Albistea entzun

AUKERA BAT, AUKERA BALIRA

Bost langiletik bat lanaldi partzialean arituta, Europako Batasuneko mailan kokatu da Euskal Herria. Nabarmen atzetik iritsi da, ordea, batez bestekora: erdiek baino gehiagok ez dute propio erabaki ordu gutxiagoan lan egitea; lanaldi osoko enplegurik ez dutelako topatu onartu dituzte halako kontratuak.
Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate -

2015eko martxoak 8

Haur edo helduren bat zaindu behar dutenentzat, ikasten ari direnentzat edota besterik gabe lanaldi osoan aritu nahi ez dutenentzat. Baliagarriak izan daitezke lanaldi partzialak. Ez zen formula oso hedatua, baina azken urteotako gorakadaren eraginez, Europako Batasuneko mailara gerturatu da Euskal Herria ere: ia bost langiletik batek du jada halako lanaldia. Antzekoa da batez besteko kopurua, baina erabat ezberdina errealitatea. Egoeraren argigarri dira Eurostatek azpienpleguari buruz emandako datuak. Lanaldi partziala izan eta ordu gehiagoan lan egiteko gogoz daudenen kopurua adierazten du indize horrek, beste era batera esanda, lanaldi partzialean norbere borondatearen aurka ari direnena. Europan %22,7 dira, Hego Euskal Herrian, erdiak. Lanaldi osoko kontraturik topatu ez izana da ordukako kontratua izatearen arrazoi nagusia, alde handiz gainera.

Bat datoz datuak: langabeziak gehien kolpatu dituen herrialdeak dira azpienplegu daturik okerrenak dituztenak. Grezian lanaldi partzialean ari direnen %72k nahi dute lan gehiago egin; Espainian %57,4k, Portugalen %45,9... Kontrako muturrean, Herbeheretakoa da kasurik aipagarriena. Langileen erdiak aritzen dira lanaldi partzialean; horietatik %4,2k soilik nahi dute lan gehiago egin. 2013koak dira datu horiek guztiak, baina iaz egoerak ez zuela hobera egin erakusten dute estatu mailako estatistikek.

Orduko, %50 merkeago

Hain zuzen, hori da sindikatuek lanaldi partzialei aurkitzen dioten lehen traba: aukera egokia izan daitezke, baina ez dira hautu bat, beste ezer ez aurkitu izanaren ondorio baizik. «Prekarietatea» aipatzen dute sarri ELAk eta LABek kontratu partzialez ari direnean. «Ari dira erabiltzen lan kostuak gutxitzeko langilearen kontura, eta hori enplegua prekario egitea da», azaldu du Iñaki Zabaleta ELAko azterketa bulegoko kideak. Enpresaburuarentzat merkeago baita norbait lanaldi partzialerako kontratatzea. INE Espainiako estatistika erakundearen lan kostuei buruzko azken txostenaren arabera, orduko %50 gehiago irabazten dute lanaldi osoan ari direnek —Espainiako datua da, baina pentsa daiteke Hego Euskal Herrian antzekoa dela aldea—. «Lanaldi partziala duen batek zortzi orduan ari den baten baldintza berak izan behar lituzke, baina normalean ez da hala izaten, askoz modu prekarioagoan aritzen da», zehaztu du Oihan Ostolaza LABeko ekonomialariak.

Prekarietateari lotuta «presioa» ere aipatu du Zabaletak. «Lanaldi partzialekin ordezkatu dira lehen lanaldi osokoak ziren lanpostuak. Zer esan nahi du horrek? Bukatzen ez baduzu lana zure lanaldiaren barruan, geratu egin behar duzula». Garbiketa sektorean oso argi ikusten dela kontatu du. Hiru orduan bulego bat garbitzeko kontratua duenak, denborarik eman ez badio ere, nekez alde egingo du lana bukatu gabe.

Datuak makillatzeko tresna

Bat datoz Ostolaza eta Zabaleta: langabezia datuak makillatzeko tresna ere bihurtu dira lanaldi partzialak: «Behin eta berriz ari dira esaten enplegua ari dela sortzen. Tranpa dago horren atzean: lanpostuak sortu dira baina gutxitzen ari da lan egiten den ordu kopurua. Zergatik? Lanaldi osokoak, nolabait kalitatezkoak diren horiek, desagertzen ari dira, eta bitartean, sortzen ari direnak, lanaldi partzialak dira». 2014an, aurreko urtean baino 7.500 lagun gehiago ari ziren lanean Hego Euskal Herrian. Alabaina, lanaldi osoan aritzen zirenak 23.200 gutxiago ziren, eta lanaldi partziala zutenak, 30.700 gehiago.

Langabezia datuekin batera, Gizarte Segurantzako afiliazioa izaten da enpleguaren bilakaera azaltzeko erabiltzen den beste estatistika nagusietako bat. «Hiru kontratu partzial dituen bat hiru afiliatu dira Gizarte Segurantzarentzat. Afiliatu kopurua hazten ari dela esaten dute, baina zenbaketa modu horrek azaltzen du igoera».

Kalitatea, bigarren mailan

Borondatezkoak diren bitartean lanaldi partzialak formula egokia izan daitezkeela nabarmenduta ere, langileen ordezkariek uste dute «enpresaren neurrira egindako malgutasun tresna» izaten jarraituko dutela halako lanaldiek. «Hau ez da hemendik bizpahiru urtera konponduko. Lan erreforma kostuak murrizteko egin dute, eta hori prekarizazioarekin ari dira lortzen. Enplegu partzial eta prekarioago horiek gero eta estrukturalagoak izango dira».

Frantziako Gobernuak joan den uztailean ebatzi zuen astean gutxienez 24 ordukoak izan behar dutela kontratu partzialek, «prekarietateari aurre egiteko». Dena den, hainbat salbuespen onartzen ditu, tartean langileak berak ordu gutxiagoan lan egitea eskatzea. Aitzitik, Espainiak enpresei kotizazioak murriztuta eta lanordu osagarri gehiago egiteko aukera emanda sustatu ditu ordukako kontratuak —Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino hedatuago egon izan da lanaldi partziala—. «Tristea da, baina Iñigo Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak esan zuen: lehenik eta behin enplegua sortzeak duela lehentasuna, eta bigarren erronka izango dela enpleguaren kalitatea. Guk esaten dugu hasieratik kalitatezko enplegua sortu behar dela, bestela ez duela ezertarako balio, miseria banatzea dela», dio Ostolazak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Yolanda Diaz Espainiako Lan ministroa, erdian; haren ezkerretara Unai Sordo CCOOko idazkari nagusia, eta eskuinetara Pepe Alvarez UGTkoa. ©ZIPI

Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata 1.080 eurora igo da

Imanol Magro Eizmendi

Espainiako Gobernuak %8 igo du, CCOOrekin eta UGTrekin bildu ondoren. Oso gertu dago adituek gomendatu zuten gehienezko kopurutik.

Baionako manifestazioa, 'Erretreten erreforma injustu hau gibelatu!' leloarekin. ©BERRIA

Erretreten erreformaren aurkako protesta eguna dute gaur Ipar Euskal Herrian

Ekhi Erremundegi Beloki

Sindikatuek eta eragile politikoek manifestaziora deitu dute goizerako, Baionan.

Langilearen gorpua ateratzen. ©Juan Herrero / EFE

Langile bat hil da Donostian, eraikin batetik erorita

Maddi Iztueta Olano

Eraberritzen ari diren etxe bateko barruko patiora jausi da, oso goitik

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusia eta Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea, iazko urrian. ©Oskar Matxin Edesa/Foku

EAJk eta PSE-EEk elkarrizketak hasi dituzte zerga erreforma baterako

Aitor Biain - Maddi Iztueta Olano

Helburua zerga sistemaren «progresibitatea handitzea» dela adierazi dute. Baina ez dute iragarri zer aldaketa aztertuko duten zehazki. ELAk eskatu du enpresa handiei zergak igotzea.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.