Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Han badago itsasorik ala?

Publizitatea

Bizigiro

ATZEKOZ AURRERA

Han badago itsasorik ala?

Atlantikaldia jaialdia egiten ari dira Errenterian, ozeano beraren bazterreko beste hainbat herrialdetako musika, dantza, jana, edana eta jendea elkartu eta solasean jartzeko.
Howdy folk taldea, atzo, Errenteriako Atlantikaldia jaialdian jotzen. Iaz, 10.000 bisitari izan zituen jaiak. Aurtengoa bigarrena da.
Howdy folk taldea, atzo, Errenteriako Atlantikaldia jaialdian jotzen. Iaz, 10.000 bisitari izan zituen jaiak. Aurtengoa bigarrena da. JON URBE / ARGAZKI PRESS

2015-09-20 / Edu Lartzanguren

Portuak ez badizu ozeanoa ikusten uzten, antola ezazu itsas jaialdi bat. Horrela jokatu dute Errenterian (Gipuzkoa), eta arrakasta izan dute. «Jende askok galdetzen du: baina nola egingo dute halako jai bat... han badago itsasorik ala?», kontatu du Laura Landa Atlantikaldia jaialdiko zuzendariak. Azaldu duenez, iraganean Errenteria itsasoari begira bizi zen, eta Oiartzualdeko itsasorako sarbide bakarra zen. «Hori gogoratzea zen asmoa». Iaz egin zuten lehen jaialdia. Joan zen ostegunetik hasita gaur arte, Danimarka, Finlandia, Quebec, Galizia, Aljeria, Boli Kosta, Kuba eta Atlantikoaren bazterreko beste hainbat herrialdetako musika, dantza, jana eta edana dastatzen ari dira.

Atlantikoari loturiko kantak abesten ari da Donostiako Mikeletegi abesbatza Panier gunean. Migel Zeberiok zuzentzen ditu kantariak, gehienak emakumezkoak, eta haren anaia Juantxo pianoarekin laguntzen ari da. Atzean, Albaola Itsas Kultur Elkarteak eraikitako ontzi tradizional bat dute.

Albaolak bere lana erakusgai dauka Panier gunean, eta antzinako beste bost ontzi dituzte uretan, garai batean Errenteriako kaian egoten ziren bezala.

Bi urte gutxi dira jaialdia egonkortuta dagoela erabakitzeko, Landa zuzendariak dioenez, baina zenbakiak eta giroa oso argiak direla uste du. Iaz 10.000 bisitari kalkulatu zituzten, eta, jaialdiaren azken kontzertuan bakarrik, 7.000 ikusle. Aurtengoa ere oso ondo doala gaineratu du. Ez dira soilik ikusleak, herriko eragileak ere «bikain» erantzuten ari dira. «Ilusio handia sumatzen da: 120 proposamen egin dituzte. Ezin izan ditugu denak sartu».

Eukene Zuzuarregi Salaberriak «ileak laztuta» dauzka oraindik, bezperan Finlandiako Varttina ahots hirukotea entzun zuelako jaialdian. «Atlantikaldia aukera da guretzat munduko gauzak ikusteko herritik atera gabe». Kalakan eta Dobet Gnahore Boli Kostako abeslari eta dantzariaren emanaldia nabarmendu du.

«Benetako» elkarrizketa

Itsas elkarrizketak lelopean egiten ari dira aurtengo Atlantikaldia, eta, asmoaz harago, solasaldia benetakoa dela dio Landa zuzendariak. Artistak elkarrekin lanean jarri dituzte pare bat egunez, jaialdirako ikuskizun bat sor dezaten.

«Egitaraua eskuan hartuta ibiltzen naiz», adierazi du Ane Espina bisitariak. Musika han eta hemen dagoela eta lekuz leku gustuko duenaren bila ibiltzen dela azaldu du.

Foru plazan, Usain eta zaporeen bidaia ekimena egin dute. «Hau esperimentu bat da», esan du Samira Goddi Errenteriako Udaleko kultur aniztasun teknikariak. Izan ere, Errenterian badira Atlantikoaren inguruko herrialdeetako «komunitate indartsuak», eta, lehen aldiz, jaialdian txertatu dituzte, Goddik azaldu duenez. Gastronomia truke gisa planteatu dute, eta Kolonbiako, Nigeriako, Galiziako eta Marokoko produktuak erakutsi dituzte kalean: achiote-a, mandioka, 30 eguneko argaltze plana egiteko guarani tea, kus-kusa, ras el hanut nahasketa afrodisiakoa... «Osagai partekatuak aurkitzen saiatu gara», azaldu du Goddik, «esaterako: menta tearekin edaten da Marokon, baina sendabelar gisa erabiltzen da Konlonbian». Herritar horien eta euren kultura ikusgai egiteko modu bat da. «Gure gastronomia indartzera datoz. Metafora polita da», adierazi du Goddik: «Produktuekin bezala, jendearekin ere ezagutu behar da zer dagoen atzean».

Gaur goizean du azken aukera jendeak Atlantikaldian murgiltzeko. Galiziako Peliqueiro taldearen eta trikitilarien kalejirak ikusi ahalko dira, Errenteria eta Atlantikoaren arteko loturaren inguruko hitzaldia, tango erakustaldi bat, txistularien kontzertua, Galiziako gaiteroen kontzertu didaktikoa eta jaialdia ixteko ekitaldia, 14:00etan. Amaitu arte, txalupa tradizionalak ibaian egongo dira, itsasbeherarekin, flotatzen baino gehiago, hondoaren kontra jarrita, okertuta. Itsasoa Errenteriara noiz itzuliko den zain.

Publizitatea

Sortu kontua
Edu Lartzanguren Edu Lartzanguren

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak