Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Elkartasunez betetako jaiak

Publizitatea

Bizigiro

Altsasuko festak

Elkartasunez betetako jaiak

Gaurtik igandera arte ospatuko dituzte Altsasuko festak. Ekintza mordoa eskainiko dute udalak eta txosnek, eta jaia aldarrikapenarekin gurutzatuko da.
Gaur hasiko dira Altsasuko jaiak, eta adin guztientzako egitaraua prestatu dute.
Argazkia: JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

2017-09-13 / Ane Eslava

Gaur hasiko dira jaiak Altsasun (Nafarroa). Naiara Diez saskibaloi jokalari altsasuarra aukeratu dute suziriaren metxa pizteko, emakume kirolariei ikusgaitasuna emateko helburuarekin. Gernika saskibaloi taldeko kapitaina da Diez —Lehen Mailan dago taldea—. Aurten, PSNren udal taldeak erabaki behar zuen nork botako duen suziria, eta haren alde egin du.

Egitarau zabala prestatu dute datozen bost egunetarako, bai Altsasuko Udalak, bai herri mugimenduko eragileek: ikuskizunak, kontzertuak, bazkariak, tailerrak eta kalejirak egingo dituzte, besteak beste. Festa giroa, ordea, abuztuaren 28tik nabaritzen da, orduan hasi baitziren jai aurreko egunak ospatzen Altsasun. Beste gauza batzuen artean, garagardo festa, kartel eta erakuslehio lehiaketak, zirku ikuskizuna eta xake txapelketa izan dituzte.

Festa bereziak izango dira aurtengoak, urriaren 15ean urtea beteko baita, ferietan, taberna batean izandako istiluarengatik hamaika gazte auzipetu eta horietako hiru espetxeratu zituztenetik. Altsasukoak Aske plataformak hainbat ekintza antolatu ditu jai egunetarako, «gazteei elkartasuna helarazteko eta preso daudenen askatasuna eskatzeko».

Lehenengo deialdia gaur izango da. Tximeleta taldearen kontzertuan herritar guztiek Aurrera Altsasu abestia elkarrekin abestuko dute. Peñen jaitsieraren ostean, 21:15ean, hizkien kopiak banatuko dituzte Foruen enparantzan.

Kanta iragan ostegunean zabaldu zuten auzipetuen gurasoek sare sozialen bitartez, eta, dagoeneko, 84.500 ikustaldi baino gehiago izan ditu. Hizkiak Jon Maiarenak dira, eta musika Pello Reparazena. Hainbat artistak hartu du parte, horien artean Julio Soto eta Miren Amuriza bertsolariak, Ken Zazpiko Eñaut Elorrieta, Enrique Villarreal Drogas eta Zea Mayseko Aiora Renteria.

Bihar, Altsasuko Peñek egunero egiten duten jaitsiera Altsasukoak aske leloarekin girotuko dute. Ibilbidea Zumalakarregi plazan hasi, eta Foruen plazan amaituko da.

Ekintza nagusia larunbatekoa izango da: Iortia Kultur Gunearen aurrean kontzentrazioa egingodute, 18:00etan. Ostiral guztietan 20:00etan egiten dituzten elkarretaratzeen jarraipena izango da, eta udan Euskal Herriko hirietan egin dituzten protestak borobiltzeko balioko du. Egun berean, manifestaziora deitu dute herri mugimenduko eragileek, 19:30ean, Errepresioaren aurrean herri erantzuna. Adur, Jokin eta Oihan askatu lelopean.

Altsasuko Gurasoak taldeak deialdi guztiak babestu dituela eta herriko bizilagunen eta kolektiboen laguntza «zabala» izan dela azpimarratu dute Altsasukoak Aske elkartasun plataformako kideek. «Jai giroan aldarrikapena egitea» izango da ekintzen helburua.

Alkatea, herritarrez «harro»

Aurreko larunbatean, Fermin Muguruzak elkartasun kontzertua eskaini zuen Altsasun. Black is Beltza bere disko berria aurkeztu zuen Chalart 58 eta Matah artistekin batera. Altsasuko Gurasoek antolatu zuten, eta Iortia kultur gunea elkartasuna adierazi nahi zuen jendez bete zen.

Javier Ollo Altsasuko alkateak ere aipamen berezia egin dio auzipetuen gaiari eta festen egitarauaren agurrean tokia eskaini dio afera horri.

Iazko jaietatik «gauza gehiegi» gertatu direla adierazi du, baina herritarrek horien aurrean azaldu duten heldutasuna azpimarratu du: «Altsasuko alkatea izateaz harro egoteko moduko arrazoi bat da».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak