Hasi da galbahea

Binakako txapelketa hasi da galbahea pasatzen. Txapelketa luze eta gogorra da, eta, azken txanpan sartzen doan heinean, pilotariak zama nabarituz joaten dira. Aurtengo txapelketan, oreka izan da nagusi, baina 10. jardunaldian lehen biktimak iritsi dira. Urrutikoetxea-Imazek 22-9 galdu zuten atzo, Iruñean, eta sailkapeneko zuloan daude hiru garaipenekin. Altuna III.a-Barriolak garaipen bat gehiago dute, baina joera da larriena haien kasuan. Atzo, Idiazabalen, hirugarren partida galdu zuten jarraian (22-8), eta balantze txarra dute tanto alde orokorrean(-50). Desoreka hori zama handia da edozein berdinketaren kasuan. Matematiken arabera, bi bikoteek finalerdietarako sailkatzeko aukerak dituzte oraindik, baina, horretarako, susperraldi handia beharko lukete.
Iruñeko eta Idiazabalgo partidek antza izan zuten, eta, bietan, irabazleek pauso garrantzitsua eman zuten. Victor eta Albisuren kasuan, hirugarren garaipena lortu zuten jarraian, eta bigarren postuan finkatu dira. Labriten, berriz, Bengoetxeak eta Larunbek hartu zuten arnasa. Azken bi partidak irabazi dituzte jarraian, eta laugarren postuan egingo dute lo gaurko emaitzen zain.
Oreka gutxiko eguna izan zen atzokoa. Idiazabalen, Victor eta Albisuk Barriola kargatu zuten, eta, leitzarrak hasieran eutsi zion arren (7-9), irabazleak apurka piloteoan nagusituz joan ziren. Altuna saiatu zen kideari laguntzen, baina oso zaila da haize kontra jokatzea. Barriolak behera egin du azken asteetan, eta bikoteak nozitu du. Irabazleen kasuan, Albisuk txapelketa guztiko maila onari eutsi zion, eta Victorrek ondo bukatu zuen tantoa. Iñaki Artolak hilabete beharko du sendatzeko, eta ikusteko dago postua berreskuratuko duen.
Imaz, ezinean
Idiazabalen Barriolak sufritu bazuen, Iruñean Imazek pairatu zuen kalbarioa. Bengoetxea eta Larunbe Urrutikoetxea saihestera joan ziren, eta Oiartzungo gaztea zamatu zuten. Hasieratik hartu zuten aurrea (9-3), eta, tartea handitu ahala, Imaz urduritu egin zen (12-6 eta 15-7). Imaz atzelari segurua da, baina, atzo, sei huts egin zituen. Bere maila ematen ari ez zela ikusteak eragin egin zion. Irabazleen kasuan, berriz, Bengoetxea oso trebe aritu zen errematean. Oso fin dago, eta bere jokoak mesede handia egiten dio Larunberen konfiantzari.
Bestalde, Irribarria-Rezustak zortzigarren puntua lortu zuten herenegun Donostian (22-18), eta finalerdietako ligaxkarako sailkatu ziren. Jardunaldia gaur bukatuko da, Bilbon (17:00), Olaizola II.a-Untoria eta Elezkano-Zabaletaren arteko partidarekin.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.