Babesik gabe dauden adingabeak

«Gure haurrak 'ama' eta 'mama' dauzka»

Harrera familiak oinarrizko zutoina dira babes sisteman. Haur txikienekin bide hori lehenetsi behar da beti. Sendi eske kanpainak egiten dira urtero; ugarituta, zaharragoentzat ere aterabide gehiago sortuko lirateke.
Hiru anai-arrebak elkarrekin.
Hiru anai-arrebak elkarrekin. BERRIA

Arantxa Iraola -

2016ko abenduak 11
Memoria argitu beharrik ez du izaten Ainara Lasak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1984) bera eta bikotekidea ?Asier Rodriguez (Ataun, Gipuzkoa, 1978)? etxean ume bat harreran hartzea aztertzen noiz hasi ziren gogoratzeko. «2014ko iraila zen». Ondo gogoan du Donostian zebiltzala, ordurako etxean zituzten bi haurrak ?bi seme-alaba biologikoren gurasoak dira? aitona-amonekin utzita, eta aldundiak harrera familiak eskatuz eginiko iragarki bati erreparatu ziotela. «Han ipintzen zuen telefonora deitu, eta hortxe hasi zen abentura». Nolanahi ere, familia beste era batera handitzeko gogoa lehendik ernaldua zuten. «Esana genien umeei haur gehiago etorriko zirela, eta ez zirela amatxoren sabeletik etorriko». Hiru haur dituzte orain etxean: 2016ko otsailean 3 urteko ume bat harreran hartzeko proposamena egin zieten. Ez du ahazteko une hori ere: «Ezagutu, eta argi ikusi genuen gure etxera etorri behar zuela». Umea larrialdiko kasuak artatzen dituen familia batekin zegoen, eta apurka-apurka, haienera hurbilduta, txikia ezagutzeko bidea egin zuten Lasak eta familiak: apiriletik daude batera.

Dena ongi doa. «Oso desiratua izan da familiako kide guztien partetik, eta bera desiratua izateko irrikan zegoen». Aurretik egin behar izan zuten bide luzea gogoan du, hala ere; kezkaz eta eragozpenez betetako prozesu bat dela ez du ezkutatu nahi. Aldundirako diharduten teknikariek harrera familia izan nahi duten sendi guztiak zorrotz ikertzen dituzte; garrantzitsua izaten da bakoitzak zer motibazio klase duen ongi neurtzea, eta zer ume klaserentzat egokia izan daitekeen ikustea. «Pertsona, bikote eta familia bezala, erabat analizatuta sentitu ginen; deseroso ere bai zenbaitetan», onartu du.

Denborarekin, ordea, lan horren guztiaren garrantzia entenditu dutela azaldu du: familian hartu duten haurra ezagutu zutenean, esaterako, ulertu zuten haren premiak asetzeko ezaugarri asko zituztela haiek. eta teknikariek taxuz egindako lan baten emaitza izan zela hori.

Epe luzerako harrera prozesu batean ?iraunkorrak izaten dira, gutxienez lau urtekoak? murgiltzeko asmoa zuten, baina bestelako ezaugarriak dituen proiektu batean ari dira. Bi urterako hartu dute umea. Haren amaren egoerak hobera egiten badu, haurra berriro ere harengana itzultzea da asmoa. Astero eramaten dute harengana, bisitan; harekiko duen maitasunean ere haurra hazten ahalegintzen dira. «Gure haurrak ama eta mama dauzka. Hura ere izugarri maite du». Ez dakite noiz arte izango duten haurra haiekin, baina familia giroa trinkotzen saiatzen dira egunero. «Hirurak anai-arrebak dira; inork ez du hori kenduko». Jatorrizko familiarekin joan behar badu ere, haren ondoan egoteko beste era batzuk lantzen saiatzea dute helburu.

Ezjakintasunez

Etxeko girotik aparte sarri ulertu ezina ikusi dute, ezjakintasuna: «Ingurua ez dago oso prestatua: 'Ez dauka zure antzik', esaten dizute». Erantzuna prest izaten du: «Hau gure etxekoa da». Premiazkoa iruditzen zaie, hala ere, familiari buruzko mezu askotarikoak zabaltzea. «Familia izateko era asko daudela esatea garrantzitsua da», adierazi du. «Maitasunak ez dauka odolik».

«Argi dugu egitekoa: haien ondoan egotea»

Ez du ukatzen gogortasuna. «Umetxo bat itzultzea izugarri gogorra da; harremana oso fisikoa izaten da, eta banatzeko unea, latza». Harrera ama da Helena Escalada Pardo (Palma, Herrialde Katalanak, 1974), eta bikotekidearekin batera ?emakumezkoa hura ere? harrera familia gisara izan zuen lehen esperientziari buruz ari da. «Harrera familia izateko asmoa genuen; beti ibili gara gizarte gaietan sartuta, bizitzako gaietan engaiatuta». Errazago izango zelakoan ?«hasieran ez dakizu zenbateraino ausartu»?, 3 urtera bitarteko haur bat hartzeko prest azaldu ziren aurrena. Akordatzerako, ume jaioberri bat zuten etxean, neska txiki bat. «Hiru hilabete eta erdi egin zituen gurekin; gero, amarengana itzuli zen». Banaketaren mina gogoan du oraindik: «Dolua igaro egin behar da». Baina poza gailentzen da: «Zerbait ona egin duzun sentipena duzu». Nafarroako harrera familien elkarte Magaleko presidentea da gaur egun Escalada Pardo, eta beste hiru umeren harrera ama.

«2012ko irailean hiru anai-arreba hartu genituen: 8, 5 eta 4 urte zituzten». Elkarrekin bizi dira egun, harrera iraunkor ?epe luzerako izaten dira? batean. Prozesuaren gogortasuna agerian utzi nahi du berriro: «Harrera hasi berritan, hamar kilo galdu nituen». Baina harrera guraso izatearen ardurak asebete egiten ditu bera eta bikotekidea: sakonki. «Guk argi dugu zein den gure egitekoa; haien ondoan egotea. Argi utzi nahi diegu beti egongo garela haien ondoan; egunen batean haien gurasoenera itzultzen badira ere, haien ondoan egongo garela sentiaraztea da asmoa». Eguneroko martxan, ongi ehundua dute familia egitura.

Familien hitza

Harrera familiek bidean jasotzen duten artak, oro har, hobera egin duen sentipena du Magaleko ordezkariak. «Guk, esaterako, behar izan dugun laguntza guztia izan dugu». «Orain dela hamar urte inguruko gurasoekin hitz egin, eta askoz ere informazio gutxiago jasotzen zuten haiek. Egun, gauza asko esaten dizkigute umeei buruz». Era horretan, harrera familiek, kasuaren larritasunaren ?edo zailtasunaren? arabera, ezezkoa emateko aukera ere izaten dutela oroitarazi du. Administrazioko balorazio taldeek ustez familia bakoitzaren ezaugarrien araberako proposamenak egiten dizkiete, ongi neurtuak. «Baina familiena da azken hitza».

Sistemarekin, oro har, pozik egon arren, kezka du, zenbaitetan prozedura administratiboak gehiegi luzatzen diren sentsazioa izaten dutelako harrera familiek: «Sarri administrazioa nahi eta ezinean dabil kasu guztien balorazioa egiteko; sei laguneko lantaldea dago horretarako, eta gainezka ikusten ditugu usu».