DENA ETA EZTENA

Hipster zu, hipster ni (I)

Gorka Erostarbe -

2014ko urriak 26
Kultura gustuak besteengandik bereizteko ez ezik, gainetik jartzeko ere baliatzea, distintzioaren loriaz indibidualismoa goratzea... egia potolo batzuk jaurtitzen ditu Victor Lenore kazetari espainiarrak Indies, hipsters y gafapastas liburuan. Egia horiek are egiazkoagoak bilakatu zaizkit, neure ingurumarian soilik ez, neure baitan ere zenbait jarrera antzeman ditudanean —ez zuten alferrik ondu eusnob terminoa autoironia zirikatzailez Beñat Sarasolak eta Mursegok—, nahiz eta aberkoikeriak jota beti dugun tentazioa guk egiten dugunak balio humanistagoak ere badituela azpimarratzeko.

Liburuko kritikaren funtsa da hipster-ek eta haren ahaideek errebeldiaren itxurapean kapitalismo garaikideak ezarritako balioak bere egin eta transmititzen dituztela. Nekez jar niezaioke aitzakiarik tesi horri. Baina indargunea duen leku berean du gabezia ere. Hots, bereziki deigarria eta, are, umiliagarria izan daiteke (eta da) itxura baten gerizpean justu bestelako joera duen giza tribuaren botere hartzeaz jabetzea, bai, baina eta izendapen horretan sartzen ez den kultura kontsumitzaile gehiengoa ez al da kapitalismo garaikidearen atzaparretan eroria?

Hipster-a baino zaharragoa (Homo sapiens garaikoa gutxienik) baita bartza bestearen begian bai eta zorriak norberenean ez ikusteko ohitura. Guztiok dakusagu egun hipster-a bestearen bizar, betaurreko edo soinean. Baina gakoa ez dago, nik uste, gustuen bereizketan, gustu horien kontsumoaren nolakotasunean baizik. Salbuespenak badiren arren, orokortua da egun kultura eta kontsumoa, kultura eta merkatua bikote banaezin balira bezala tratatzea; produktuek eta ni isolatuek aspaldi hartu baitzioten gaina kulturaren esperientzia kolektiboari, ni eta zu-ez gu-a eraikitzen deneko esperientziari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: