andoni egana
PLAZATIK

Gogoetarako

2016ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ibili bagabiltza. Eta ez da gutxi. Gogoetarako gaia nahi duenak aski du azken egunotako BERRIAk hartu eta irakurraldi pausatu samarra ematea. Asteazkenekoan Joxean Muñozek emandako «Sortzaileak, artisauak eta industriak» hitzaldiaren laburpena zetorren Gorka Erostarberen eskutik. Ostiralekoan Mikel Lizarralderenetik Amurrion JALGI euskal kulturaren plaza ibiltariaren baitan euskal kultur sorkuntzaren transmisioa eta komunikazioaren inguruan Josu Amezaga, Leire Palacios, Estitxu Garai, Lander Garro eta Gaizka Arangurenek eskainitako mahai inguruaren berri.

Gogoeta kondentsazioz ez dakit izango den gurearen pareko kulturarik. Eta harrotzekoa ere bada. Baina horrelakoetan, irakaslearen azalpenen ostean eskolaumea ikasgelan bezalatsu, eskua altxa edo ez altxa geratzen naiz. Ez dakit ideiak ulertu ditudan edo hizkuntza den ulertu dudana. (Bidenabar kontatuta, Schopenhauerren liburu bat irakurtzea egokitu zitzaidan duela urte batzuk, arrazoia ateratzeko dauden moduei buruzkoa. Euskaraz ez zegoen eta gaztelaniaz irakurri nuen. Duda sortu zitzaidan ordea, ideiak behar bezala ulertu nituen edo-ta gaztelera zen ulertzen nuena, eta hizkuntza ulertzearekin ideiak ustez ulertuta eta zinez ulertu gabe geratu nintzen. Katalaneraz irakurri nuen orduan. Katalanerak distantzia egokia du euskal hiztunarekiko ulermenari dagokionez. Hizkuntza ulertzen da gutxi-gehiago. Eta hain zuzen «gutxi»-ren alde hori da ideia bera ulertu duzunaren bermea).

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak atera dituen gaiak atera izana bera interesgarri iruditzen zait. Ez geunden ohituak. «Garbi dago gaur egungo ekonomiak eta kapitalismo finantzieroak darabilen dinamikak eragotzi egiten duela artisau jarduera eta ez sustatu. Kontu konplexua da oso, baina sortu behar da halako harrotasun eta defentsa bat kultur artisau jardueraren inguruan». Ongi. Ados antxa. Baina eskua jasotzera ausartuko naiz. Zerk bereizten ditu artista eta artisaua, batak bere lanari buruzko azalpenean lanean baino denbora gehiago emateak? Kultur artisaua eta artisaua bereizteko prest daude erakundeen kudeatzaileak oro har? Izan ere, kultur artisaua plaza gabeziaz kexu azalduko den bitartean, egungo joera baita, adibidez edozein udalerri ertainen eskutik, urtean dozena bat azoka antolatzea, dela bertako esku langileena, produktuena, auzokoena, erdi-aroko, landare... herrigunean peri-ferian baino nahiago.

«Kultur sorkuntzak ekonomia bat ere badakar berekin; galdetu behar diogu geure buruari ea kultur sorkuntzatik bizi nahi dugun. Baina sortzen duenak, ia ezinbestean, merkatu bati egin beharko dio aurre, eta hor prestatuak egotea komeni zaigu» dio Joxean Muñozek. Amurrioko mahai inguruan ere, arlo horri eutsi zioten eta Estitxu Garai publizitate irakasleak euskal kulturak marka behar duela azaldu zuen. Marka hitzak gure artean maiz zentzu gutxieslea izan arren badituela bere alde onak ere, modu horizontalean eta herritik sortuak, integralak eta koherenteak badira. Egoera prekarioan gaudela onartu ondoren sortzaileengan jarri zuen fokua: «Mentalidade aldaketa behar da. Neketsua da sormen lana; ahalegin handia jartzen da produktuan , eta gero ez dugu baliabiderik zabaltzeko. Hasieratik pentsatu behar dugu zabalpenean».

Bat nator ideia eta norabide bertsua duten bi iritziokin ere. Eskua altxatzeko gogoari ezin eutsiko diot ordea. Inguruko kultura gehienetan bezala, euskal kulturan ere bada protagonista berri samar bat, duela gutxira arte ezezaguna eta orain izen handikoa. Prentsaurreko bat ematera zoazela? Han izango da. Eta arazoak sortuko ditu zutik jartzeko orduan. Ekitaldia eskaintzera joan zaretela?Ez dadila falta, gero ekitaldiaren unerik gorenean behea joko badu ere. Ploterra deitzen diote inbentu madarikatuari. Ez da berez gaiztoa baina sortzaileari min pittin bat ematen dio tramankuluak berak adinako edo handiagoko protagonismoa hartzeak.

Akaso, hondo hondoan datzana, Amurrion Lander Garrok botatakoa da. Aurrera egin ezinda gabiltza. Geu gara, bai, geure jardunaz aritzen garenak eta mende erdi daramagu zirkulu amaigabe batean, sortzaile eta epaile, aldi berean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.