Albistea entzun

Katalunia. Prozesu subiranista

Azken bidea hasi du Kataluniak

Aldeko 72 botorekin eta 11 abstentziorekin parlamentuak onartu du urriaren 1ean independentziarako erreferenduma egiteko legea. Auzitegi Konstituzionalak prozedura baliogabetzea aztertuko du gaur
Parlamentari independentistak <em>Els Segadors</em> ereserki nazionala kantatzen Erreferendum Legea onartu ondoren, atzo, Kataluniako Parlamentuan.
Parlamentari independentistak Els Segadors ereserki nazionala kantatzen Erreferendum Legea onartu ondoren, atzo, Kataluniako Parlamentuan. TONI ALBIR / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Rodriguez -

2017ko irailak 7

Els Segadors ereserki nazionala ozen kantatuta eta txalo artean bukatu zuten atzo parlamentari independentistek osoko bilkura. Helburua lortuta. Baiezko 72 botorekin onartu zuten urriaren 1ean independentziarako erreferenduma egiteko legea. Denborarik galdu gabe, Carles Puigdemont presidenteak gobernu osoarekin batera sinatu zuen erreferendumera deitzeko dekretua arratseko azken orduan. Sei urteren ondotik, pausoa eman dute Generalitateak eta parlamentuak, baina urriaren 1era arte gelditzen diren 24 egunetan traba anitz izanen dituzte gainditzeko, eta Espainiako eta Kataluniako historian aurrekaririk gabeko egoera bat sortu da. Lehenbiziko erreakzioei gaur bertan aurre egin beharko diete independentistek, Espainiako Auzitegi Konstituzionala elkartuko baita Espainiako Gobernuak atzo egindako eskariari buruz erabakitzeko —parlamentuaren goizeko saioan hartutako erabakiak bertan behera uzteko eskatu zion—.

11 orduren ondoren bozkatu zuten Erreferendum Legea. Aurkako botorik ez zuen jaso, eta Catalunya Si Que Es Pot koalizioko 11 kideek abstentzioa eman zuten. Ciutadanseko, PSCko eta PPko parlamentariek ganberatik alde egin zuten protesta modura, eta ez zuten botorik eman —52 parlamentari, guztira—. Bozketa egin eta berehala, Ines Arrimadas Ciutadanseko ordezkariak jakinarazi zuen Puigdemonten aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko dutela, ondoren hauteskundeetara deitzeko, nahiz eta jakin zail izanen duela hori lortzea.

Junts Pel Si eta CUP koalizio independentistek Espainiako Gobernuari eta Justiziari maniobratzeko ahalik eta tarte txikiena utzi nahi diote, eta, estrategia horri jarraiki, atzo bertan aurkeztu zuten parlamentuko mahaian Erreferendum Legea tramitatzeko eskaria. 09:00ak ziren. 10:00etan hasi zen osoko bilkura, eta goiz osoa prozeduraren inguruko eztabaidak hartu zuen.

Araudiarekin katramilatuta

Carme Forcadell parlamentuko presidenteak eguerdian baimendu zuen gai ordena aldatzeko bozketa, eta hor irudikatu zen eguneko lehenbiziko mugimendu nabarmena: Catalunya Si Que Es Poteko botoa banatu egin zen; zortzik gai ordena aldatzearen aurka bozkatu zuten, eta hiruk abstentzioa eman zuten. Erreferendum Legearen bozketan, ordea, guztiek jarrera bera hartu zuten. Gainerakoekin, ezusterik ez.

Ciutadanseko, PSCko eta PPko ordezkariek, eta Catalunya Si Que Es Poten ezezkoa eman zutenek haserre erreakzionatu zuten Forcadellen aurka, eta tentsio uneak bizi izan ziren parlamentuan. Miquel Iceta PSCko buruak iragarri zuen Auzitegi Konstituzionalari babesa eskatuko diotela, Forcadellek urratu egin dizkielakoan diputatu gisa dituzten eskubideak. PSCk eta Ciutadansek Estatutu Bermeen Kontseilura jo zuten, eta hark erantzun zuen «oinarrizko elementu bat» dela eztabaidagai ziren lege prozeduren inguruko iritzia eskatzea kontseiluari berari —kontsultarako organo bat da—.

«Batzuk hagitz haserre daude araudiaren artikulu baten interpretazioarengatik. Anitzez gauza sakonagoa ari gara eztabaidatzen: herritarrek bozkatzeko duten eskubidea», defendatu zuen Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordeak. Bazkalondoan, gobernua kontrolatzeko saioaren ondotik, taldeen emendakinekin katramilatu zen eztabaida.

Espainiako Gobernuaren erantzuna berehalakoa izan zen. Kataluniako Parlamentua lanean hasi zen ordu berean hasi zuen Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak bilera bat Idazkarien eta Idazkariordeen Batzordearekin, Katalunian pausoak eman ahala erantzunak prestatzeko. Auzitegi Konstituzionalari eskatu diote 2015etik emandako ebazpenak betearazteko. Madrilen arabera, Konstituzionalak argi utzia du erreferendum batera deitzeko ekintzak egitea legez kanpokoa dela; hortaz, Parlamentak goizean hartutako erabakien aurka egiteko Espainiako Gobernuak ez zuen beharrezko ikusi ez ohiko Ministroen Kontseilu batera deitzea, ondoren helegite bat paratzeko. Auzitegi Konstituzionala gaur goizean elkartuko da Mariano Rajoyren gobernuak atzo egindako eskaria aztertzeko.

Erreferendum Legearekin eta dekretuarekin, ordea, bertzelako pauso batzuk segitu behar ditu Madrilek: Erreferendum Legea onartu ondoren, Rajoyk Estatuko Kontseiluari txosten bat eskatu zion ekinbide horiek konstituzioarekin bateragarriak diren zehazteko; gaur eguerdirako, berriz, Ministroen Kontseilu batera deitu du, Auzitegi Konstituzionalean helegitea paratzea erabakitzeko.

Fiskaltzaren kereila

Kataluniako Fiskaltza Nagusiak ere atzo goizean bertan jakinarazi zuen kereila bat aurkeztuko zuela parlamentuko mahaiko kideen aurka, «desobedientzia eta prebarikazioa» leporatuta. Hain zuzen, Saenz de Santamariak atzo argi eta garbi adierazi zuen norantz bideratuko duten erreferendumaren aldeko ahaleginak zigortzeko lehenbiziko ekinaldia, Forcadelli zuzen-zuzenean eraso baitzion: «Bereziki [mahaiko] presidenteak daki zer bozkatu daitekeen eta zer ez. Haren agintepean demokrazia hil da». Hala ere, zehaztu zuen Erreferendum Legea eguneko gaien zerrendan sartzearen alde bozkatu zuten mahaiko gainerako kideen aurka ere joko dutela —Auzitegi Konstituzionalari eskatu diote Forcadelli eta mahaiko bortz kideri lekukotza hartzeko—. Horrez gain, Saenz de Santamariak ohartarazi zuen atzoko erabakiekin «zerikusia duten guztien» aurka joko dutela, eta Erreferendum Legearen alde bozkatzeko prest ziren diputatuei erran zien aldeko botoak «ondorio larriak» utziko dituela. Puigdemontek bazkalondoan parlamentuan hitza hartu zuenean, PPri leporatu zion «mehatxuaren erregimen bat» ezartzea Katalunian.

Forcadellek defentsarako neurriak hartu ditu, ordea. Atzo jakin zenez, Auzitegi Konstituzionaleko hamabi epaileen aurka errekusazio bat aurkeztu du, eta auzitegi horrek gaurko bilkuran aztertu beharko du, Espainiako Gobernuak atzo aurkeztu zituen ekinbideekin batera. Errekusazio horri buruz erabaki arte, Auzitegi Konstituzionalak ezin du Forcadellen aurkako neurririk hartu.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Hainbat armeniar errusiarren laguntzaz kamioi batean Karabakh Garaitik ihes egiten. / ©ROMAN ISMAYILOV / EFE

Karabakh Garaiko errepublika 2024an desegingo dela iragarri dute

Isabel Jaurena

Samvel Xahramanian presidenteak adierazi du «herritarren segurtasun fisikoa» dela lehentasuna. 65.000 armeniar inguruk utzi dute lurraldea.

Mahsa Aminiren hilketaren urteurreneko protesta bat Berlinen, hilaren 16an. ©CLEMENS BILAN / EFE

Protesten errautsak, iraultzarako ongarri

Lide Iraola

Urtebete pasatu da Mahsa Aminiren heriotzaren ondoren Iranen emakumeen askatasunaren aldeko mobilizazio jendetsuak hasi zirenetik. Errepresioak markatu zituen ondorengo hilabeteak. Ikusi beharko da aldaketarako atea zabalik gelditu ote den.

Emmanuele Macron Frantziako presidentea, Italiako presidente izandakoaren Giorgio Napolitanoren hiletan, atzo, Erroman. ©Riccardo Antimiani / EFE

Macron marra gorriak planteatzekoa da Korsikako Asanblean

Maddi Iztueta Olano

Frantziako presidentea ostiralera arte izango da Korsikan. Hitzaldi bat emango du uharteko asanblean, eta espero da mugimendu nazionalistak eskatutako autonomia legegilearen inguruan mintzatzea.

Iaroslav Hunka SSetako kide ohia hunkituta, Kanadako legebiltzarkideen txaloak jasotzen, joan zen ostiraleko saioan. ©BERRIA

Kanadako Parlamentuko buruak kargua utzi du, Ukrainako nazi bati omenaldia egin ostean

Edu Lartzanguren

SSetako Galitzia Dibisioan aritu zen 98 urteko ukrainarra, eta Ottawako parlamentura gonbidatu zuten Volodomir Zelenski Ukrainako presidentearen bisitaren harira. Txaloka hartu zuten han nazi beteranoa, eta Parlamentuko buruak «heroi» gisa aurkeztu zuen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Mikel Rodriguez

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.