Athleticek ezin du huts egin gaur San Mamesen, Malagaren aurka
Athleticek itzuli oso bat darama etxetik at irabazi gabe. Zorionez, oso bestelakoa da talde zuri-gorriak San Mamesen daraman ibilia. Urte erdi pasatxo darama ligan bere zaleen aurrean galdu gabe, bigarren jardunaldian Bartzelonaren aurka 0-1 galdu zuenetik. Ordutik hamabi partida jokatu ditu, eta horietatik bederatzi irabazi ditu, eta bi berdindu. Horri esker ari da bete-betean Europarako sailkatzeko lehian.
Etxetik kanpo eskas aritzeak etxean ez huts egitera behartzen ditu zuri-gorriak. Gaur ere Malagari irabazi beharrean dira (20:45, BeIN La Liga). Ez dirudi erronka oso zaila, Malaga bolada txarrean baita: azken hamabi partidetatik bakarra irabazi du. Athleticen antzera, gainera, antzu dabil etxetik at, ez baitu irabazi sasoi honetan. Aurkari aproposa dirudi, beraz.
Ez dira ariko Kepa, De Marcos, Sabin Merino eta Aduriz, baina bai Laporte. Balentziaga eta Beñat, berriz kili-kolo daude.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.