Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Alkateek erreferenduma bideratuko dute, Madrilen oztopoei aurre eginez

Publizitatea

Mundua

Kataluniako erreferenduma

Alkateek erreferenduma bideratuko dute, Madrilen oztopoei aurre eginez

Espainiako Fiskaltzak deklaratzera deitu ditu erreferendumaren aldeko 712 alkate. Guardia Zibila erreferendumaren webgune ofiziala kudeatzen duen enpresan sartu da, eta orrialdea itxi du
Miquel Buch ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteko presidentea eta Neus Lloveras AMI Independentziaren aldeko Udalerrien Elkartekoa azalpenak ematen, atzo, Bartzelonan.
Argazkia: ORIOL CLAVERA

2017-09-14 / Amagoia Mujika Tolaretxipi - Berriemaile berezia

Katalunian giroa gaiztotuko zela jakina zen, baina azken orduetan abiadura bizia hartu dute erreferendumaren aurkako erabakiek: alkateak izan dira Espainiako Gobernuaren azken biktimak, Fiskaltza Nagusiak agindua eman baitie Bartzelonako, Tarragonako, Lleidako eta Gironako fiskaltzei deklaratzera dei ditzatela erreferenduma egiteko Generalitatearekin lan egiten ari diren 712 alkateak, eta gainera, Mossos D'Esquadrari eskatu dio atxilo ditzala deklaratzera joaten ez direnak.

«Komunikabideen bidez jakin dugu gure aurkako agindua». Atzo arratsaldean Neus Lloverasek egindako hitzak dira horiek, AMI Independentziaren Aldeko Udalerrien presidenteak. Miquel Buch ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteko presidentearekin batera eman zituen alkateen jarrerari buruzko xehetasunak, hainbat alkatek babesturik, eta hamaika komunikabideren aurrean. «Elkarrekin gaude denok. Herritarrek agindutakoa beteko dugu. Gure esku dagoen guztia egingo dugu urriaren 1eko erreferenduma egin dadin». Jarrera bateratua dute deklaratzera deitutako alkateek, eta ez dute atzera egingo, nabarmendu dutenez. Deklaratzera joango diren galdetuta, berriz, «denek deklaratu beharko» dutela ondorioztatu du Lloverasek: «Batzuek borondatez, eta, beste batzuek, derrigorrean eramango dituztelako. Erabaki hori pertsonala izango da». CUPeko alkateek dagoeneko esan dute ez direla joango.

Alkateak mossoen zitazioa jasotzeko zain ziren atzo, baina ez dakite prozesuak izango duen azkartasuna. «Lasai» daude, ordea, Buchek azaldutakoaren arabera: «Ez dago kezkarik. Arazoa ez dute 712 alkateek, arazoa justizia espainiarrak dauka». Elkarretaratzea egingo dute alkateek etzi, Bartzelonan, eta Kataluniako alkate guztiei egin diete dei hara joan daitezen; erreferenduma babestu dutenei eta ez dutenei ere bai, «demokrazia defendatzera, aurrekaririk ez duen gertaera salatzera». Mossoek hartuko duten jarrera ikustekoa izango da.

Fiskaltzaren aginduaren arabera, «legez kanpoko erreferendumean ustezko kooperazioa» dela-eta joan beharko dute deklaratzera, eta mossoek «ahalik eta epe laburrenean» eraman beharko dituzte «beren kabuz joaten ez direnak».

Jose Manuel Maza Espainiako fiskal nagusiaren idatziak gogoratu du Auzitegi Konstituzionalak erreferenduma egiteko bideak bertan behera utzi dituela, eta, Generalitateari ohartarazi dio ez segitzeko aurrera, erreferenduma ez egitea «betebeharra» duela —En Comu Podemek, PDCatek, ERCk eta Bilduk Mazaren premiazko agerraldia eskatu dute Espainiako Kongresuan—.

Mazaren arabera, erreferendumean parte hartzen duten alkateek desobedientzia delitua egingo lukete, eta funts publikoak bidegabe erabili. Horregatik eskatu du 712 alkateak ikertzeko diligentziak zabal ditzatela tokian tokiko fiskalek. Fiskalak AMIren zerrenda erabili du, eta «udalerrien kopurua aintzat hartuta jendetsuenak diren herrietako alkateei emango zaie lehentasuna».

Kataluniako probintzietako fiskalek, berriz, udaltzainei eman diete polizia judizial gisa ekiteko agindua. «Legez kanpoko erreferenduma antolatzeko edozein gertaera iker dezatela, eta prestaketarako tresna edota baliabide guztietan esku har dezatela». Buchek, ordea, udaltzainak ez direla polizia judizialak nabarmendu du. «Alkateak gaude gainetik, eta gurea da erantzukizuna».

Drets elkarteko ehun bat abokatu, berriz, «erreferendumagatik auzipetu dituztenak defendatzeko prest» agertu dira, beren borondatez, «lehen aholkularitza eta asistentzia juridikoa behar duten pertsona orori laguntzeko». Ekiteko protokolo bat landua dute, eta telefono zenbaki bat ere ezarri dute behar dutenentzat.

Alkateen kontrako errepresioa ez da izan atzoko gertaera bakarra. Guardia Zibilak www.referendum.cat webgunea itxi baitu. Webgunea kudeatzen zuen CDMon enpresan sartu ziren atzo, Malgrat del Marren, agindu judizial bat tarteko. Webgunean zegoen informazioa www.alerta. cat/referendum.cat-en jarri dute orain. Egoera larriaren aurrean, Junts Pel Sik eta CUPek parlamentuko mahaiari atzo eskatu zioten erreferenduma bitarteko saioak bertan behera uzteko: Irailaren 20 eta 21ean aurreikusia zegoen osoko bilkura bat.

Webgunea itxi dute

Hemendik aurrera, egunak luzeak izango dira Katalunian, Madrilek martxa hartuta, erabakiek ez baitute etenik izango. Atzo Mariano Rajoy Espainiako presidenteak herritarrei egin zien ohartarazpena: «Mahaietara deitzen dituzten herritarrei gogorarazi nahi diet legez kanpoko ekintza bat egitera doazela». Espainiako errege Felipe VI.ak ere ez du atzean geratu nahi izan, eta konstituzionalak Erreferendumaren Legea eta Trantsiziorako Legea bertan behera utzi osteko lehen agerraldia egin du: «Konstituzioa erreferendumaren gainetik egongo da, espainiar guztien eskubideak babesteko».

Gauzak horrela, kanpainaren hasiera ekitaldia egingo dute gaur iluntzean Tarragonan, baiezkoaren aldeko alderdietako ordezkariek, denak bat: Carles Puigdemont presidentea eta Oriol Junqueras presidenteordea buru dituztela. Poliziak eragozten ez badu behintzat.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi - Berriemaile berezia

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak