Albistea entzun

IRITZIA

Emile Larre euskaltzaina

Xarles Videgain - Euskaltzaina

2015eko ekainak 2

Emile Larre euskaldun apeza eta euskaltzain osoa hil da Kanbon 2015ko maiatzaren 30an.

Emile Larre Baigorrin sortu zen, 1926ko urtarrilaren 3an, Bastida auzoan. Lagunen artean mintzo zelarik, Baigorriarra zela ezagutzen zitzaion eiki eta Baigorriar izatea ez zuen saltzekoa.

Azken urte hauetan Emile Larrek bizitza dorpea zeraman, ustegabeko eroriko tzar baten ondotik bortizki joa. Kanboko Arditegi zaharretxean bere azken urteak etsitu gabe jasan ditu gaztean nola bere adin nagusian dena pindar eta su ezagutu dugun euskaltzainak.

Gaztedanik joan zen Ustaritzera apez izateko deia jarraikiz eta 1951n apeztu zen. Ustaritzen, Pierre Lafitte euskaltzalea ezagutu zuen eta harekin bere jakitatea errotu zuen fedean eta euskaldungoan. Emile Larrek zioen bezala ez zen ez apez ez euskaltzale soil izan nahi, baina euskaldun apez bat. Bi hitz horiekin nahi zuen adierazi batasun tinko batean atxikitzen zuela bere nortasuna, hots fedearekilako engaiamendua nola engaiamendu zintzoa bere mintzairarekin eta bere mintzairakideekin. Horrela zioen: «Beraz ene euskaltzale saila eta ene apez-saila ez dira bi bide, bakoitza bere alderat ari eta noiztenka kurutzatuz loazkenak, baina bide ta sail bakar bat».

Apez gazte gisa, egon zen Maulen bikario, Garaziko Mayorga ikasetxean eskola-emaile, gero Urruñan bikario, eta Hazparnen misionest-buru. Dudarik gabe Aiherra herrian igan urteak oso aberatsak izan zitzaizkiola aitortzen zuen, ondotik Irisarrin eta Donibane Garazin izan zituen karguak ez baldinbazituen gutiesten ere. Liburua ere eskaini zion pollita Aiherra herriari berari. Eliz testuen itzulpenean lan egin zuen ere, Vatikanoko II. Kontzilioaren ondotik parte hartu baitzuen Belokeko monasterian bilduz apez talde batean, liturgia latinetik euskarara itzultzeko helbururuarekin.

Euskaltzain osoa izendatua izan zen 1975an, preseski Aiherran erretor zelarik. Besteak beste, aste oroz Herria agerkarian egiten zuen lan gaitza euskaltzainek —beste euskaltzale guziek bezala— aspaldian begiztatu zuten eta beren artera gomitatzea erabaki zuten. Alabaina, gauzak malguki bezain fermuki bazakien erraten eta idazten. Gramatikarik idazteko ez zuen sekulan xederik izan eta halere Emile Larreri galdegitzen zitzaion hanitzetan zein ote zen zerbaiten adierazteko euskaraz izan zitekeen manerarik zuzena edo pollitena, edo bilduena ala zorrotzena. Bazuen Hegoaldeko euskaldunek deitzen duten euskararen «sena», hots, behaztopatu gabe, durduzatu gabe jiten zitzaion erantzuna, hainbeste maite zuen pilota jokoan eman ziroen erreferarik seguruenaren pare. Euskaltzaindiko lagunek talendu arraro hori ezagutzen eta baliatzen zuten, ezetzik bilduko ez zutelakoan.

Erran gabe doa guziz gustatzen zitzaiola euskara ongi menderatzea eskatzen duen bertsolaritza. Zenbat bertso ez ote zakien eta zonbat ez ote zuen idazten Emile Larrek? Eta guti uste zen mementoan ateratzen zitzaion ateraldi bizia bezain sarkorra, bertsozaleaz izateaz gain, titxolari dohaintsua izanik. Bera izan zen Iparraldean bertsolaritza arrapiztu zutenetarik Teodoro Hernandorenarekin, bertso saioak antolatuz 1958an jadanik eta epaimahaikide izanez.

Herria agerkarian hogeita hamahiru urtez, lan izigarria egin zuen aste oroz artikuluak moldatuz eta agerkaria bera zainduz, nafar-lapurteraz idatziz gehienik baina emeki emeki euskara batua sar-eraziz.

Emile Larre bezain hizlari on eta treberik ez dira hanitz izan ez Baigorrin ez eta Euskal Herrian. Ez eta bere sailean hain serioski erauntsi denik. Apez gisa, bertsozale gisa, idazle gisa, kazetari gisa lan egin duen euskaldun gizon honi euskaldungoak zor dio gure hizkuntza azkarrago eta ederrago izatea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alvaro Matxinbarrena artista, <em>Wild is the wind</em> erakusketan, Iruñeko Ziudadelako bolborategian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Argi leuna forma artistikoekin

Olaia L. Garaialde

Alvaro Matxinbarrenaren 'Wild is the wind' erakusketa irailaren 31ra arte ikusgai dago Iruñean
Harkaitz Cano eta Irati Jimenez idazleak eta Uxue Razkin editorea, atzo, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiko atarian. ©GORKA RUBIO / FOKU

Altxorraren giltzen bila

Gorka Arrese

Irati Jimenezek 'Ogia eta zirkua' saiakera idatzi du, Harkaitz Canoren 'Neguko zirkua' liburuko ipuinez. Unamuno saria jaso zuen. Erein etxeak argitaratu du
Jokin Campion Gaston, Saioa Alkaiza Guallar eta Ander Perez Argote, gaur, Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak otsailera atzeratu dute Bertsoaroa

Ane Eslava

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ari delako atzeratu dute zikloa. Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako irabazleen berri eman dute, eta Saioa Alkaizaren bertso sorta batean oinarritutako 'Biziraute saiakera' ikuskizuna aurkeztu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.