Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Berdintasuna erdigunean

Publizitatea

Bizigiro

Antsoaingo festak

Berdintasuna erdigunean

Gaurtik igandera arte ospatuko dituzte jaiak Antsoainen. Eraso sexisten aurka jarriko dituzte indar guztiak aurten, eta «datorrenari aurre egiteko prest» daudela ziurtatu dute.
Egunero aterako da erraldoien eta buruhandien konpartsa Antsoaingo jaietan.
Argazkia: IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-09-14 / Anne Eslava

Gaur hasiko dira Antsoaingo jaiak (Nafarroa). Gazte-Berriak Kirol eta Kultura Patronatuaren ordezkari Francisco Robles Salguero El Tío-k piztuko du suziria. Jaietarako egitarau zabala antolatu dute udalak eta txosnek: Floor in Flame, Antsoaingo Rockanrola, kontzertuak eta kalderete lehiaketa, besteak beste. Aurten berdintasunaren alde jarriko dituzte indar guztiak, iragan asteburuan Antsoainen ospatu zuten Arrikurock jaialdian bi emakumek eraso sexistak pairatu zituztela salatu zutelako.

Astelehenean elkarretaratzea egin zuten Antsoainen, erasoak gaitzesteko. «Indarkeria sexista arbuiatzea, horren aurka erantzutea eta gizarte eredu berri bat eraikitzea herritar guztien erantzukizuna da», adierazi zuten. Erasoen aurka pasibotasuna eta konplizitatea baztertu eta indarkeria amaitzeko sare bat sortzeko deia egin zuten.

Udalak eta herri eragileek Prebentzio eta Arretarako Tokiko Protokoloa sortu dute jaietarako, elkarlanean. Hain zuzen ere, protokolo hori aplikatu zuten asteburuan, erasoak gertatu zirenean.

Udalak, herritarrek eta kolektiboek emandako erantzuna goraipatu du Maite Diez Antsoaingo Udaleko kultur zinegotziak: «Pozik gaude, protokoloak funtzionatu duelako, Arrikurockeko arduradunek eta eraso sexisten aurkako taldeko gazteek urrats guztiak egin zituztelako, eta, jaietan zerbait gertatuz gero, pauso horiek emango ditugu». Herriak «oso ongi» erantzun duela eta etorkizunean ere hala izango dela adierazi du: «Herritarrak, kolektiboak eta udala jaietarako prest gaude». Herriak emandako erantzunarekin «pozik» daudela jakinarazi du Alba Cobo Antsoaingo Talde Feministako kideak, baina prentsan «datu gehiegi» zabaldu izana gaitzetsi du.

Berdintasuna bultzatzeko, Antsoaingo Emakumeen Topaketa egingo dute jaietan. Herriko 400 emakume elkartuko dira igandean, eta antzerki ikuskizun bat eskainiko diete. «Jaietan emakumearen ikusgaitasuna bultzatzea, erantzukidetasuna lantzea eta herriko emakumeak elkartzeko espazio feminista bat sortzea dira topaketaren helburuak», azaldu du Diezek. «Ahaldunduta eta saretuta gaudela erakutsiko dugu», gaineratu du Cobok.

Jaiei begira, lanketa berezia egin du Talde Feministak. Gora Iruñeko protokoloa erabiliko dute, eta udalarekin harremanean egongo dira. Protokoloa herrian zabaldu dute, baita itsasgarriak eta zapiak ere. Jaietan jarriko den musika berrikusi dute, hitz matxistak dituzten kantak baztertzeko. Larunbatean, informazio gune bat jarriko dute txosnetan, eta hitzaldiak eta autodefentsa tailerrak eskaini dituzte. Jaiei begira «indartsu» daudela ziurtatu du Cobok, baina «bide luze bat» geratzen zaiela. «Musika taldeetan parekidetasuna falta da, eta gauean oraindik ez gaude seguru. Jaiak eta gauak gureak direla aldarrikatzen jarraituko dugu».

Plan gehiago

Beste zenbait kanpaina bultzatu dute udalak eta herri mugimenduko eragileek. Jai guneetan euskararen erabilera bultzatzeko Nirekin euskaraz, nahi baduzu kanpaina egin dute. Drogen kontsumoari buruzko sentsibilizazio eta prebentzio plana ere egin dute.

Kartelak jarri dituzte, eta kontsumo arduratsurako jarraibideak ematen dituzten eskuorriak banatu. Hegoak elkartea informazioa eskaintzen eta analisiak egiten arituko da txosnetan. Gainera, Toki Agenda 21 garapen plan iraunkorrak hondakinak murrizteko eta birziklatzeko kanpaina egin du, eta udalak kontsumo arduratsurako deia egin du.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak