andoni egana
PLAZATIK

Hotzak

2017ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Konforme. Egin egin du. Luzaroan gainera. Hotza. Baina hedabideen eraginez seguraski —minutuak eta minutuak eskaintzen baitizkiete eguraldiari, eginari eta datorrenari— gure bizitzaren gune bihurtzen da askotan hotz-beroa eta euri-ateria. Badakigu zehatz-mehatz non zenbateko hotza egin duen, noiz datorren elurra, noiz euritea... Eta partekatu egiten dugu informazioa ingurukoekin. Igogailuan zeresanik ezean ateratako izkin-hizpidea baino askoz kontu serioagoa bilakatu da eguraldia. Naturarengandik urrunen bizi garenean dugu mintzagaien naturaren alderdi hori.

Garai batean, ama batek baino gehiagok egingo zuen errieta—gureak egiten zigun— ume barrabasok etxean argi gehiegi uzten genuelako itzaltzeko alferrez: «Zer uste duzue zuek, Iberdueroko akzionistak garela?», zen haserreari atxikitzen zion esamoldea, eta nago, gurean bezala beste etxe askotan entzuten zirela hitz horiek duela berrogei urte. Urteak etorri ziren gero, IBERrek DUERO ibaia galdu eta beste atzizki bat hartzeko baliatu zituenak, non gure gurasoen kezka hark gailendua zirudien. Azken urteotan, ordea, krisiari krisi deitzen hasi ginenetik, kale-etxean bizi denak ere hotzaren iritsierari izua dio. Badaki ilun-orduak asko direla eta argia beharko duela; badaki zenbat eta etxe kaxkarragoa izan orduan eta berogailu ordu gehiago beharko dituela gelak goxatze aldera; eta badaki argindarra asko garestitu dela azken hamar urtean eta batik bat azken hilabeteotan.

Ostiraleko BERRIAko Xabier Martinen erreportajea gai honi buruz irakurri izan dudan osoenetarikoa da. Aipatzen zuen Murphyren legea bete dela beste behin ere: asterik hotzenean egokitu dela argindarraren preziorik garestiena. «Energia konpainiekin lotutako kontuetan, ordea, zortea hutsaren hurrengoa ohi da», ematen zuen epaia. Xehetasunak xehetasun eta datuak datu, borobil esanda, Iberdrolak, Endesak eta Gas Naturalek sekulako diru-sarrerak izango dituzte eta kontsumitzaileak kopetilun gaude. Espainian bezero bakoitzak urtean ehun euro gehiago ordainduko dugu. Politikariak erabakiak hartu ezinik eta hartu nahi-eztaren muga horretan, —ate birakariak hor daudenik ezin ahaztuko dute badaezpada— handizkako merkatuek eta konpainia handiek nahi dutena egiten dute. Prezioak manipulatzeagatik Iberdrola eta Endesa behin baino gehiagotan zigortu dituztela aipatzen zen Xabier Martinen erreportajean, baina milioi euro askotako isunak apaldu egin dituztela gero epaitegiek. Gutxien behar dutenei gehien lagundu! Laguntzaz ari garenez, bonu sozial bat ere onartu duen dekretua abian jarri du Espainiako Gobernuak. Onuradunak izan daitezke kide guztiak langabezian dituzten familiak, familia ugariak, gutxieneko pentsioa jasotzen duten 60 urtetik gorakoak... Ongi. Baina jakin dezatela pobreziaren mugatik oso hurbil dabilen gero eta herritar gehiago direla argindarretan aurreztearren sekulakoak eta bi egiten dituztenak. Gazteleraz, casa-k ez duen esanahia du hogar hitzak. Itzulpen bat zela eta hogar-i parekoa aurkitzen hasi nintzelarik ez nuen subazter baino egokiagorik aurkitu. Egungo ongizatearengizarte honek ez du halako izenik merezi etxe guztieksubazter izateko aukerarik ez badute.

Bada ordea euskarazko beste hitz bat, hotzarekin zerikusi zuzen-zuzena duena, beti iruditu izan zaidana xarmanta: sumina. Inguruko hizkuntzetan nola adierazten den ere ez dakit, baina guretzat da hatz, behatz, sudur-puntta edo belarrietako hotz jasangaitz hori. Luzaroan bazabiltza eguraldi txarraren menpe gorputz-atal batzuetan sentitzen duzuna hotzaz gaindiko mina da. Badu sumina-k, ordea, alderdi bat ona. Izaten da une bat, minari sua gailentzen zaiona edo, berotzen hastean, sekulako plazera sentitzen duzuna. Ez nuke jakingo ze plazer mota den definitzen. Litekeena da mina ezagutu eta ondorengo ezaren plazera soilik izatea. Ez da gutxi. Hobe luke gure gizarteak ere, jasaten ari den hotza jasan eta gero, horrelako unerik ezagutzeko aukerarik balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.