DENA ETA EZTENA
Lokatzetan trabatuta
Mendira joatea, hori ere bai, ekintza artistiko bilakatu dute arte garaikidearen fededunek. LaPublika proiektuarena izan da ideia. Consonni arte ekoiztetxeak zuzenduta, eta Donostia 2016, Tabakalera eta EHUko Arte Ederren fakultatearekin elkarlanean, artearen bidez espazio publikoak sortzea du helburu, Maria Mur Consonniko zuzendariak aurkezpenean jakinarazi zuenez:«Espazio horietan zer gertatzen den pentsatzea, eta pribatuaren eta publikoaren arteko mugez gogoeta egitea du asmo».
Joan den igandean egin zuten lehen jarduera, proiektu osoaren «asmo-adierazpena» dena: mendi irteera Besaidera, eta «performancea eta esku hartze artistikoa Gerard Ortinen eskutik». Artista horren Trabeska izeneko proiektuak «transect» eredua du oinarri. Zera proposatzen du, LaPublikakoen arabera: «Bezatu gabeko espazioa ikertzea, bidetik kanpo, landarez bete-bete egindako eremuetan barrena ibiltzea. (...). Esku hartutako espazioan sartuta, horretan barrena ibiltzea jabetze-ekintza da».
Txangoaren aurretik, jakin beharrekoak ere iragarri zituzten: «Mendiko zapatak eraman, landaredi trinko, sasi eta lokatz artean ibiltzeko». Ño! Ez ote dago arte garaikidea bera lokatzetan trabatuta... Artearen bidez espazio publikoak sortzea asmo ekimenak, eta mendi irteerarako deialdia mugatua: bi talde, hamabost lagunekoak gehienez. Ba ote du arte garaikideak herritarrengana heltzeko benetako interesa?
Aipatutako erakundeen laguntzaz gain, Bizkaiko Foru Aldundiarena ere jasotzen du. Halere, sartu LaPublikaren webgunean: euskaraz hitz bat bera ere ez; dena gazteleraz eta ingelesez, noski.
Mugez gogoeta egitea du asmo LaPublikak, baina ekintza soilak direnak diskurtsoaren hitz hanpatuekin betez, arte garaikidea ez ote dabil lokazten eta bere potentzialitatea mugatzen?
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.