PLAZATIK

Maiatzeko egunak

Andoni Egaña -

2016ko maiatzak 8

Beti izan haiz berri. Joan den astean albiste ere bihurtu haute. Mendeari laurdena soilik zor, bake apurren bat nahi huen, segur aski, eta plazako bertsogintza uztera hindoala lau haizeetara zabaltzea erabaki huen, bai eta ez eta ez eta bai ibiltzeak zenbat trastorno ekar zitzakeen jakinean. Jakin bazekiagu ez duala omenaldi eta itxura horretakorik deus nahi, baina miresmena nekez duk mutua, eta onartuko ahal dizkidak lerro hauek heure onetik gehiegi atera gabe!

Kartzelatik bueltan erabaki omen huen: «Nik bertsolari izan nahi dut». Nik bezala beste askok, baina neurea kontatuko diat nik, lehen ere hainbat aldiz jendaurrean aitortua: «Bertsolari izan nahi dut nik», pentsatu nian estreinakoz hire 1980ko txapelketa entzun ostean. Ez nikek asmatuko arrazoiak xehatzen. Akaso parean egokitu hituen hire beharra eta nire premia.

Ez dituk, ordea, beti bat etortzen norbere egoeraren pertzepzioa eta kanpokoen begirada. Bertsogintzan eredu bihurtu hintzen guretzat. Hire bertsoen edukiak, doinuak, errimak, neurri askotarikoak... Hire iruditeria heure-heurea... lehenik ikasten eta gero geureganatzen saiatu gintuan. Jainko laiko moduko bat hintzen, alegia. Eta hi bitartean, guk sumatu ere egiten ez genuela, hire purgatorioa ari hintzen igarotzen. Berriak beti sortzen ditik erresistentziak eta zenbaitek dudan jarri zian hire bertsolaritasuna bera ere. Inor ez huen ausartzen «txarra dek» esatera, nola ba!, ona hintzela hain begibistakoa zenean. Sailetik kanpokotzat jotzea samurragoa huen nonbait. Enaz banaz irakur dezala gomendatuko niokek edonori. Bere garaian malkoren batek egin zian irrist nire masailean. Bakartzen ikasi huen, lanerako, Seminarioan eta kartzelan. Barkatzen ere ikasi huela esango nikek, ez baitiat higan sekula hartutako minaren fakturarik pasatzeko asmo txikienik ere sumatu. Kobratzen haiz txarra nonbait.

Hitz egin izan dugun azken aldietan bertsogintza urrun samar sentitzen duala kontatu didak. Literaturari hagoela emana. Ongi zagok. Ahalmena duenak egin zezakek aukera. Gainera, adin-modu bakoitzak errazten-zailtzen dizkik egon-ibiliak. Pare bat konturen jiran, ordea, ez natorrek guztiz bat hire egungo usteekin. Batetik, iruditzen zaidak gutxietsi egiten duala bertso-eskolen sorreran eta gero sorrera horrek bertsolaritzan eta bertsogintzan izandako eragina neurtzean, hire itzalaren handia. Esaten duk bazela kultur mugimendu egituratu bat, bazela ordurako antolaturiko talde mordoxka herrietan, bazirela... Bahituen, bai. Eta egiaren aitorpena zor zaiek. Liluratu eta hauspotu ordea, hik egin gintuan, antolatzaileak antolakuntza lanetan segi zezaten eta bertsolari ez ginenak bertsolari izaten saia gintezen. Hik bazitekeela esan huen, eta egun bertsolari gaituk etxetik tradizio horren jabe ez ginen euskaldun zaharrak, euskaldun berriak, emakumeak... Bestetik, hire bat bateko obra aipatzean muzindu egiten duk sudurra. Bat-batekoa ez duk obratzat hartzekoa hire iritziz. Deitu «obra» edo deitu hik nahi duan bezala, baina plazaz plazako hire lanak ere utzi dik arrastoa, golde-hortzak soroan nola. Versus hitzak berak golde arrasto horretan dik jatorria.

Idia plantatu egin zaigu, nekatua, ilunabarrak eta ortzimugak bat egiten duten horretan. Idatziz isuriko du aurrerantzean sormena. Niri, Gaztela aldeko esaera bat datorkit gogora: «Madarikatuak maiatzeko egunak! Hain dira laburrak!». Ba omen ziren maitemindu bi maiatzeko egun batez lehen aldiz sorora lanera elkarrekin joanak. Goizean goizetik ilundu zuen arte aritu omen ziren elkarren ondoan lanean. Eta iluna iristearekin etxera itzuli behar izan zutenean bota omen zuen batek maiatzeko egunak madarikatuz, esaldia. Egun-argiak luzatzera jotzen duelarik ere maiteminduari labur gertatzen zaiola azaltzeko erabiltzen da. Halatsu gertatu zaigu guri ere, Xabierren ondoan bertsominduoi, maiatzeko egun batez bukatu den urte askotako bidaia hau: laburra.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiari 1813an su eman ziotela oroitzeko Dora Salazarrek egindako eskultura, maskara jantzita ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

COVID-19aren uste ustelak

Mikel P. Ansa

COVID-19aren pandemia ukatzen duten joera batzuek indarra hartu dute uda honetan. Haiek zabaldutako uste batzuk zeinen okerrak diren azaldu dute Miren Basaras eta Guillermo Quindos mikrobiologoek artikulu sorta honetan.

Ikasle batzuk, ikasgelan, ikasturteko lehen egunean egindako argazki batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Eskola orduak: eztabaida zaharberritua

Mikel O. Iribar

Ordutegi jarraituaren aldeko plataforma bat sortu dute: institutuetatik kanpo ere jartzea nahi dute. Nafarroan hala ari dira, baina Jaurlaritzak ez du onartu. EHIGEk uste du eztabaida pedagogikoa behar dela.

COVID-19a atzemateko test bat, Donostian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Beste 612 positibo atzeman dituzte Hegoaldeko azken zenbaketetan

Uxue Rey Gorraiz

Hiru pertsona hil dira birusaren ondorioz Hego Euskal Herrian, Nafarroan hirurak. 510 lagun daude ospitaleratuta; horietatik 84, ZIUetan

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna