Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Setioa Bilboko Zazpikaleei

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA

Setioa Bilboko Zazpikaleei

KEM-MOC talde antimilitaristako kideek, soldadu jantzita, hesiak ezarri dituzte Bilboko Zazpikaleetako kale nagusietan, errefuxiatuek jasaten duten «errealitate onartezina» azaltzeko.
Soldadu jantzitako antimilitaristak, errefuxiatuena egiten zutenei bidea ixten, atzo, Bilbon.
Argazkia: MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

2016-10-16 / Gotzon Hermosilla

Armadak Bilboko Zazpikaleak hartu zituen atzo, hango kale nagusiak hesiz itxi zituen, eta kontrolak ezarri zituen baimenik ez zeukatenak igarotzen ez zirela bermatzeko. Zorionez, ez zen edozein armada izan bilbotarrei agiri eske aritu zena, KEM-MOC Bilboko talde antimilitaristako eta Sinkuartel konpartsako kideek osatutakoa baizik. Ekintza horrekin, Europako mugak zeharkatu ahal izateko errefuxiatuek pairatzen duten «errealitate onartezina» agerian jarri nahi izan zuten antimilitaristek.

Eguerdi partean Bilboko Bidebarrieta kalean ibili zirenek ezohiko egoera topatu zuten: kalea burdinazko hesiz eta txarrantxaz itxirik zegoen, eta soldaduz mozorroturiko lagunek zainduta. Hesiaren alde batean, bi kanpin denda zeuden, eta iheslarien moduan jantzitako bost emakume, zapia buruan eta tapaki termikotan bilduta.

Bozgorailua erabilita, soldaduen buru egiten zuenak aginduak eman zituen: «Mesedez, hesia igaro nahi duzuenok, erakutsi paperak, kreditu txartela eta azken bost hilabeteetako soldata agiriak. 65 urte baino gehiago dituztenek pentsio plana erakutsi behar dute. Hemen, dirurik ez duenak ez dauka pasatzerik».

Errefuxiatuak, atzera

Egia esateko, benetako mugazainek baino askoz malguago jokatu zuten soldadu jantzitakoek, eta Zazpikaleetan zebiltzanak arazorik gabe pasatu ziren hesien arteko zirrikitutik, harridura aurpegiarekin. Kanpin dendetako emakumeak ere saiatu ziren hesia gainditzen, gainerako herritarrekin nahasian. «Kontuz», ohartarazi zuen soldaduen buruak, «errefuxiatuak ez daitezela pasa, horiek arazoak baino ez dakartzate eta». Soldaduek atzera bota zituzten iheslariak.

«Ekintza honekin salatu nahi dugu Espainiak gaur egun hamasei gerratan esku hartzen duela, eta zazpigarren postuan dagoela nazioarteko arma salmentan», salatu zuen Aitziber Lasak, KEM-MOCeko kideak. «Arma horiek dira gero Sirian eta beste zenbait gatazkatan erabiltzen dituztenak». Azaldu zuenez, hiru eskakizun plazaratu nahi izan zituzten antzezpenaren bidez: gerrak gelditzea, armen salerosketa bertan behera uztea eta Europak errefuxiatuen aferan ezartzen dituen politikak aldatzea.

KEM-MOC taldeak gogora ekarri zuen joan den urriaren 12an, Hispanitatearen Eguna zela-eta antolaturiko ospakizunetan, Espainiako armadak izan zuen protagonismoa: «Ekitaldi horietan, indar armatuei omenaldia eginez, armadek gerretan duten eginkizunari zilegitasuna ematen diote», gaitzetsi zuten antimilitaristek; «gerra hemen hasten da, eta, beraz, gerra hemen gelditu behar dugu».

Txaloak eta purrustadak

Oro har, bidea trabaturik aurkitu zuten herritarrek ondo hartu zuten protesta, batez ere errefuxiatuen aldeko ekitaldia zela jakin ostean. Gehienak irribarrez pasatu ziren hesien arteko zirrikitutik, eta bat baino gehiago soldaduengana joan zen, ekintzaren zergatiaz galdetzera. Denak ez ziren hain umore oneko agertu, eta egon zen purrustadarik ere: «Nahikoa da horrenbeste txorakeriarekin!», esan zuen adineko gizon batek, hesia gainditu ondoren. Parean zegoen jantzi dendako arduraduna ere espantuka hasi zen, ekintzak bezeroak uxatuko zizkiolakoan. Baina gutxi izan ziren; ekitaldia amaitutakoan, txalo jo zieten bertaratutako gehienek.

Bidebarrietatik Maria Muñoz kalera joan ziren antimilitaristak, hesi eta guzti, segizio ikusgarria osatuta. Bi udaltzain gerturatu ziren zer gertatzen zen galdetzera. «Antzerki moduko bat egiten ari gara», azaldu zien antolatzaileetako batek. Udaltzainak ez ziren oso konforme gelditu, baina esku ez hartzea erabaki zuten.

Maria Muñoz kalean errepikatu ziren kontrolak, irribarreak eta harridura aurpegiak. Eta, ondoren, tarte batez jarraitu zuten antimilitaristek errefuxiatuen aldeko aldarria Zazpikaleetan barreiatzen.
 

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea