Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Gizartea Gobernuak beka gehiago emanen dizkie Opusen unibertsitateko ikasleei

Publizitatea

Gizartea

Gobernuak beka gehiago emanen dizkie Opusen unibertsitateko ikasleei

Beken deialdian «oker bat» atzeman ostean, zuzenketa egin behar izan du Nafarroako Gobernuak. Lehen mailako ikasleei soilik eraginen die
Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, aurreko agerraldi batean.
Maria Solana Hezkuntza kontseilaria, aurreko agerraldi batean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-04-21 / Ion Orzaiz

Astebete besterik ez darama karguan, eta dagoeneko lehen karamelu garratza irentsi behar izan du Hezkuntza kontseilari Maria Solanak. 2016-2017ko ikasturteko ikasle laguntza deialdiari helegitea aurkeztu zioten Nafarroako Unibertsitateko sei ikaslek, eta, horietako batzuk onartuta, diru laguntzak handitu beharko ditu Nafarroako Gobernuak. Zehazki, 700 beka gehiago eman beharko dizkie Opusen unibertsitateko lehen mailako ikasleei, iazko abenduko deialdian eginiko «kalkulu oker baten ondorioz».

Agerraldia egin zuten atzo Hezkuntza kontseilariak eta Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari Nekane Orozek, zuzenketen berri emateko. Beka deialdian eginiko aldaketen artean, bi dira gobernuak atzera botako dituenak. Batetik, Opusen unibertsitatean ikasi eta laguntza jasotzeko, aurretik NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan izena ematea jarri zuten baldintza gisa; hortaz, NUPen lekurik lortu ez zutela ziurtatu behar zuten unibertsitate pribatuko ikasleek, diru laguntza eskatu ahal izateko. Baldintza hori ezarri zutenean, ordea, epeak gaizki kalkulatu zituztela aitortu du Nafarroako Gobernuak; ikasleek ezin izan zuten ziurtagiri hori garaiz aurkeztu. Bestalde, Opusen unibertsitateko lehen mailako ikasleek bete beharreko irizpideak ere lehengoratuko dituzte, baremazio berriak ezagutzeko denborarik egon ez dela onartuta.

Aldaketa horien ondorioz, ikasle laguntzen diru poltsa handituko du Hezkuntza Departamentuak: 700.000 euro gehiago jarriko ditu. Guztira, 4,3 milioi euro emanen ditu.

Aldaketaren alde

Ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, hilabete bat izanen dute unibertsitate pribatuko ikasleek beka irizpide berrien arabera eskatzeko. Lehen mailakoentzat soilik egonen da epea zabalik, «deialdiko kalkulu okerrak haiei bakarrik egin baitie kalte». Helegiteak onartu arren, ordea, 2016-2017ko ikasturtean ezarritako irizpideen egokitasuna berretsi zuen Solanak: «Gutxi batzuk izan dira kaltea pairatu dutenak; aldiz, irizpide berriek onura ekarri diete ikasle askori». Are gehiago: diru laguntzen irizpideak aldatzea Nafarroako Gobernuaren eskuduntza dela gogorarazi zuen kontseilariak. «Oker bat zuzendu dugu, baina horrek ez du esan nahi deialdia legez kanpokoa zenik, beka jasotzea ez baita eskatzaile guztien berezko eskubide bat».

Beken auzia baliatu du UPNk Hezkuntza Departamentuaren «jarrera sektarioa» kritikatzeko. Alberto Catalan eledunaren esanetan, gobernuak atzera egin izanak frogatu du UPNk «arrazoi» zuela, eta Opus Deiri kalte egin nahi izatea leporatu dio laukoari.

Publizitatea

Sortu kontua
Ion Orzaiz Ion Orzaiz

Publizitatea