Arrauna. Kontxako Bandera
Gertu bezain urrun
Alde txikiak aurreikusten dira gaurko ere

Lau traineru jarriko dira Kontxako badian, hondartzatik gertu, 11:00etarako oso minutu gutxi falta direnean. San Juanek, Hibaikak eta Zumaiak bandera preziatua irabazteko irrika, nahia eta desira izango dute une horretan. Hirurak direlako hautagai Donostiako estropada preziatua irabazteko. Lautik hiru. Handia da gero hori.
Bada, horrelaxe dator bigarren igandeko estropada, gaur zortzi oso estu eta elkarrengandik oso gertu ibili zirelako hiru hautagaiak. Hura zirraraz betea izan bazen, gaurko ez da gutxiago espero. Berdintasuna aipatzen zen gaur zortziko jardunaren aurretik, eta bete egin ziren aurreikuspenak. San Juanek, Hibaikak baino segundo eta 32 ehunen gutxiago behar izan zituen, eta Zumaiak, lau segundo eta 48 ehunen gehiago. Zenbaki eta datu festa hori da ondo gogoan hartzekoa, hiru faboritoak eta Orio badiaren barrenean jartzen direnean. Ez dago erraza ez pronostikoak egiten hastea. Lehen eguneko emaitza alde duelako, San Juanek du aukera gehien, jakina.
Baina estu daude kontuak. Eta ez bakarrik lehen igandeko denborak halakoxeak izan zirelako. Zerbaitegatik zetorren berdindua, inoizko berdinduena emakumezkoen Kontxako Bandera. Ondorengo arrazoiagatik: denboraldian zehar, San Juan eta Hibaika oso lehia estuan ibili dira, eta gauzak ez dira aldatu azkenera; eta Zumaia batu zaie borrokara, behetik gorako bide ona osatuz. Duela zazpi eguneko sailkapenak berretsi baino ez du egin aurreikusten zen berdintasuna.
Hirurek ezin irabazi, ordea. Bakarrak gozatuko du bandera desiratua ontzi barruan dela. Zein izango den bakar hori ez dago erraza asmatzen. Hiruren arteko estropadetan azken erreferentzia aurreko igandekoa da, nola ez. Estropada berean bi ikusi zirela esatea ez da ahoa alferrik irekitzea. Kanporanzko luzean, lan bikaina eginez eta aurreneko kalearen onura baliatuz, San Juanek jardun zoragarria egin zuen. Ziabogatik bueltan, aldiz, Hibaika izan zen ikusgarri ibili zena, laugarren kaleari etekina bikain ateraz. Eta Zumaiak berak ere bi estropada egin zituen batean: kanporantz, San Juanen gainean eta Hibaikaren aurretik zen, eta, bueltakoan, biek atera zioten alde handiagoa, eta hirugarren egin zuen.
Itsasoaren baldintzak oso onak izango dira gaur. Haizerik apenas espero den, eta olatuek uraren azpitik, ezkutuan ikusi nahiko dute estropada; ez dira azaleratzekoak.
Gakoa, burua ez galtzea
Hainbat gako izango ditu gaurko lanak, eta horietan garrantzitsuenetakoa burua ez galtzea izango da. Hasi eta buka estropada ia akatsik gabea egin beharko du garaileak. Dakitena egitea izango da talde bakoitzaren lana, ezohiko gauzak egiten ez hastea. Sari handienak merezi du ahalegina.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.