andoni egana
PLAZATIK

Ikurrina

2014ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Mutil koxkor nintzela, orain berrogeitaka urte, veintedeseptiembre ospatzen zen, ospatzen zuten batzuek, Zarautzen. Nazionalek herria hartu zuteneko eguna. Gogoan daukat bandera espainolak jartzen zituztela batzuek, ez gutxi-gutxik ere, balkoi eta leihoetan. Eta xexenak izaten zirela Munoan... Souvenir dendatako banderilla hori-gorriak ere gogoan ditut. Bistan zeuden, eta begietatik sartzen ziren.

Ikurrina, berriz, orduan, ezkutuko zerbait zen. Ikustezina. Nik neuk etxean deskubritu nuen kutxa batean ezkutatutakoa, armairu baten gainera bihurrikerietara igo nintzen batean. Gogoan dut guraso eta aitona-amonen aurpegieraren luzea eta azalpenen laburra aurkitu berri nuen altxor ezkutua eskuetan hartu eta sukaldera azaldu nintzenean. Ez zen berez ikurrin bat. Plastiko zaratatsu batean bildutako banderín bat zen, arrasozko tela ordurako horaildu batean ikurrin bat eta letra batzuk dotore brodatuak zituena. Gerora jakin nuen Behobia-Donostia lasterkaldian Zarauzko Batzokiaren izenean parte hartu zutenei emana zela. Errepublika garaikoa zen, nonbait. Orduan erreleboka jokatzen zen korrika-saio entzutetsua, eta amonaren anaia bat partaide izan zen taldean. Gerrarako lekukoa hartu zuen gero, eta handik hilobirakoa.

Nerabezaroan, gure adinekook nerabezarorik izan badugu, ikurrina askatasun nahiaren ikur bihurtu zen. Ez zen artean ikusgarri, baina eginahalak egiten ziren mendi kaxkoren batean, Elizaren bateko kanpandorrean edo besterik ez bazen Ernioko iraileko igandeetako zinten aukeraketan, zuria, gorria eta berdea falta ez zitezen. Legeztatzea etorri zen gero. Eta ikurrina ikusezin izatetik ikusgarri izatera pasa. Ikusgarriegi akaso. Auzo-herrien akats bera eginez, nortasuna hondartzako toallatan, metxeroetan, txaparroetan, autoaren kristaletan, paparrean... eramatera iritsi ginen, itzal behar zuena hutsal bihurtuz. Urte askoan derrigor ezkutuan gordearazitakoa libre uztean sorturiko eztanda handia izatea ulertzekoa da bestalde.

Derrigor hitza aipatu dut. Euskaraz, oso geure egina daukagun hitza da derrigor. Baina ez genuke ahaztu behar gaztelerazkode rigor-retik datorrela. Itsusia da, ez da bidezkoa, inork inor, inon eta inoiz, derrigortzea, behartzea. Irailaren hogeia argitsu iristen da orain urtero, ez zorionez veintedeseptiembrearre hura. Baina bada herrian, Udaletxean, bandera espainol bat zintzilikatua. Derrigor. De rigor.

Eta zer garen erabaki ezin dugun bezala (derrigortzea posible baita), zer sentitzen garen edo zer izan nahi genukeen derrigortzea ezinezkoa da. Nortasunak ez luke agiririk behar, baina izatekotan behar luke ahalik eta egiazkoena.

Gaur, nortasun horren adierazgarri, ikurrin handi hau jarri dugu herriko plazan, Udaletxearen pare-parean. Zenbaitek esan dezake handiegia dela, erraldoia, hain zuzen ere txikitasuna balio handitzat dugun herritarrontzat. Izan ere, bandera lixtuaren antzekoa baita: besterenak, bistan eta handi batik bat, ozkia eman diezaguke, baina geureak gauzak hobeto irensteko balioko digu. Gainera, banderek, gure ikurrinak ere bai noski, handi edo txiki, haizea eta lurra behar dituzte zerbait izango badira. Haizea, haizerik ez dabilenean trapu soil baitira banderak. Eta lurra, haizearen baitan aske dabilen ikur horren azpian herritar bakar bat ere arrotz senti ez dadin. Pasieran ibili nahi dugu banderen pean, eta ez desfilatzen. Alegia, beti hobetsiko dut Behobia-Donostia lasterkaldira naraman ikurrina, xexenketetara eta souvenir dendatako banderilletara naraman banderaren ondoan.

Izan dadila gaur jarri dugun ikurrin hau askatasun haizeak beti jotzen duena. Eta izan dadila abaro, itzal, gaurko eta biharko herritarrentzat.

*Atzo Zarautzen egindako irakurraldiaren testua ekarri dut orriotara. Herri askotan ari dira ikurrin handiak ipintzen, eta gogoetak haietako herritarrentzatere balioko duelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.