andoni egana
PLAZATIK

Bitartean

2014ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Udazkenak malenkoniari atakak zabaltzen dizkion kontu zaharra ez da poeten asmazio soila. Hostoak orbel, argi-orduak urritzera, gin-tonic koloreko zerua sarriegitan… egonean egotera gonbidatzen gaitu inguruak. Impasse, stand-by eta gisa horretako hitzez ere izendatzen dugu egoera hizkuntza arrotzen eraginez, «egonean egon» esanda aski adieraziko ez bagenu bezala.

Sumatzekoa zen iritsiko zela, nahiz udaberrian oso bestela bizi zuen jendeak nortasunaren aldarria. Ozen mintzatu zen Gure Esku Dagoren giza katea. Bazetorren Eskoziako galdeketa. Data ipini zitzaion Kataluniakoari. Bazirudien aurten ez zela udazkenik izango. Edo udazkena udaberri irudikatzen genuen. Burutu zuten Eskoziako galdeketa. Eredugarri, miresgarri, inbidiagarri… iruditu zitzaigun. Baina ezezkoak irabazi zuen, eta eskubidea nola burutzen den ikustea aski ez genuenok, independentzia nola zertzen den ikusi gabe geratu gara. Katalunian ez daude atzera egiteko prest baina aurrera ere ez dute esandako egun eta baldintzatan egingo. Eta tamalez, lurralde hauetan ezagunegiak zaizkigun barne-borrokak hasi dira azaleratzen. Epelegi ari direla batzuk salatu dute besteek bero. Hauteskunde plebiszitarioak, udalez udal egindakoak, hautetsontzi bereziak… eurek asmatu beharko dute Madrilek hain egoskor galarazten dienari irtenbide irudimentsua eta eraginkorra nola eman. Bitartean hemen, eta hemen bezain garrantzitsua da kasu honetan bitartean, hortxe gaude egonean, udazkenari men eginez, auzokoen pozek hauspotu behar omenzituzten su berrien esperoan. Gurea noizko? Gurea nola?

Desiratzekoa litzateke Katalunian gizarteak politikariei egiten dien presioa hemen ere egitea. Herri-ekimenek ere nekea sumatzen dute ordea, politikariak hauteskunde-kalkuluen arabera jokatzen sumatzen dituztenean. Eta horrelako jarrerak behin eta berriz errepikatzen dira. Ezer galdu gabe dena irabazi nahi hori oso humanoa da nonbait. Baina garaia da gauzak ongi egiten hastekoa. Fredi Paiari irakurri nion artikulu bat, duela hilabete gutxi, independentziaranzko belaunaldi oso bat gal genezakeela zioena, hemen ezkerretik gauzak ongi eta tinko egiten ez badira Podemosen tankerako alternatibek gazte askoren buru-bihotzak harrapa zitzaketela argudiatuz. «Donostiako gazteria komunistaren baitan militatzen duten euskaldun gazte eraginkor eta aktibo horiek guretzat kezkagai bihur daitezen ordua heldu da. Egunean-egunean kentzen dizkigute katolikatasunetik eta euskal helburutik, zintzoa den jomuga bat —gizarte injustiziak sorturiko hainbat eta hainbat zapaldu eta pertsegituren defentsa— amu gisan erabilita». Itzulpena nirea da. Eta hitzak ez dira Fredi Paiarenak. Aitzolenak dira eta duela laurogei urtekoak. Beti berari bueltaka ari garela dirudi. Aitzolek gainera, ez zuen malenkoniarako tarterik ere izan. Udazken eta udaberri. Den dena lapurtu zioten Francoren tropek.

Udazkena heldu da, eta Kirmen Uriberen liburuaren izenburua Bitartean heldu eskutik ez letorke gaizki malenkoniaren, bertan triste baina bertan-goxo, tentazio horri aurre egiteko. Lea-Artibai eta Urola Kosta eskualdeetako hainbat eta hainbat kultur-eragile, sortzaile, kirolariren… izenean joan gara bost-sei lagun aste honetan ETBra eskakizun zehatza egitera. Gure eskualdeak euskararen arnasgune direnez, kamera eta mikroekin datozenean ez dezatela inor gazteleraz egitera xaxatu edo behartu. Euskaraz bizi garen tokietan ETBk horren isla erakutsi behar luke eta pertsona erreferentzialak zein herritar xeheak berezkoa duten hizkuntzan azaldu, grabazioa ETB 2rako ere badenean azpi-tituluen laguntzaz. Bestela, euskararen normalizaziorako sortu zen tresna bera, euskararen egoera desitxuratzen eta anormalizatzen ari da. Azken boladan sumatu ahal izan ditugu udaberri izpiren batzuk. Gaizka Garitano, Eibar futbol-taldeko entrenatzailea, euskaraz entzun ahal izan dugu ETB2an, azpi-tituluak jarrita. Bitarterako, egonean ez egoteko, ez dago batere gaizki. Ongi etxea. Eta bikain Gaizka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.