Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

ESTATALIZAZIOAREN AMILDEGIA

Euskal itunak estatalizatzen ari direla berretsi dute LHKren datuek, eta garbi utzi ELAren eta LABen salaketak baduela oinarria. Hitzarmenen auziak euskal ekonomiaren ereduari kalte egin diezaioke, langileen baldintzak okertzearekin batera. Jaurlaritzak ere kezka azaldu du Urkulluren bidez.
Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2016ko ekainak 19

Legegintzaldiaren amaieran zirkulua itxi eta negoziazio kolektiboaren atalean abiapuntura itzuliko lukeen adierazpen deigarriak egin ditu Iñigo Urkulluk. «Hemen negoziatutako lan hitzarmenak» berreskuratu behar direla esan zien aurreko astean Eusko Jaurlaritzako lehendakariak SEAko enpresariburuei, eta «gure lan harremanen normalizazioan aurrerapausoak» eman behar direla. 2013ko uztailaren 7an sektore arteko akordio bat lortu nahi izan zuen sindikatuen eta Adegi, Cebek eta SEA patronalen artean; PPren lan erreformak aurrean eraman behar zituen 300.000 langileren lan hitzarmenak salbatzeko azken saio etsia zen hura. Alferrik izan zen. Patronalak entzungor egin zion Ajuria Eneara iritsi berria zen lehendakariari, eta garbi utzi Madrildik iritsitako tresna ahaltsua ongi baliatuko zuela aurrerantzean. Bai eta baliatu ere.

Lubakietatik gatazka judizialetara eraman duen bide malkartsuak sektoreko euskal itunen estatalizaziora iritsi da azkenean. Gero eta euskal langile gehiagoren baldintzak Madrilen negoziatzen ari direla, datu hotzen egia bihurtu da, sindikatuen salaketatik harago. Ez dago beste alde batera begiratzerik Lan Harremanen Kontseiluaren kopuru argigarrien aurrean. Auzi horrek, beharginen lan baldintzak okertu ez ezik, euskal ekonomiaren martxa oztopatu dezakeela ohartarazten ari dira eragile asko, eta agian, horregatik eman du abisu orain Urkulluk, edo, agian legegintzaldiarenak aurki egingo duelako.

Debaluazio mingarria

Batera edo bestera, euskal langileek erosteko ahalmena galdu dutela islatzen dute datuek. Bost urtez jarraian gertatu da hori 2015. urtera arte. Zerbitzuen atalean, adibidez, soldaten zenbateko nominala igo beharrean, %0,5 jaitsi da 2010. eta 2015. urteen artean. Nahiko onartua dago debaluazio baten eskutik iritsi dela urteotan enpresen lehiakortasunaren zati handi bat, eta, harekin batera, esportazioen handitzea. Debaluazio hori azkartzeko eta burutzeko funtsezko aldagai bihurtzen ari da estatalizazioa.

Negoziazio kolektiboa erabat blokeatua dago patronalak, kasu gehienetan, ez diolako PPk Espainian izan zuen gehiengo absolutuak erditutako tresnari uko egin, eta ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikala ez dagoelako prest desoreka horretan jarduteko. Berritzen diren itun bakanak enpresa hitzarmenak dira, eta sektoreko gehien-gehienak Madrilen egiten dira, CEOE patronalak eta CCOO-UGT sindikatuek adostuta.

Erlojuaren kontra ari da euskal esparrua. Gero eta sektore gehiago Espainian egindako akordioen menpe geratzen ari dira, eta Euskal Herrian sinatzen direnak baino lan baldintza okerragoak jasotzen dituzte haiek. Soldata txikiagoek erosteko ahalmena galtzea dakarte, eta hark barne kontsumoan modu negatiboan eragitea. Beraz, bi ondorio aurreikusten dituzte adituek egoera hori dela eta: lehena da euskal eragileak ez beste batzuk ari direla erabakitzen euskal lan harremanen bidez zer orekak lortu beharko liratekeen langile eta enpresarien artean. Bigarrena da horren ondotik gertatzen ari den debaluazioak euskal ekonomiari eragiten ari zaiola, esportazioen atalean irabazitakoa barne kontsumoan gal daitekeelako, eta horrek ez duelako laguntzen Espainiaren ekonomiaren aldean Euskal Herrikoak berezko egiturari eusten.

Teruel ez da Gipuzkoa

ELAk argi azaldu du estatalizazioaren auzia, apirilean kaleratutako txosten zabal baten bidez. «Lan gehiago egin, eta gutxiago irabazi: hori da estatalizazioa», dio Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuak. «Patronalaren estrategia da erreformari ahalik eta zuku gehiena ateratzea; lan baldintzak okertuz, irabaziak handitzea dute helburu. Negoziazio kolektiboaren estatalizazioa funtsezkoa da horretan: Madrilen sinatutako akordioak Euskal Herrikoak ordezkatzen dituzte». Orain aste gutxi, Unai Martinez Industria ataleko buruak modu esanguratsuan azaldu zion egunkari honi zer gertatzen ari den: «Teruelgo metaleko langile batek eta Gipuzkoako batek desberdintasun handiak dituzte; finean, azpitik berdintzeko saioa da hau».

LAB sindikatuak ere argi ikusten du euskal itunen negoziazioa Madrilera bidean jarri dutela, eta euskal esparrua inoiz baino mehatxu handiagoa duela. Estatalizazioaren estrategiak «aliatuak non dauden» argi uzten du; hala dio Ainhoa Etxaide idazkari nagusiak, ELAri erreparatuz. Bi sindikatu abertzaleak ekintza batasunera eraman dezake auziak, hain da arriskutsua egoera. Badirudi lurmentzen hasiak direla hurbiltzen hasteko bideak, eta horrek aro berri bat ekarriko luke sindikatu abertzaleen artean.

Lan Harremanen Kontseiluak emandako datuen arabera, 2016. urteko lehen lauhilekoan euskal langileei eragiten dieten 17 sektoreko hitzarmen egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 11 Madrilen sinatu dira, euskal eragileek parte hartu gabe. Espainiako itun horietara lotuta geratu dira 8.661 langile. Nafarroakoak gehituz gero, 10.000 inguru langile leudeke apirilera arte osatu den multzo horretan. Espainiako enpresa itunetan ere badira euskal langileak: apirilera arte, 20 itun egin dituzte Madrilen, eta horietara loturik geratu dira 1.043 langile Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan.

102.000 langile, itunik gabe

Lakuan ere ohartu dira egoeraz. Urkullu lehendakaria «lan erreformaren eraginez» sektoreko ituna galdu duten langileekin gogoratu zen, SEA patronalaren arduradunen aurrean: «Berreskuratu beharra daukagu», esan zien. LHKren arabera, 102.053 langile daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inolako itunik gabe (%18,5). Beste 292.989 langilek (%53,3) itunaren indarraldia luzaturik dute, baina berritzeko zain. Bakarrik 155.119 beharginek (%28,2) daukate hitzarmena indarraldi arruntean. «Akordioak izan behar du gure lan harremanen ardatza. Hemen landutako akordioa behar dugu, eta ez estatuak inposatzen duena». EAEko lehendakariak ohiz kanpoko mezua eman zuen, inondik ere.

Ez alferrik lan kostua jaisten ari da Hego Euskal Herrian. 2015ean, %0,3 jaitsi zen, eta soldatak 2012ko mailara itzuli ziren EAEn. INEren arabera, 3.121 euro da kostu hori. Nafarroan 2.772 da, azken urtean %2,3 jaitsi baita. Sektoretik sektorera alde handiak dauden arren, jaitsierarena da joera; hori gero eta argiago dago. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Sailaren Ikerketaz-Ekonomiaz argitalpenak datu birrintzaileak eman zituen desberdintasunaren eboluzioa aztertzeko lanean. 1996an, 1.496 euro ziren batez besteko soldata garbia EAEn, eta, 2012an, 1.458 euro ziren. 20 urte igaro eta gero, soldata txikiagoa jasotzen zuten euskal langileek balio nominalean. 2012rako datu horiek ez dira 2016koen aldean oso desberdinak izango, bestalde: biztanleen %44k 1.500 euro baino gehiagoko soldata garbia jaso zuten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; %31k, berriz, 1.000 eta 1.500 arteko soldata jaso zuten; eta %25k 1.000tik beherakoa, horien erdiak 700 eurotik behera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Luis Escriva ministroa, Espainiako Kongresuan, gaur, ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

EAJk pentsio erreforma babestu du, eta EH Bilduk abstentziora jo du

Xabier Martin

Alderdi jeltzaleak baiezkoa eman dio Belaunaldi arteko Ekitate Tresna jaso duen erreformari, «bidezkoagoa delako». Koalizio abertzaleak «abstentzio kritiko» batera jo du, «bidea egiteko».

LPEEren ikurra, Vienako egoitzan. ©CHRISTIAN BRUNA / Efe

LPEEk eta aliatuek ekoizpena poliki handitzen jarraituko dute

Iker Aranburu

Azken hilean %20 merkatu da Brent upela, gehienbat omikron aldaera agertu zenetik.

Bidesariak N1 errepidean. ©JON URBE / FOKU

Gipuzkoak hirugarren foru araua onartu du kamioientzako bidesariak legezko izan daitezen

Xabier Martin

EAJk eta PSEk aurrera atera dute arau berria A-15 autobidean eta N-1 errepidean bidesariak ezartzeko. Oposizio osoak ezezkoa eman dio proiektuari Batzar Nagusietan.

Lanbideren bulego bat, Barakaldon. ©Luis Jauregialto¡zo / Foku

Azaroan, 1.076 langabe gutxiago Hegoaldean

Iker Aranburu

Gizarte Segurantzak beste 2.614 kotizatzaile irabazi ditu, eta inoizko kopururik handiena du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.