Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Urteroko gripea, urteroko epidemia

Publizitatea

Gizartea

Urteroko gripea, urteroko epidemia

Astebetean bikoiztu egin dira gripe kasuak Euskal Herrian. Epidemia egoera izendatu dute; hau da, 100.000 biztanleko 200 kasu baino gehiago daude. Agintariek uste dute bi aste barru joko duela goia.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-01-06 / Ibai Maruri Bilbao

Epidemia egoeran: izena entzute hutsarekin beldurra sortzen duen egoera horretan dago gripea ia Europa osoan. Besteak beste, Portugal iparraldean, Galizian, Espainiako iparraldeko erkidegoetan, Herrialde Katalanetan, Frantzia osoan, Alemanian eta Euskal Herriko osasun eskualde gehienetan, 100.000 biztanletik berrehun eriren muga gainditu du gaitzak. Funtsean, hori baino ez du esan nahi epidemia egoerak. Horregatik, osasun arduradunek lasaitasuna eskatu dute. «Oraindik gora egiten jarraituko du beste pare bat astean, eta gure artean izango dugu sei astez. Baina ez gaude aurreko urteetako kopuruetatik gora. Ikusita gaude 100.000 biztanleko seiehun edo mila kasu egon diren asteak ere», zehaztu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko zuzendari Miren Dorronsorok —medikua da—.

Gabon aurreko astetik joan den astera, bikoiztu egin dira kasuak. Zergatik? Gripearen birusak aise egiten dio aurre hotzari; ez, ordea, beroari. Horregatik etortzen da neguan, eta azken egunotan bereziki gozo sentitu da Euskal Herrian. Haren biktimak, ordea, barruko epeletan babestu dira. «Etxeak eta bulegoak gutxiago egurasten ditugu, hotzik ez sartzeko. Jende gehiago pilatzen gara elkarren ondoan. Horrek elkar kutsatzea errazten du».

Osasun zerbitzuek astez asteko datuak ezagutarazten dituzte. Euskal Herrian bikoiztu egin ziren kasuak urteko azken astean, datuak jasota dauden azkenekoan. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, batez beste, 222,9 kasu zenbatu ziren 100.000 biztanleko, Osakidetzak emandako informazioaren arabera. Debagoiena (Gipuzkoa) nabarmendu da eskualdeen artean: 382,1 kasu. Osasunbideak esan du Nafarroa, oro har, oraindik ez dela iritsi epidemia egoerara; 168 kasutan dago herrialdeko batez bestekoa. Baina Estellerrian, esate baterako, 253 kasu zenbatu ziren 100.000 biztanleko. Frantziako Osasun Ministerioak eman du Ipar Euskal Herriko informazioa: Nafarroa Behereko mendialdean eta Zuberoan 120 eta 170 kasu bitartean daude; Aturri haranean eta kostaldean, berriz, 170 eta 250 artean.

Aurtengo gripea ez da bereziki gogorra. Ohiko sintomak sortzen ari da: sukarra, artikulazioetako mina, gorputzaldi txarra, eztula... Normalean birusari arnasketa aparatua gustatzen zaiola azaldu du Dorronsorok, baina edozein organotara jo dezakeela. Bereziki, gazteei erasotzen ari zaie, 14 urtetik beherakoei. «Gripea dugunean, gure immunitate sistemak haren aurkako erantzuna sortzen du, eta horrek urte luzez irauten du gure gorputzean. Gazteek oraindik gutxi ezagutu dute birusa; beraz, defentsa gutxiago dute. Zenbat eta adin handiagoa, orduan eta prestatuago gaude».

Prebentzio onena, higienea

Kalte handiagoa, ordea, adinekoei egiten die, bestelako eritasunak ere badituztelako; gaitz kronikoak, esaterako. Hain zuzen, orain arte hildako bakarrak 64 urte zituen, eta gaixotasun kroniko bat. Txertoa ipini behar dutenen taldean daude 65 urtetik gorakoak, baina Dorronsorok esan du dagoeneko ez duela merezi ipintzea, kalterik egingo ez duen arren. «Bizpahiru aste behar ditu gorputzera egokitzeko. Gripea gure artean daukagula, txertoa jartzeko berandu dela esango nuke».

Beraz, bestelako prebentzio neurriak hartzea aholkatu du: etxe, bulego, lantoki eta eskolak ondo egurastea eta ohiko higiene neurriak zorroztea. «Leihoak ondo zabaldu behar dira, airea garbitzeko. Eta eskuak garbitu, birusa jatekoarekin ez irensteko. Eztul egin duen baten birusak ingurura zabaltzen dira. Guk ukitzen badugu, eta gero eskuak garbitu gabe jan, guk jasotzen dugu». Gaixo daudenei behin erabili eta botatzeko musuzapiak aholkatu dizkie, eta doministiku eta eztul egitean ahoa estaltzeko. Hartara, besteak gaixotzea saihestu dezakete.

Behin gaixotuz gero, hasteko, lasaitasuna eskatu du. «Gripe bat baino ez da. Berez pasatzen da. Ondo hidratatu, atseden hartu eta sukarra eteteko antitermikoak hartu. Ez da besterik egin behar». Eta arazorik izanez gero, medikuarenera jo.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea