Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Hizkuntza txikiak, sarean handi

Publizitatea

Bizigiro

Hizkuntza txikiak, sarean handi

Edukia garatzea eta hizkuntza nabarmentzea da euskarak, katalanak, galizierak, okzitanierak, aragoierak eta galesak sarean duten erronka nagusia. Hiztun gehiago duten hizkuntzen mehatxua duten arren, komunitateek egindako lanari esker, ona da sarean duten presentzia.

2015-01-09 / Lohizune Amatria

Mugarik okerrena edo aukerarik onena. Bietako bat izan daiteke Internet hizkuntzentzat. Eta hizkuntza gutxituek izango dute eraginik handiena. Unescok adierazi duenez, mendea amaitu aurretik 6.000 hizkuntza galduko dira. Baina informazio eta komunikazio teknologietan lekua aurkitzea izan daiteke irtenbideetako bat. Eta badira lortzen ari direnak. Erabiltzaileen lanari esker, euskara, katalana, galiziera, aragoiera, galesa eta okzitaniera gehien erabiltzen diren hizkuntzen artean daude, eta soilik hizkuntzen %5 erabiltzen dira Interneten. Egitekoak, baina, asko dira.

EUSKARA

Ontzia betetzeko gida

Gero eta garrantzi handiago du sareak. Herritarren egunerokoaren parte bihurtu da, eta baita euskararen parte ere. Ez da aukerakoa, Mondragon Unibertsitateko informazio teknologien aholkulari Maite Goñiren iritziz. «Euskarak irautea nahi badugu, Interneten egotea ezinbestekoa da». Erabiltzaileek egunero egin beharreko esfortzua da, haren esanetan. Baina baita administrazioak egin beharreko lana ere.

Euskara sarean osasuntsu dagoela erakusten dute datuek. Nabigazio hizkuntzen artean 44.a da, eta Wikipedian artikulu gehien duten hizkuntzen zerrendan 34. tokia du. Datu pozgarriak dira, Maite Goñiren iritziz. «Ondo dago euskara sarean; garaiz heldu zitzaiolako gaiari, komunitate ekimentsua dagoelako horren atzetik, eta erakundeek ere heldu diotelako erronkari».

Twitterreko datuak biltzen ditu Codesyntax enpresak, eta euskaraz txiokatzen duten 5.000 erabiltzaile jarraitzen dituzte Umap-en bidez. «Berez gehiago dira Twitterren euskaraz ari direnak. 6.000 edo 7.000 seguru asko», azaldu du Codesyntax enpresako ingeniari Josu Azpillagak. Haren iritziz, aktiboa da euskara Interneten. Baina, bereziki, Twitterren. Aztertzen dituzten txioen %50 egiten dira euskaraz egunean; ia 7.000. «Hizkuntza txikia da, eta hizkuntza handiak ditu inguruan. Baina Twitterren badira erabiltzaile oso aktiboak euskaraz; komunitate bizi bat sortu da». Erabiltzaile kopuruak kontuan hartuz, txikia da komunitatea. «Baina oso ekimentsua eta bizia da, erabakiak azkar hartzen dituena», dio Goñik.

Egun, 35 hizkuntzatan erabil daiteke Twitter; eta hizkuntzetako bat euskara izatea oso garrantzitsua da Azpillagaren iritziz. Hala ere, haren ustez, edukiak garrantzi handiagoa du: «Indarra edukian jarri behar dugu; ontzia edukiz bete behar dugu». Hori lortzeko gida faltan du; eta gogoeta behar dela dio. Bat egin du Goñik ere, eta hiru ardatz nagusi azpimarratu ditu hizkuntzak sarean aurrera egiteko: edukia, tresnak eta erabiltzaileak. Laugarren ardatz bat ere aipatu du: ikusgarritasuna. Eta horretara bideratutako .eus domeinua goraipatu dute biek. Azpillagaren arabera,«euskarazko edukiari matrikula bat jarri dio. Existitzen den errealitate bat azaleratu egiten du».

ARAGOIERA

Erabileran erronka

Oso hiztun gutxi ditu aragoierak: hamar mila. Eta egoera ez da onena: «Belaunaldien arteko transmisioa falta da, eskoletan presentzia gutxi du, eta administrazioaren babes urria». Juan Pablo Martinez-Cortes Zaragozako Unibertsitateko telekomunikazio ingeniaritzako doktorearen hitzak dira. Biquipedia atariko editorea da. Egun, ehun hizkuntza erabilienen artean dago aragoiera. «Posizioa bera ez da garrantzitsuena, baina komunitate txiki batek egindako lanaren zabalera ulertzen laguntzen du», dio. «Garrantzitsuena da aragoiera hitz egiten dutenek 300.000 artikulu baino gehiago dituen sareko entziklopedia bat dutela eskura».

Galtzeko arrisku larrian dago aragoiera; hala ere, hiztun komunitate berriak sortu dira sarean. «Banatutako hiztun komunitateak», Martinez-Cortesen esanetan. Garrantzitsuak dira, haren ustez: «Masa kritiko bat ahalbidetzen du sareak; eta hiztun berrien edo aragoiera ama hizkuntza duten hiztunen arteko harremana ahalbidetzen du, gainera». Hiru onura nagusi eragin dizkio Internetek aragoierari, Martinez-Cortesen ustez: normalizazioa, kontzientziazioa eta autoestimua.

Softaragones elkarteko kolaboratzaile da Martinez-Cortes. Boluntarioki softwarea itzultzen dute bertan; Firefox, Skype eta Telegram, esaterako. Sakelako gailuak bereganatzea izango da hurrengo pausoa. Baina Martinez-Cortesek argi du zein duten erronkarik nagusiena: «Gehiago erabiltzeak eragingo luke eduki gehiago egotea eta ikusgarritasuna handitzea».

KATALANA

Eskaintza eta eskaria

Katalana da sei hizkuntzen artean Wikipedian artikulu gehien duen hizkuntza. 17. postua du. Egoera ona da, eta, Santi Ribera Punt CAT fundazioko buruak azaldu duenez, sareko erabilera ere halakoa da. «Baina asko dago egiteko», aitortu du. Katalanaren normalizaziorako lan egiten du Punt CAT fundazioak. Riberaren ustez, mundu digitala hil aedola biziko kontua delako katalanarentzat: «Hizkuntza batek, bizirik mantentzeko, aktiboa izan behar du alor guztietan, eta nagusietako bat digitala da». Horretarako, .cat domeinua sortu zuten orain bederatzi urte. Katalanari nazioarteko identitate digitala eman dio domeinuak, Riberaren ustez. Gaur egun, Katalunian erregistratutako domeinuen %12 dira .cat.

Katalanezko edukien eskaintza eta eskaria sustatuz garatu nahi du Punt CAT fundazioak hizkuntzaren normalizazioa. Gurpil zoro bat da, Riberaren iritziz: «Hizkuntzaren eskaria badago, eskaintza egongo da; eta eskaintza badago, eskaria egongo da». Egun, bi ekinbide dituzte martxan: Navega en català eta LinkedInCatalà. Eskaria handitzeko asmoa du lehenengoak: «Erabiltzaileei eskatzen diegu nabigatzaileetan katalana jartzeko lehenetsitako hizkuntza gisa». Eskaintza sustatu nahi dute, berriz, LinkedInCatalà sinadura bilketaren bidez.

GALESA

Ingelesaren mehatxua

«Galesez nabigatzea errealitate bat da». Hala dio South Wales Unibertsitateko Informatika eta Hizkuntza Gutxituen Taldeko buru Daniel Cunliffek. Ia denetarik egin daiteke galesez sarean. Hala ere, mehatxu handia du hizkuntzak ondoan: «Ingelesaren nagusitasuna etengabeko mehatxua da galesaren erabilerarako». Hala erakusten du berriki Mentrau Iaith Cymru hizkuntza sustatzeko elkarteak argitaratutako The Welsh Language and Social Networks txostenak: ingelesera jotzen dute erabiltzaile gales gehienek.

Wikipedian ere igarri du Cunliffek eragina. «Galesezko artikulu gutxiago daude, eta ingelesezko bertsioak baino laburragoak izan ohi dira. Etxeko lanak egiteko orduan, zergatik irakurriko du ikasle batek galesez dagoen artikulua ingelesez dagoena erabilgarriagoa bada?», galdetzen dio bere buruari. Mehatxua betiko izango ote den zalantza ere badu. Azaldu duenez, oso kaltegarria litzateke sarean ez egotea: «Hizkuntzaren modernitatea erakusteko aukera ematen du sareak. Baita gales hiztunek beren hizkuntza erabili ahal izateko esparru berri bat ere». Aurten, gainera, .cymru eta .wales domeinuak jarriko dituzte martxan. Hainbat iturritako galesezko edukietara sartzeko lekuak eskaintzea da, Cunliffen ustez, beharrezkoena. Edukien ikusgarritasuna da irauteko gakoa.

GALIZIERA

Lehenesteko premia

Era natural eta espontaneoan iritsi da galiziera sarera. «Berria da hori guretzat», aitortu du hizkuntzalari Xose Manuel Perez Sardiñak. Hiru milioi hiztun ditu galizierak, eta hiztunentzat sorpresa atsegina izan da: Wikipedian gehien kontsultatzen diren hizkuntzen artean 47.a da galiziera. Sardiñak azaldu duenez, teknologia berrietan hizkuntza funtzionala bihurtu da galiziera: «Sarean aisialdirako, lanerako eta komunikaziorako hizkuntza izateak ezagutarazteko eta erreproduzitzeko aukera eman dio galizierari».

Software librean lortu zuten lehenik galiziera barneratzea. «Webguneen itzulpena korporazio handien menpe dagoenean, berriz, zaildu egiten da egitekoa», dio Sardiñak. Hala ere, egun, sare sozial eta programa gehienak aurki daitezke galizieraz. Erronka nagusia, baina, nabigatzaileetan galiziera lehentasun hizkuntza izateko eskaria areagotzea da: «Erabiltzaileak nabigatzailea galizieraz jartzeko esfortzua egin behar du». Aktiboak dira galiziarrak sarean, baina komunitate kulturalaren kohesioa falta dela dio Sardiñak. Eta .gal sortu dute horretarako. «Interneteko auzo galiziarra da. Arrakasta handiz ematen ari da ezagutzera, eta hurrengo urteotan komunitatearen katalizatzaile nagusia izango da».

OKZITANIERA

Pixkanaka tokia egiten

Okzitanierak Interneten duen presentzia txikia dela uste du Benaset Dazeas-ek, Lo Congres Permanent de la Lenga Occitanako zuzendariak. «Oso urrun gaude euskaratik edo katalanetik, baina, hizkuntzaren egoera kontuan hartuta, ez dago gaizki». Hala ere, pixkanaka ari dira aurrera egiten, eta hainbat tresna sortu dituzte azken urteetan; hiztegiak, besteak beste. Dirua eta borondate politikoa falta dela uste du, ordea, Dazeasek.

Etorkizunean Interneten geroz eta toki handiagoa izateko, Elhuyar fundazioarekin ikerketa bat abiatu dute, egoera aztertzeko eta aurrera egiteko bide orria zehazteko. Bost urterako proiektua aurkeztu zuten azaroan. Falta dituzten hizkuntza tresnak sortzea da helburua: hiztegiak, corpusak, itzultzaile automatikoak, ahots ezagutzaileak...

Sarean tokia egiteko okzitanieraren abantaila bat aipatu du Dazeasek: katalanetik oso hurbil dagoen hizkuntza da okzitaniera. Eta katalanak toki handia du egun Interneten. «Katalana-okzitaniera itzultzaile automatikoari esker, gauza asko itzul dezakegu, eta, hala, okzitanierazko edukiak handitu». Adibidez, Kataluniako Wikipedia oso garatua dagoenez, okzitanierazkoa erraz garatu ahal izango dutela uste du.

Erabiltzaileei dagokienez, Interneten dabiltzan okzitaniarrak batez ere Facebooken aritzen direla dio Dazeasek, eta gutxiago Twitterren. Hala ere, komunitate aktiboa dela uste du, eta azken bi urteetan erabiltzaileak gehitu egin dira.

Interneti alde ona eta txarra ikusten dizkio Dazeasek. «Okzitaniera eta halako hizkuntzentzat arriskutsua izan daiteke sarea, diglosia larria dutelako, eta hizkuntza gehiago gutxitzeko izan daiteke». Hala ere, onartzen du, aldi berean, teknologiak aukera ematen duela baliabideak sortzeko eta euren hizkuntza munduan zabaltzeko.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak