UPNren X. Kongresua. Jose Javier Esparza

AURREKOEN ITZALA ALBORA UTZITA

Iragan hurbileko zatiketak eta liskarrak atzean utzi nahi ditu UPNk Iruñeko Baluarte jauregian gaur egingo duen kongresuan. Bestelako oposiziorik gabe, militanteek Jose Javier Esparza hautatuko dute gaur alderdiko presidente, eta iaz galdutako boterea berreskuratzea izango du helburu bakar.
- / EZEZAGUNA

Joxerra Senar -

2016ko apirilak 24
Benetako ordua iritsi zaio Jose Javier Esparzari. Agoitz futbol taldeko atezain eta kapitain ohiak maiz futbolarekin alderatu ohi du politika, eta, haren ibilbide berriaren inguruan paralelismo antzekoa egin liteke. Sasoi erdian fitxatu berri den entrenatzaileen moduan, orain arte aurrekoek prestatutako alderdia kudeatzea egokitu zaio; gaurtik aurrera, berriz, Sanzen eta, batez ere, Barcinaren itzala albo batera utzita, haren gain eroriko da UPNren proiektua eraberritu, norabide bat eman eta oposizioa egiteko ardura.

Azken hilabeteetan jada harena zen alderdiaren lema, baina gaur UPNk egingo duen X. Kongresuan haren lidergoa eszenifikatuko da. Haren hautagaitza bakarrarekin, batasuna irudikatu nahi du UPNk, eta iragan hurbileko barne zatiketak estali. Alderdi barruko sektoreen arteko talkak ez dira desagertu, baina, Barcinaren izarra itzalita, azkenaldian Esparzaren inguruan egin dute dantza sektoreek. Gaur, Barcinaren aroa behin betiko itxiko du UPNk, eta Esparzarena hasi.

Abantaila handi batekin ekingo dio garai berri horri Esparzak. Iazko foru eta udal hauteskundeetan Nafarroako Gobernua eta lurraldeko udal nagusietako alkatetzak galdu arren, nolabaiteko lasaitasuna berreskuratu du alderdiak. Galdutako boterea berreskuratzea du iparrorratz nagusi eta ia bakar, eta helburu horrek berak bigarren mailako bihurtzen ditu batzuen eta besteen arteko tirabirak. Premia politiko horrek kohesioa eman dio UPNri, eta egonkortasun horren gainean eratu dezake bere proiektu eraberritua Esparzak.

Sakoneko arazoak, ordea, ez dira desagertu. UPN ez da alderdi erregionalista huts bat, eta, horregatik, boterea galtzearekin batera ez da desegin. Nabarrismoak badu oinarri ideologiko bat, eta haren bi ardatz nagusiak foru erregimenaren defentsa hertsia eta proiektu abertzalearekiko aurkakotasun sutsua dira. Esentzia hori ez da inoiz desagertuko, eta horixe bera berretsiko dute gaur. Haatik, gaur egungo Nafarroan, edozein proiektuk, UPNrena barne, aliantzak bilatu behar ditu aurrera egiteko, baina taktikoki UPNk zailtasunak ditu: PPrekin ez zaio aski, eta, PSNrekin betiko binomioa osatzeak aukerarik eraginkorrena badirudi ere, etorkizunera begira arazoak eman ditzake formula horrek.

UPN barruan kontziente dira arazo horri buruz, eta, horregatik, gaurko kongresuan hainbat arlotan mezu moderatuago bat emateko beharra adieraziko dute: euskararen gaian, adibidez. Haatik, orain arteko oposizioak erakutsi duen legez, neurritasunetik gutxi du UPNren diskurtsoak, are gutxiago euskararen gaian. Denborak erakutsiko du bere inertziari jarraituko ote dion ustez diskurtso eraberritua hutsalduz ala pixkanaka zentrorantz zuzentzen duen alderdia Esparzak.

Konbultsioz konbultsio

Oraingo egonkortasunak bermea ematen dio Esparzari, baina epe ertainera urak berriro nahastu daitezke baldin eta helburu nagusia betetzeko gai ez bada Esparza. Boterea galtze hutsak ez du alderdi barruan ezegonkortasuna handitu eta ez ditu zatiketak areagotu, baina horrek ez du esan nahi barne krisia konpondu denik ere. Gehienez, atzeratu egin da. Denbora irabaztea bai, hori lortu du Esparzak. Izan ere, konbultsioz konbultsio ibili da azken lau urteetan UPN, eta, barne egongaiztasun horrek Barcinarekin erlazio zuzena izan badu ere, alderdiaren arazoak ez dira aurreko presidentearen jokamoldean hasi eta bukatzen.

Atzera begiratu besterik ez dago jabetzeko barne krisian murgilduta egon dela UPN. Duela hiru urte egindako kongresuan, ekaitz politikoaren begian zegoen alderdia. Murrizketek, parlamentuko gutxiengoak eta Nafarroako Kutxako dieten eskandaluak setiatuta zuten Barcina, erreakzionatzeko gaitasunik gabe. Horregatik, alderdiari beste norabide bat emateko asmoz, Alberto Catalan aurkeztu zen lidergorako Barcinarekin lehiatzeko asmoz. Une hartan, Miguel Sanzek eskuak garbitu zituen, eta ez zuen espresuki bere herrikide eta laguna babestu. Damutuko zen gerora.

Kongresu hark alderdiaren zatiketa islatu zuen. Catalanen hautapenak gobernua kolokan jarriko zuelakoan, Barcinaren etsipenaz kutsatuta, militanteen %51k nahiago izan zuen bere alde egin. Epemozkeriak aje ugari utzi ohi ditu, eta, garaipen hark Barcinari arnasa eman bazion ere, UPNren patua bere figurara lotu zuen erabat. Emaitza estua izanagatik, Barcinak eta haren taldeak kontrolatzen zituzten alderdiko barne organoak: zuzendaritza eta kontseilu politikoa. Gainerakoei lotura hori behin betiko etetea baino ez zitzaien geratzen.

2014ko abuztu amaieran, Barcinak hauteskundeei begira presidentegai izateko urratsa egin zuen. «Zuek konfiantza ematen badidazue, nirekin kontatu Nafarroako etorkizuna irabazteko», iragarri zuen, pozarren, Barcinak. Haren alboan ziren Alberto Catalan eta Jose Javier Esparza, garai hartako Tokiko Administrazioko kontseilaria. Gizartean haren izena aski ezaguna ez bazen ere, etorkizunera begira Barcinaren lekukoa hartzeko hautagaien zerrendan agertzen zen jada. «Zalantzarik gabe, egon daitekeen hautagairik hoberena da», esan zuen une hartan Esparzak Barcinari buruz.

Une hartan nekez imajina zezakeen inork lehenik UPNko hautagai eta ondoren presidente izatera helduko zela Esparza. Ez dago batere argi zer funtzio jokatu zuen Barcina azpiratzeko mugimenduetan, baina Troiako zaldiaren tankera hartzen du haren jokaerak. Hark aipatu izan du militanteen eskaerei erantzuteko eman zuela pausoa. Konspirazioa egon edo ez, 2014ko udazkenean bidea libre zuen Barcinak hauteskundeetara berriro aurkezteko, baina lehen arazoak azaleratu zitzaizkion. Batetik, begi bistakoa zen haren higadura politikoa. Bigarrenik, Diario Navarra-k leporatu zion oker estrategikoa egin zuela eta, Sanzek harekin egin ez bezala, ez zuela bere erreleboa ziurtatu. Hirugarrenik, PSNk ohartarazi zuen ez zutela ezer jakin nahi Barcinarekin «ez orain, ez etorkizunean ere».

Zuhaitza astintzea Sanzi egokitu zitzaion. 2013an ez bezala, ez zen albora begira jarri. Volkswagenen BEZaren gatazkaren harira, estatuari epel erantzutea egotzi zion. Atzean, beste kexu politiko bat zuen gordea: «UPNk itunak egiteko hautagai anbiziotsu bat izatea nahi nuke». Hots, gobernua berresteko aukera izateko PSN behar zuten heinean, Barcinarekin jai zuen UPNk.

Azaroaren 11n, Barcinak, azkenik, hautagaitza atzera bota zuen. Arrazoi pertsonalak aipatu zituen, baina gertaeren sekuentziak erakusten du mugimendu politikoek kendu zutela Barcina hauteskundeen lasterketatik. Haatik, UPNren kontseilu politikoak Barcinaren eta bere gertuko taldearen eskuetan jarraitzen zuenez, hark amore emateak ez zuen esan nahi harekin amaitzea lortu zenik.

Esparzaren abilezia

Abila izan zen egungo UPNko presidentea. Beste inork baino lehen, alderdi barruan jakin gabe, jendaurrean jakinarazi zuen hautagaitza. Barcinaren inguruneak Enrique Maia Iruñeko alkate ohia nahiago zuen, baina hark uko egin, eta Esparzaren pausoak bide hori itxi zion erabat. Autonomia aldarrikatu zuen hasieratik, eta sektore bateko zein besteko ordezkari gisa aurkeztu gabe, batzuen eta besteen babesa jaso zuen, Barcinarena berarena barne.

Damutu zen, ordea. Iazko martxoan, parlamenturako zerrenda osatzeko kontrola bere eskuetan izaki, zerrenda horren barruan egoteko asmoa azaldu zuen Barcinak. Hori ikusita, Troiako zaldia aktibatu zen. Eskuak lotzen zizkiolakoan, Esparzak hordagoa bota zion, eta bere asmoetan atzera egin ezean bere hautagaitza erretiratuko zuela mehatxu egin zuen. 24 ordu soilik iraun zuen demak. Bere hautagaiak botatako erronkaren aurrean indargabe, beste behin atzera egin zuen Barcinak. Halaxe desaktibatu zuen UPNk 2013ko Kongresuan Barcinak lortutako barne botere guztia.

Esparzak albo kalte batzuk ordaindu behar izan zituen: Barcinak Iñigo Alli zerrendatik kanpo uztea exijitu zuen —hauteskunde orokorretan UPN-PPren zerrendaburu izango zen—, eta Juan Luis Sanchez Muniain, Sergio Sayas eta Luis Zarraluki zerrendan sartu zituen. Barcinak beste mendeku garratzago bat ordainarazi zien Esparzari eta UPNri abuztuan. Kongresura itxaron gabe dimisioa eman zuen.

Bere ordurik txarrenean zegoen ordurako Esparza. Zerrendan Barcinaren itzal luzea gainetik astintzea lortu arren, UPNren eta PSNren botoek ez zuten 26 zenbatzen, eta maiatzaren 24ko hauteskundeetako porrotak kolokan jarri zuen lidergoa. Alderdi barruan askok zalantza zuten pertsonarik egokiena ote zen etorkizunerako. Gainera, ekainean, legebiltzarkide batzuek blokeatu egin zuten Esparza parlamentuko eledun hautatzea.

Haatik, ataka hartatik atera zen Esparza. Barcinaren dimisioak behin-behinean gaurko kongresura bitarte UPNko presidentea izendatzeko lasterketa abiarazi zuen, eta irailaren 27an egindako batzarrean aise gailendu zitzaion Amelia Salanuevari eta Maria Kutzi. Emaitzak alderdi barruko sektoreei argi erakutsi zien bera dela etorkizuneko gidaria. Gaurko kongresuak behin betiko zigilua emango dio lidergo horri.

Miguel Sanzen eta Yolanda Barcinaren aroa amaiturik, bataren eta bestearen oinordekoen leialtasunak lausotu egin dira. Parlamentuan Esparzarengana hurreratu direnen artean daude Juan Luis Sanchez de Muniain, Sergio Sayas eta Maribel Garcia Malo. Beste aldean, Amelia Salanuevak eta Alberto Catalanek pauso bat atzera egitea erabaki dute. Beste izen esanguratsuen artean, Carlos Garcia Adanerok alderdi barruko tirabira guztietatik onik ateratzen jakin du, eta, haren eskarmentuaz baliatu nahirik, Esparza bera da parlamentuan harengana gerturatzen dena aholku eske.

Zuzendaritza berriari begira, Barcinaren garaiko idazkari nagusi Oscar Arizkuren izango da lehendakariorde berria. Aurpegi berria Yolanda Ibañez Milagroko alkate eta idazkari nagusia da. Beste izenen artean, Enrique Maia, Garcia Malo, Raquel Garbayo eta aurreko bi presidente ohiak daude —Sanz eta Barcina—. Aurpegi berri eta zaharren edo sektoreen arteko oreka gorde nahi izan du. Haatik, irudi eraberritu batekin ez da nahiko. Onerako zein txarrerako, egiaren ordua heldu zaio Esparzari, eta Barcinaren garaiko sakoneko arazo berak ditu aurrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna