Albistea entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Erreakzioak

Orain artekoa aldatzeko borondatez

Hauteskundeetako emaitzek aro baten amaiera islatzen dutela nabarmendu dute Hego Euskal Herriko alderdi gehienek.

Ahal Dugu-k adierazi du «eragile zentrala» izango dela datozen urteetan
Ahal Dugu-ko Nagua Alba eta Eduardo Maura, atzo, garaipena ospatzen.
Ahal Dugu-ko Nagua Alba eta Eduardo Maura, atzo, garaipena ospatzen. M. R. /ARP

Hodei Iruretagoiena Maite Asensio Lozano Oihan Vitoria -

2015eko abenduak 21

Behin betiko emaitzak agertu aurretik, inkestek ere aurreikusten zuten ezustekoa atzo gauean: euskal alderdiek Espainiako Kongresuan duten ordezkaritza politikoa irauli egin du Ahal Dugu-ren agerpenak. Kolpe handiena jaso zutenak izan ziren lehenak militanteen eta hedabideen aurrera ateratzen: EH Bildu eta Geroa Bai, biak Iruñean. Goibel mintzatu ziren bi taldeotako ordezkariak, porrota onartuz, eta antzeko diagnostikoa eginez: Madrili begira bozkatu dutela herritarrek. EAJk jarraitu zien, Bilboko Sabin Etxean; pozik agertu ziren, emaitzei antzeratsu eutsita, baina politika egiteko «molde berriak» datozela aitortu zuten.

Aldiz, Madrilen zain izan ziren Ahal Dugu, PSE eta PPko euskal ordezkariak: Espainiako gobernuburu izateko hautagaiak mintzatu arte itxaron zuten beren balorazioak egiteko. Modu batean edo bestean, aldaketa izan zuten denek hizpide.

ANDONI ORTUZAR

EAJ

«EAJ inoiz baino gehiago finkatu da, eta Madrilen euskal ahotsa izango da»

Kongresurako hauteskundeetan bi alderdi politiko berri aurkeztu arren, EAJk orain artekoari eutsi dio, eta eserleku bat gehiago ere lortu du; sei diputatu izango ditu, orotara. Senatuan ere sei ordezkari edukiko ditu: hiru, Bizkaitik; eta beste hiru, Gipuzkoatik. Andoni Ortuzar EBBko buruzagiaren arabera, EAJ eta Euskadi kanpainan «gutxietsiak» izan badira ere, «aise» gainditu dituzte aurreikuspenak: «EAJ sekula baino gehiago finkatu da hauteskunde hauetan, eta euskal ahotsa izaten jarraituko du Madrilen. «Geure sei eserlekuek joko asko emango dute legealdi honetan», esplikatu zuen atzo, jarraitzaileen txalo zaparradaren artean, eta gaineratu: «Euskadi desberdina da, eta desberdin bozkatu du. Euskadik beti bozkatu du ezberdin, eta oraingoan, gainera, are desberdinago».

Ortuzarren hitzetan, emaitzek argi eta garbi erakutsi dute amaitu dela orain arte Madrilen politika egiteko ezagututako modua. Zerumuga berria zabaltzeko garaia dela uste du Ortuzarrek. «Elkarrizketa, ulermena, gardentasuna eta akordioak bultzatzeko ordua da, konponbide politikoa ahalbidetzeko». Aldaketa horretan EAJ parte hartzeko prest dagoela aurreratu du EBBko buruzagiak. «Euskadirekin da daukagun itun bakarra», argitu du.

Emaitzek herritarren haserrea islatzen dutela nabarmendu zuen EAJren kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Aitor Estebanek. Haren aburuz, agerian geratu da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak ez datozela bat Madrilek azkeneko urteotan hartu dituen neurri «murriztaileekin».

Estebanek uste du, hain justu, horrexegatik eman diotela bizkarra Marino Rajoy buru duen indar politikoari. «Espainiako Jaurlaritzan aldaketa gauzatzea nahi du Euskadik; bistakoa da desadostasuna». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako parte hartzea Espainian baino zertxobait handiagoa izatea txalotu zuen Estebanek: «Euskadiko herritarrek politikarekiko interes handia eta aldaketarako presazko nahia badutela erakusten du horrek; bete-betean».

LAURA PEREZ

Ahal Dugu

«Erabakitzeko eskubideak irabazi du»

Nafarroako Ahal Dugu-ren bozeramaile Laura Perezek Info7 irratian egin zuen lehenengo balorazioa: «Uste genuena baino emaitza hobea lortu dugu Nafarroan». UPN-PPk botoetan irabazi arren, haiek adina diputatu lortu dituzte Espainiako Kongresurako: bi. «Bipartidismoaren zauria» irekitzea lortu dutela nabarmendu zuen Perezek. Emaitzei begiratuta, bereziki onak izan dira Katalunian eta Hego Euskal Herrian lortu dituztenak, Pablo Iglesiasek Madrildik aipatu bezala, botoetan lehen indarra izan baitira bi lurralde horietan. «Nazio aniztasunak irabazi du», Perezen hitzetan: «Lurralde mailako gatazkak modu demokratikoan konpondu behar dira, eta geure burua antolatzeko ereduari buruz galdetu nahi diogu jendeari. Erabakitzeko eskubideak irabazi du». Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidente eta Ahal Dugu-ko kidea ere «oso pozik» agertu zen emaitzekin: «Foru erkidegoaren ahotsa eta beharrak defendatuko ditugu Espainian».

EAEko Ahal Dugu-k Bilbon egin zuen balorazioa, Lander Martinez bozeramailearen ahotik. «Inoiz ikusi gabeko kanpaina» egin dutela nabarmendu zuen, eta eskerrak eman zizkien lanean aritu diren guztiei: «Inkesten gainetik, hauteskundeak irabazi ditugu Euskadin». Araban eta Gipuzkoan botoetan lehenengo indarra izatea lortu dute. Orain, Espainiako Gorteak «jendearentzako leku» bihurtuko dituztela adierazi zuen, eta aipatu zuen Euskal Herrian ere «eragile zentrala» izango direla ondorengo urteetan. «Etorkizuna bakean eta bizikidetzan egin nahi dugu. Gure eginbeharra da Ahal Dugu-n daukagun aniztasuna Euskadiko bizikidetzaren alde jartzea» .

HASIER ARRAIZ

EH Bildu

«Estatu mailako logika nagusitu da, eta ez dugu hori interpretatzen jakin»

«Erori gara». Zintzo eta kritiko mintzatu zen Hasier Arraiz EH Bilduko kidea Iruñean; zerrendaburuek eta koalizioko aurpegi ezagunek babestuta agertu zen, kopetilun; 2011 lortutako zazpi eserlekuetatik bost galdu ditu. «Gau kaskarra da, ezin dugu ezkutatu». Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohiaren hitz batzuk gogora ekarri zizkien han batutakoei: «Askotan erori gara; gaur ere erori gara, baina bihar jaikiko gara, eta horretarako gure alboan behar eta nahi zaituztegu».

Bizkaian eta Gipuzkoan baino ez du erdietsi ordezkari bana koalizioak. Boto galera hori izan zuen hizpide Arraizek: «Estatu mailako logika nagusitu da hauteskunde hauetan, eta guk ez dugu jakin hori interpretatzen jakin; hori dela eta, herritar askok, bere atxikimendua guri eman beharrean, beste indar politiko batzuei eman diete botoa». Aurrera begira, ordea, EH Bilduren proiektuarekiko konfiantza eskatu zuen: «Hasitako bide honek denbora eta ilusioa behar ditu. Euskal gizarteak EH Bildu indartsua behar du».

Bakartxo Ruiz ere etorkizuneko bozei buruz jardun zen: «Euskal Herrian aldaketarako alternatiba EH Bildu dela berretsiko da hurrengo hauteskundeetan».

IDOIA MENDIA

PSE-EE

«Espainiako ezkerraren erreferentzia nagusi izaten jarraitzen dugu»

Aro baten amaiera. Horrela deskribatu zituen atzoko hauteskundeak PSE-EEko presidente Idoia Mendik. Gehiengo absolutuaren «azken hatsa» izan dela adierazi zuen, eta herritarrek PPren kudeaketa zigortu dutela, lau urteotako «gezurrengatik eta murrizketa soka luzearen» erruz. PP, izan ere, Espainiako bozetan gailendu da, bai, baina inoizko babes txikienarekin: 4,2 milioi boto eta 65 diputatu galdu ditu. Datu horiexek gutxietsi ez, aintzat hartu behar direla deritzo Mendiak.

Haren irudiko, hauteskundeok erakutsi dute «Euskadi Espainiaren parametro berdintsuetan» mugitzen dela, eta hori ere kontuan hartu beharrekoa dela dio, «Espainiaren batasunari eusteko». Araba, Bizkai eta Gipuzkoan agertoki berri eta aldakor bat zabaltzen ari dela aintzat hartuta, sozialistek eusten jakin dutela zehaztu zuen Mendiak. «Egia esan, ez dira nahiko genituzkeen emaitzak, baina PSE-EEren eta PSOEren sendotasuna eztabaidaezinak dira: Espainiako ezkerraren erreferentzia nagusi izaten jarraitzen dugu, eta, gaur-gaurkoz, Mariano Rajoyk duen alternatiba bakarra gara», nabarmendu zuen.

KOLDO MARTINEZ

Geroa Bai

«Hau ez da Nafarroako parlamenturako bozen bigarren itzulia izan»

Espainiako Kongresurako zerrendaburu Koldo Martinezek egin zuen Geroa Bairen lehen balorazioa: «Madrilera begira eman du botoa jendeak». Emaitzak Geroa Bairentzat txarrak izan direla onartu zuen; izan ere, galdu egin dute orain lau urte Uxue Barkosek lortutako diputatua.

Bi ondorio nagusi atera dituzte Geroa Baikoek, Martinezek azaldu zuenez. Lehena, ez dutela asmatu beren mezua hautesleei helarazten: Nafarroako autogobernua arriskuan zegoela. Eta, bigarrena, emaitza hauek ezin direla ulertu Nafarroako Gobernuaren lanari begira; hain zuzen, Martinezen esanetan, «Madrilera begira» eman duelako botoa jendeak. «Hau ez da izan Nafarroako parlamenturako hauteskundeen bigarrren itzulia. Ezin gara UPNren jokoan erori».

ALFONSO ALONSO

PP

«Lanean jarraituko dugu, maite dugulako gure herria, Espainia»

2011n baino emaitza txarragoak izan zituen PPk, eta euforia girorik ez zen atzo Gasteizko egoitzan. Makal antzean hasi zuen hitzaldia Alfonso Alonsok. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emaitzez ezin gehiegi mintzatu, eta Espainiara begira jarri zen, zertxobait indartsuago: «Hauteskundeak irabazi ditugu». Lan egingo dutela promestu zien han bildutakoei: «Jakitun gara gure beharrak duen garrantziaz eta erantzukizunaz». Erantsi zuen PP dela «egonkortasun berme» bakarra: «Espainiaren interes orokorra beste ezerren gainetik jarriko dugu. Gogor lan egiten jarraituko dugu, maite dugulako herri hau, Espainia».

JAVIER ESPARZA

PP

«Espainiako ezkerraren erreferentzia nagusi izaten jarraitzen dugu»

UPN eta PPk Nafarroan osatu duten hautagaitza «arraskata bat» izan dela nabarmendu zuen atzo UPNko presidente Javier Esparzak. Bai Kongresurako eta bai Senaturako alderdi bozkatuena izan da harena: «Nafarrek argi eta garbi oihukatu dute Nafarroa ez dela nazionalista». Esparzaren arabera, sekula ez da gertatu halakorik: bost hilabetean, Nafarroako Gobernua «hain modu zitalean» zigortzea. «Horren isla da, zehazki, Uxue Barkos diputatu gabe gelditu dela Madrilen», oroitu zuen.

BEGOÑA ALFARO

Ezker Batua-Orain Batera

«Maiatzeko bozetan baino emaitza hobeak lortu ditugu»

Hego Euskal Herrian batere ordezkaritzarik gabe geratu zen Ezker batua-Orain Batera koalizioa, eta, ondorioz, balorazio onik ezin zuten egin hautagaiek, baina alde baikorren bat bilatzen saiatu ziren. Nafarroan, hala mintzatu zen Begoña Alfaro: «Maiatzeko bozetan Ezkerrak baino emaitza hobeak lortu ditugu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.