ATZEKOZ AURRERA

«Ez, ez dugu nahi»

Dozenaka lagunek aldarrikatu dute maitatzeko «milaka modu» daudela eta nork berea egiteko eskubidea duela. Hernanin (Gipuzkoa) egin dute, ezkontza konbentzionalak imitatu eta parodiatuz.
Kattalin Miner eta Lorea Etxeberria ezkongaiak, bazkarian.
Kattalin Miner eta Lorea Etxeberria ezkongaiak, bazkarian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Maialen Unanue Irureta -

2014ko urriak 26

Zergatik familia eredu bat eta bakarra? Zergatik maitasuna bizitzeko modu bat eta bakarra? Eta zergatik ez eraiki nork berea, nork bere neurrira? Ez dute maitasuna bizitzeko modu bat eta bakarra nahi. Are gehiago, ez diote men egin nahi ustez idatzi gabeko arau horri. Kattalin Miner eta Lorea Etxeberria txikitako lagunek ezkontza konbentzional bat antzeztu zuten atzo Hernanin (Gipuzkoa); euren neurrira egindakoa, Bollorrioa. «Hainbat faktoreren eraginez sortu da: zerikusia du guk eta gure inguruko lagunek daukagun eta aldarrikatzen dugun familia hautatu feministarekin, ez dugulako nahi bikotekidea gure bizitzaren ardatza izatea, eta gure modura kudeatu nahi ditugulako maitasuna eta afektuak; gure bizitza, finean».

Soineko zuriak, beloak, zapata takoidunak. Andre ezkongai ohiko batek janzten dituen guztiak zeramatzaten soinean Minerrrek eta Etxeberriak. Horiek guztiak zeramatzaten soinean, hain zuzen ere, maite ez dutenaren sinbolo direlako. «Asko poztu gaitu ikusteak kontu hau ez zela gure behar bat soilik; jende piloak babestu gaitu», dio Etxeberriak.

Minerrek azaldu duenez, ez dute «maitasun arauturik» nahi, ulertzen dutelako ezkontza dela nork bere bizitza pertsona bakarraren inguruan ardaztea. Eta ez dute bollorrioa antolatu ohiko ezkontzen aurka egiteagatik, eurek euren «erritual propioa» sortzeagatik baizik: «Baina horrek ez du esan nahi maitasunik ez daukagunik».

Dozenaka lagun elkartu ziren atzo Hernanin (Gipuzkoa), umore onez, dotoreziaz eta, batez ere, irribarrez, aldarrikapenerako prest. «Gu jota gaude, baina ero asko daukagu inguruan, edo, erokeria baino gehiago, nabaritu da behar handia dagoela horrelakoak egiteko: feminista askok segituan ulertu dute zer den hau, eta orain arte ulertu ez dutenek gaur [atzo] ulertuko dute», dio Minerrek.

«Ausartak»

Ezkongaiak dotore, eta gonbidatuak ere bai. Zapata takoidun ezinezkoak, galtzerdi saredunak, burugainekoak. Etxeko trapu dotoreenak hartuta bildu ziren dozenaka eta dozenaka lagun Hernanira. Trikiti eta panderoarekin lagundutako poteoarekin hasi zuten eguna; ezkontza koordinatzeko arduradunak txilibitua jo ohi zuen tabernaz aldatuko zutela ohartarazteko. Umorez antolatua izanagatik ere, urduritasuna ere airean izan zen, azken orduko ezustekoak tarteko.

Han ziren Etxeberriaren eta Minerren senideak, harro. Horien artean, Minerren amaren senar Sendoa Ugalde eta Etxeberriaren osaba Pakito Lujanbio, ezkongaien aitabitxiak. Ezkontzaren berri jakin bezain pronto eskaini zuen bere burua Lujanbiok aitabitxi izateko, eta nabarmendu du «errespetuz» egin dutela aldarria. Ugalde, berriz, poztu baino gehiago beldurtu egin zen hasieran: «Gero oso ondo ulertu nuen zer aldarrikatu nahi zuten; beldurrak ahaztu nituen segituan, eta harro sentitu. Zaila da hausturak egitea, eta harro egoteko modukoa da ikustea batzuk bidea irekitzeko prest daudela».

Unerik hunkigarrienetako bat izan zen zeremonia, botoak irakurri zituztenekoa. «Ahizpak gara, andregaiak azken hilabete hauetan, eta badirudi gezur baten bueltan egia asko sortu ditugula. Ez gara Yin eta Yang, ez gara elkarren osagarri, handitu egiten dugu elkar: nola bestela helduko ginen honaino?». Minerrek hartu zion gero lekukoa: «Nerabezaroan Virginia Woolfen hitz batzuk gorde nitinan, nire bizitzako emakumea azalduko balitz, hari esateko, eta hiri esango dizkinat gaur, denen aurrean: 'Ez dut uste bi pertsona gu biok izan garen baino zoriontsuagoak izan daitezkeenik'».

Maialen Lujanbio bertsolariak bertso batean deskribatu zuen ekitaldira bildutakoen gogoa: «Gaurkoa festa dela, bai, baina / ez dauka esanahi falt(ar)ik / Kattalin eta Lore, zorionak! / (e)ta esango det zergatik: / maitasunaren forma zurrunak / ho(rre)la malgutzeagatik, / gonbidapena egitearren, / buru(e)tan egitera 'klik', / eskerrik asko gaurkoagatik / eta ausardiagatik».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna