuen Nafarroako Garapen Ekonomikoko lehendakariorde Manu Aierdik, «aukera mesedegarriena, inteligenteena eta egokiena» zelakoan. Izatez, Sustapen Ministerioaren proposamenari «azken ukituak» ematen ari zitzaizkiola zehaztu zuen Aierdik. Irmo erantzun zuten EH Bilduk eta Ezkerrak: aurrekontuak ez babesteko mehatxua egin zuten, AHTa eraikitzeko diru sailik balego.

«Etengabeko atzerapenak»

Nafarroako Gobernuaren txostena, ordea, ez zaio iritsi Madrili. Sustapen Ministerioak ohar bidez leporatu dio epeak ez betetzea, eta prozedura «etengabe eta justifikaziorik gabe atzeratzea». Erantsi du «behartuta» hartu dutela erabakia: «Nafarroako Gobernuaren erantzun ezak ezin du mugatu Nafarroako herritarrek funtsezko azpiegitura batez gozatzeko duten eskubidea».

Madrilek gogora ekarri du Aierdi maiatzean bildu zela Iñigo de la Sernarekin, eta orduan helarazi ziola ministroak itun berri baterako proposamena. UPNren aurreko gobernuak PSOErekin 2010ean adostutakoaren oso antzekoa zen, ordea: ibilbidean berritasunik ez zekarren, ezta prozeduran ere, Nafarroak gastua aurreratzea aurreikusten baitzuen, orain arte bezala.

Alde horretatik, Nafarroako Gobernuko bozeramaile Maria Solanak asteon egindako adierazpenei erreparatu die ministerioak. Izan ere, 2018ko aurrekontuetan AHTaren Alesbes-Azkoien eta Azkoien-Erriberri tarteetarako «euro bat ere ez» dela egongo esan du Solanak. Madrilek gogora ekarri du bi obra horiek «lizitatzeko konpromisoa» hartua dutela, eta, beraz, lanok gauzatzeko baliabideak jarri behar direla aurrekontuetan.

Hartara, bi proiektu horien inguruko dokumentazioa igortzeko eskatu dio ministerioak Nafarroako Gobernuari. Urtea amaitu baino lehen obrak lizitatu nahi ditu; beraz, iragarri du berehala abiatuko dituela proiektuok onartu aurreko administrazio izapideak. Jakinarazi du, halaber, Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailea desjabetzeak kudeatzen hasia dela jada: obrak ahalik eta azkarren abiatzeko prestatzen ari dira. Edonola ere, ministerioak nabarmendu du Nafarroako Gobernuarekiko «etengabeko harremanean» jarraitu nahi duela: «Beti bezala, instituzioen arteko leialtasunean eta administrazioen arteko elkarlanean».

Publizitatea

Sortu kontua
Maite Asensio Lozano Maite Asensio Lozano

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak