andoni egana
PLAZATIK

Kontraesanak

2017ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Guztiok ditugu kontraesanak». Aspalditxoan entzuten den esaldia da, nork geure burua zuritzeko makulu ezin hobea. Zalantzak, okerrak, bihurrikeriak, jokamolde ez egokiak... denetik sartzen dugu kontraesanen zakuan, eta oinarri-oinarrizko umiltasun keinu horrek askotan salbatzen gaitu, itxuraz behintzat. «Seguru samar nago nik kontraesanik ez dudala» esango balu norbaitek, begiratu zakarra egingo genioke. Baduela onartzen duenaz gehiago fio gara ez duela aitortzen duenaz baino.

Ez da harritzekoa kontraesanen esamoldea purian jarri izana. Albisteei begiratu bat bota besterik ez dago. Kontraesanak bistarazten dizkigute egunkarien titularrek: «AHTaren 11 tuneletan larrialdi irteerak egingo ditu Adifek, lehen beharrezko jo ez arren». Europako legeek hala agintzen zuten nonbait baina Espainiako legedi zaharrak ez. Lehen ez, orain bai. Gastua gastuari. Obrak obraren gainean, topikoek diotenez, jubilatuen paradisu. Zuloari zuloa. Premiazkoa ez zenean beharrean. Kontraesan hutsa. Kontraesan bete-betea.

Egunkari bat hartu eta ezker-eskuin ikusi ahal izango dugu zenbaterainoko kontraesanean bizi garen. Ezkerreko orrialdean igual etorriko da turismoaren inguruko albiste bat, «ateak ireki», «besoak zabaldu», «eskaintza erakargarri», «Belle Époque-tik gaurdaino izan den garairik onena» eta gisako esamoldez osatua. Begirada oso gutxi mugiturik «Belle Époque» eta «errefusa» kontzeptuak, biak, harrapatu daitezke. Eskuineko orrialdean ikusiko baita zabor-bilketan ari den kamioi bat hondakin guztiak —beira salbu nahas-mahasean jasotzen. Eta kontraesana kontraesanari, Mankomunitatean eta Udalean babestuko da enpresa; Mankomunitatean Udala; Udalean Mankomunitatea. Eta guztiek izango dute herritarren balizko axolarik eza aitzakia ezin hobea. Ez gara geuk sortzen dugunaz arduratzeko gauza eta gai garajende gehiago erakarri nahi izateko.

Begirada ezker-eskuin mugitzea aski da hezkuntza proiektu berritzaile bat abian jarri dela irakurri ezker aldean irakasle eta ikasleena ez ezik guraso eta ingurune hurbileko jendearen partehartzea sustatzen duena eta eskuin aldean LOMCEren aurkakoak zirelako EAEko Auzitegi Nagusiak euskal curriculumetik hiru artikulu bertan behera uztea erabaki duela irakurtzeko.

San Joan suak nola ez piztu aholkatuko digute ezkerreko orrialdean. Eta jakinean jarriko gaituzte lehorteak erabat gorritu dituela eta sute arriskua handia dela inguruko mendietan. Baina eskuineko orrialdean datorren berria joan zen astelehenean Oiartzunen gertatuari buruzkoa da. Eta sute hark mendiarekin baino itsasoarekin zuen zerikusia, surf-taulen enpresa bat kixkali baitzen. «Aisiarterako enpresa» bera ere kontraesan gorentzat hartua izango zen duela zenbait urte. Kontraesan bati, edo bat baino gehiagori, heltzen dio Gorka Knorrek ere BERRIAn egin dioten elkarrizketan: «Gure Esku Dago eta halako ekimenak sustatu behar dira. Bestela, beste prozesu politiko bat gehiago izango da soilik. Egia da, hala ere, galdeketak bide bat direla, baina arrakasta izan dezaten, alderdi politikoek sostengatu behar dituzte, eta hori ere falta da Euskal Herrian. Jeltzaleek galdeketen korneta jo izan balute, partaidetzan nabarituko litzateke. EAJko lagun asko ditut, eta maiz esan diet: zirt edo zart. Nik testuinguru hau ez dut ulertzen eta PSE-EErekin gobernatzeak ez du zentzurik. Izan ere, alderdi sozialistak emaitzarik okerrenak atera dituen hauteskundeetan erakunde guztietan dago presente. Nola da posible? Ez dauka zentzurik».

Norbaitek esan dezake hemen behintzat begiak ez direla ezker-eskuin zorabiatzen, bi orrialdeak harrapatzen baititu oso-osorik elkarrizketak. Bihurriagoren batek erantzungo lioke ez dela orrialde kontua, ezker-eskuin kontua dela eta ez ahazteko «guztiok ditugula gure kontraesanak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.