Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua «Poliziek eta trafikatzaileek merkantzia balira bezala darabiltzate etorkinak»

Publizitatea

Mundua

Andres Conde. Save The Childreneko zuzendaria Espainian

«Poliziek eta trafikatzaileek merkantzia balira bezala darabiltzate etorkinak»

Turkiaren eta Europako Batasunaren akordioaren urteurrena bete da, eta Condek hura jo du EBren immigrazio politikaren abiapuntutzat, ordutik katean joan baitira nazioarteko legediaren urratzeak; errefuxiatuen egoera «gizagabea» salatu du.
Argazkia: SAVE THE CHILDREN
Save The Children erakundeak behar gorria duten umeekin egiten du lan 120 herrialdetan, jaioterrietan nahiz halabeharrezko bizitokietan. Andres Condek (Madril, 1967) munduan ezartzen dituzten hainbat programaren ardura du, eta Espainiako zuzendari ere bada. Bulegoko lanaz gain, etorkinek duten egoera bertatik bertara ezagutzea egokitzen zaio, programak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen. Turkiak eta Europako Batasunak atzoko egunarekin duela urtebete sinatu zuten akordioaren ondorioei buruzko txostena atera berri du erakundeak, eta Serbiak Hungariarekin duen mugan ere egon berri da Conde, Europara sartu nahi dutenen egoeraren berri izaten. Europako atarietan «izugarrikeriak» ikusi ditu, eta kezkatuta dago, «injustizia inoiz baino instituzionalizatuago eta normalizatuago» dagoelako, bereziki.

Turkiak eta EBk hitzarmena sinatu zutenetik urtebetera, gobernuz kanpoko hainbat erakundek salatu berri duzue Greziako uharteetan daudenen egoera «larri» areagotu dela.

Akordioaren eraginak sekulakoak izaten ari dira. Milaka familia eta ume zentro itxietan bizitzera behartu dituzte Greziako uharteetan, asilo eskaera onartu edo ez erabaki bitartean, zain, pilatuta, bizi baldintza lazgarrietan, jakin gabe beren etorkizuna Europan izango den edo Turkiara kanporatuko dituzten, eta, bien bitartean, gehiago ari dira iristen. Buruko gaixotasunak areagotu dira, zer esanik ez umeen artean. Adingabeek txandak egiten dituzte lotarakoan, bizirik irauteko. Helduak bezala tratatzen dituzte; depresioa dute, antsietatea, estresa. Infernua deitzen diete zentroei. Europako Batasunaren estrategia berriaren abiapuntua izan zen hitzarmena; alegia, giza erantzukizuna atzerriko herriengan uzten hasi zen, bere mugetatik kanpo ateratzen, nahiz eta ez dauden giza eskubideak bermatuta, eta Grezian eta Balkanetan egoera larritu du.

Migrazio mugimenduak beste bide batzuetara bideratu ditu.

Noski, errefuxiatuek atzean uzten dutena askoz larriagoa baita hesi, Polizia eta deportazio guztiak baino. Turkiarekin egindako akordioak lortu du errefuxiatuen ibilbidea askoz arriskutsuagoa izatea, eta askoz garestiagoa. Trafikatzaileen esku daude orain.

Serbian ere immigranteak pilatuta eta egoera larrian daude. Europarekin muga egiten duen hainbat lekutan izan zinen joan den astean. Zer ikusi duzu?

Mugak oso arriskutsuak bilakatu dira, baina errefuxiatuen iritsiera ez da gelditu. Etorkinen iraganari buruzko istorioak entzuten dituzunean konturatzen zara ihesa ez dela amaituko. Hungariako egoera oso kezkagarria da. Poliziaren eta militarren indarkeria jasaten dute immigranteek, unean bertan eta taldean kanporatzen dituzte, eta hara iritsi aurretiko bidaia osoa trafikatzaileen esku dago. Poliziek eta trafikatzaileek merkantzia izango balira bezala tratatzen dituzte. Bulgariako mugan ere, poliziez gain, herritarren miliziak daude, Errefuxiatuen Ehiztariak deitzen diete, eta zakurrekin ibiltzen dira haien atzetik. Immigrante askok animalien koskak dauzkate, eta ezin ahaztu dituzten oroitzapenen zauriak.

Bakarrik datoz ume asko, eta salatu duzue ez dutela babesik.

Arazo larria da. Serbian, adibidez, ume asko daude, eta helduak bezala tratatzen dituzte, nerabeak direlako, 11-16 urtekoak, eta babes berezia behar dute. Batzuek bidaia 9 urterekin hasi zuten, Afganistandik atera ziren, Iraketik, Siriatik... Askotan, familiak finantzatzen du bidaia. Daukaten apurra saltzen dute, lur zati txiki bat, etxea edo negozioa, seme-alabetako baten bidaia finantzatzeko. Miliziek, talibanek edo Estatu Islamikoak errekruta ez ditzaten egiten dute, indarkeriatik libratzeko, eta arriskuan jartzen dituzte: bidean umeok indarkeria, sexu edo lan esplotazioa eta tratu txarrak pairatzen dituzte, eta, gainera, umeok sekulako ardura sentitzen dute beren gain, lur jota daude, uste dutelako senideen etorkizuna beren esku dutela, beren familien esperantza baitira, Europara iristen direnean baliabideak bidaltzen has daitezkeela pentsatzen dutelako, edo familia erbestean elkartzeko prozesua hasiko dutela.

EB ez da iritsi bere herrialdeetan errefuxiatuak hartzeko jarri zituen kuoten %10era ere.

Irailean iraungiko da epea. Oraindik ez da epea bete, eta, beraz, ezin da oraingoz azalpenik eskatu, baina garrantzitsua da ulertzea egunak aurrera joan ahala txartuz doala gure herrietara ekartzeko konpromisoa hartu dugun pertsona horien egoera. Errefuxiatuen zentroetan dauden bitartean, umeek ez dute eskolarik, bizi baldintzak izugarriak dira, eta atzerapen horrek ondorioak dauzka pertsonen osasun fisiko eta mentalean. Eta batez ere umeengan. Horietako batzuk bi urte daramatzate Europan, prestatuta ez dauden zentroetan.

Eta ez badute betetzen hitzartutakoa, ezer gertatuko al da?

Kezka handia dago. Entzuten hasi gara agian ez dela beteko, eta litekeena da ezer ez gertatzea. Oso larria da: pertsonengan eragin izugarria duen konpromisoa ez betetzea litzateke. Indiferentziaren eta errespeturik ezaren instituzionalizazioa da. Baina horren ordaina etorriko da. Historiak gogoratuko du Europaren zitalkeria indarkeriatik ihesi joan direnekin.

EBren nortasun krisiaren beste sintoma bat al da immigrazio politika?

Dudarik gabe. Bere printzipioak ahaztu zaizkio. Europako instituzioak nazioarteko akordioak urratzen ari dira; urteak behar izan dira akordio horiek egiteko. Kroaziako eta Hungariako mugetan ikusten dugu egunero EBri zentzua eman zioten printzipioen urraketa, bere jendarme direnen esku utzita, edo Libiaren eta Turkiaren esku uztean haien zoria, jakinda ez direla giza eskubideak errespetatuko. Batetik, normaltasun instituzionalarekin egiten du, eta, bestetik, herritarren konplizitatearekin, gertatzen uzten baitugu. Saharaz hegoaldeko herritarren testigantza izugarriak ere iristen ari zaizkigu Libiatik, eta handik Europara iristean. Gobernatzeko ezintasuna duen gobernu ahularekin egin dute akordioa immigranteak Europara etor ez daitezen, mafien eta milizien esku utzita. Europari ez dio axola bere mugaz kanpo gertatzen denak; etxean ez daukana existituko ez balitz bezala da berarentzat.

Beldurraren mezua ere zabaldu du EBk, eta ikusten ari da eskuin muturra elikatzen ari dela.

Langabeziarekin oso kezkatuta eta oso beldurtua dago EB, ongizate gizartea galduko duelakoan. Politikariek, propio, terrorismoaren beldurra zabaldu dute, errefuxiatuak kriminalizatzeko. Etsai potentzialtzat aurkezten dituzte. Hori arduragabekeria izugarriarekin egin da, baina emaitzak ekartzen ari da, indar politikoa ematen ari direlako bazterrean zeuden mugimendu ultrei, baina damutuko zaie, EBren egitura arriskuan jartzen ari baitira.

Zuretzat, ba al du zentzurik errefuxiatu ekonomiko eta politikoen arteko bereizketak?

Batzuk eta besteak egoera jasanezinetik ihes egiten duten pertsonak dira. Batzuek babes handiagoa dute, arrazoia da muturreko indarkeria pairatzen dutela, baina goseagatik hiltzeko arriskua dutenen egoera ez al da muturrekoa? Oso zaila da horientzat ere, ez dutelako aukerarik bizitzan. Garapenerako kooperazioa bultzatzen hasi behar da serioski, inork ez duelako herria uzten nahi duelako. Ez da inoren ametsa Europara etortzea. Errefuxiatu guztien istorioak beren familia, komunitate eta bizi ohiturei buruz dira, zenbat gustatzen zitzaien beren herria, beren ingurua.

Europan ere baduzue erronkarik, krisiaz gero are gehiago.

Pobrezia areagotu da, bai, eta asko. Pobreziaren kopuruak larriak dira Espainia, Italia, Grezia eta ekialdeko herrialdeetan. Umeen pobrezia ez da ikusten gainera. Gaurko ume pobreak ez dira garai bateko ume zikin eta zarpailak, baina oraingo pobrea da jan ezin duena, liburuak, betaurrekoak erosi ezin dituena, edo hortzak konpondu. Etxean tenperatura onartezinetan bizi dena argia ordaindu ezin duelako. Beste lehentasun bat da umeen indarkeriaren kontrako borroka, oso larria baita.

Eta Euskal Herrian?

Euskal gizarteak aukera dauka umeen pobrezia amaitzeko. Ez du kopuru handia, baina, herri industrializatua izanik, eta instituzio sendoak, ez da onargarria umeen pobrezia egotea. Umeen kontrako indarkeria ere ez da tasarik handiena: euskal gizarteak sentsibilitate berezia du indarkeriarekin, agerikoa denez, eta hori baliatu beharko luke umeen kontrako indarkerian erreferente izateko Europan. Errefuxiatuen gaian ere, aurrerako urratsak egin ditu, eta uste dut horretan ere erreferente bilaka daitekeela. Jendeak Euskal Herrian antolatzeko ohitura handiagoa du, beste leku askotan baino, eta baita nazioarteko gaiekiko sentsibilitate eta elkartasun berezia ere Europa gainbeheran dagoenean.

Gobernuz kanpoko erakundeek maiz estatuek egiten ez dutena egiten dute. Eraginkorra al da?

Egoera kaotikoa da, baina ezin dugu ahaztu gobernuz kanpoko erakundeek emaitza oso onak izan dituztela. Egia da gobernu askoz konprometituagoak behar ditugula; neurri handi batean, gertatzen denaren erantzule dira, gainera, baina ezinbestekoa da gobernuz kanpoko erakundeen laguntza. Gurea eta halako erakunde batentzat adierazlerik onena saihets daitezkeen arrazoiengatik hiltzen diren 5 urtez azpiko umeen kopurua da; txerto batengatik, ez dutelako elikagai egokirik edo urik. Azken hogei urtean erdira gutxitu da. Hogei urtean lortu dugu umeen erdiak ez hiltzea; eskolatzea ere izugarria izan da.

Erakundeotara dirua ez dela iristen ere salatu izan dute. Haiti da, besteak beste, kasuetako bat. Zer diozu horri buruz?

Ez dela egia. Arlo guztietan bezala, gurean ere egongo dira ustelkeria kasuak, baina bakanak dira. Egon dira gobernuak gobernuz kanpoko erakundeez baliatu direnak, baina esango nuke diruaren %99 iristen dela, eta oso garrantzitsua da jendearen ekarpena. Erakunde askotan egon naiz lanean, eta gardentasuna ikusi dut denetan.

EBk Trumpez hitz egiten duenean, zer pentsatzen duzu?

Hungariak bi hesi dauzkala, Espainiak beste bat, eta unean bertan kanporatzen dituztela, legea urratuz eta erreparorik gabe. Hemen badugu zer begiratu, kanpokoaz salatzen duguna egiten baitugu barruan.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Informazio osagarria

Publizitatea