Albistea entzun

Fidel Castroren heriotza. Kuba-Euskal Herria

«Ulertzen zuen euskal berezitasuna»

Kubako euskal enpresariak eta iheslari politikoak bat etorri dira: Fidel Castrok ulertzen eta aitortzen zuen euskal nazio berezitasuna. Arazoak ere ekarri zizkion Espainiako hainbat gobernurekin.
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Fidel Castrorekin, 2002ko apirilean, Habanan.
Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Fidel Castrorekin, 2002ko apirilean, Habanan. BERRIA

Iñaki Petxarroman, Berriemaile berezia -

2016ko azaroak 30 - Habana

Aspaldikoa da Fidel Castro Kubako Iraultzaren buruzagi historikoak Euskal Herriarekin izandako harremana. Erbesteko lehendakari Jose Antonio Agirre gonbidatu zuen uhartera —hark uko egin zion gonbidapenari—, eta azken hamarkadetan harremana izan du Eusko Jaurlaritzako zenbait buruzagirekin, eta baita euskal gatazkaren ondorioak gertutik bizi izan dituzten iheslari eta deportatuekin ere. Guztiekin izan du halako gertutasun bat, Espainiako hainbat gobernurekin presio politiko eta diplomatikoak izan baditu ere aldiro-aldiro.

Uhartean ari diren euskal enpresariekin ere harreman berezia izan zuen buruzagiak, eta, ohikoa ez den arren, goi mailako gobernu harrera egin zien 2006. urtean.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari gisa, Jose Antonio Ardanzak eta Juan Jose Ibarretxek egin zuten bisita ofiziala Kubara, eta biak egon ziren Castrorekin ere. Alabaina, harreman hobea izan zuen Ibarretxerekin, euskal enpresariei beraiei aitortu zienez. Bilera ofizial haren ondorengo ohar bateratuan, bi gobernuek adierazi zuten pozik zeudela gobernatzeagatik «euren nazio identitateari eusten saiatu diren bi herrialde». 2002an Ibarretxek egindako bisita hartan, Kuba-EAE bitariko gobernu batzordea osatzea adostu zuten bi gobernuek, eta Castrok Ibarretxeri agindu zion «abantailak» emango zizkiela Kuban aritu nahi zuten euskal enpresei.

Eta hala izan da, BERRIArekin elkartu diren Kubako Euskal Enpresarien Elkarteko lau ordezkarik adierazi dutenez. «Fidelek beti babestu zuen Euskadi jendaurrean, eta horren adibide esanguratsua da enpresariei egin zigun harrera pribatua», esan du Dario Alonso Urrutibeaskoa Cesytako presidenteak. Bat etorri dira horrekin haren ondoan eseri diren Jesus Basterra Tor-Panel kooperatibako presidente exekutiboa, Florian Barcenilla I.M.Soroako ordezkaria eta Xabier Garmendia Consorcio Industrial enpresako presidentea.

Harreman berezi horren beste adibide bat da 2006an Kubak bideratu zuen euskal kreditua izenez ezagutu zena. Izatez kreditu hori Kuban ari ziren euskal enpresentzat sortu zen, baina Fidel Castrok adibide gisa erabili zuen munduko gainerako enpresekiko; bereziki, Jose Maria Aznar Espainiako presidentearen esku hartzearen ondorioz Europako Batasunarekiko harremana gaiztotuta zegoen garaian.

Euskal enpresariek diotenez, beste herrialde batzuetako enpresariek —Espainiakoek, batez ere— «inbidiaz» ere hartu izan dute Kubako agintarien harrera hori, nahiz eta ziurtatu duten ezer ez dietela oparitu. Azken hamar urteotan era guztietako gorabeherak izan badituzte ere, egungo egoera larria dela ohartarazi dute euskal enpresetako ordezkariek, 2015. urte amaieratik egindako hainbat eta hainbat lan oraindik ez dizkietelako ordaindu, eta kreditu arazo larri baten aurrean daudelako.

Harremana deportatuekin

Euskal gatazkaren ondorioak gertutik bizi izan dituen deportatu eta iheslarien kolektiboarekin izandako harremana ere nabarmendu du Txutxo Abrisketa deportatu eta Ugao enpresako presidenteak. «Fidelek bazekien Euskal Herriarena burujabetza arazo bat zela, eta, horregatik, beti ulertu izan gaitu».

1984an iritsi ziren lehen deportatuak Kubara, GAL Ipar Euskal Herrian atentatu odoltsuak egiten ari zen garaian. Frantziako, Espainiako eta Kubako gobernuek egindako akordio baten barruan heldu ziren ETAko militanteak, eta hor Fidel Castrok hainbat baldintza jarri zituen: deportatuak libre bizitzea Kuban, eta borroka armatuan ez aritzea, besteak beste. «Guk onartu egin genituen baldintzak, eta beti errespetatu ditugu Kubako Gobernuaren erabaki guztiak», adierazi du Abrisketak. Fidel Castrok berak ere presio eta arazo handiak eduki zituen, bai Felipe Gonzalezen garaian eta bai Jose Maria Aznarrenean. «Fidelek beti esan izan du gobernuen akordio hura indarrean zegoela, iheslariak betetzen ari ginela ezarritako baldintzak, eta, ondorioz, ez zuela inolako arrazoirik gure aurka egiteko».

Kuban bizi izan diren deportatu eta iheslariei etxe bat eman zien gobernuak, eta edozein lanetan aritzeko aukera. «33 urte pasatu ditugu jadanik, eta askok bizitza hemen dugu egina, eta hemengo herriaren parte gara», esan du Abrisketak.

Euskal Herriarekiko ezagutza eta aitortza hori adibide baten bidez gogoratu du Abrisketak. 1970. urtean, Burgosko prozesu betean, Espainiako Alderdi Komunistaren buruzagi batekin elkartu zen Fidel Castro, eta galdetu zion ea zer egoera zegoen Espainian. «Hura Alderdi Komunistaren egoera azaltzen hasi zitzaion, baina Fidelek berehala eten, eta ETAren eta Euskal Herriaren egoeraz adierazi zion jakin-mina. Guk ere erreferente eta eredu izan dugu ezker abertzalean».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Pekinen iragan astean egin zuten manifestazioetako bat. ©M. R. CRISTINO / EFE

Txina, konfinamenduen amaierarako bidean

Olatz Urkia

Urumqin hiru lagun hil ziren joan den astean, sute bat hasi eta konfinamendu neurriek suhiltzaileen lana oztopatu zutenean. Haserrea segituan piztu, eta Txina osoan hedatu dira neurri horren aurkako protestak; orain, egoera baretuta, badirudi gobernuak manifestariak lasaitzeko keinua egin duela.
Guardia Zibila, atzo, AEBek Madrilen duten enbaxadaren atarian. ©FERNANDO VILLAR / EFE

Espainiatik bidali dituzte gutun piroteknikoak, Poliziaren arabera

Uxue Rey Gorraiz Gorka Berasategi Otamendi

Sanchezek, Roblesek eta Ukrainaren eta AEBen enbaxadek jaso dituzte, besteak beste
Espainiako Polizia Ukrainaren enbaxadaren ingurumarietan, atzo. ©Chema Moya, EFE

AEBen enbaxadakoei eta Pedro Sanchezi ere bidali dizkiete lehergaiak

Uxue Rey Gorraiz

Sei dira guztira atzemandako bonbak; horietatik bost azken orduetan atzeman dituzte, Espainiako Defentsa Ministerioan, AEBen eta Ukrainaren Madrilgo enbaxadetan, Zaragozako arma lantegi batean eta Torrejon de Ardoz herriko aire basean. Pedro Sanchezen aurkako bonba bat atzeman zuten azaroan. Antzeko ezaugarriak dituzte, eta agian gehiago egongo direla ohartarazi dute.

 ©ROMAN PILIPEY / EFE

Errusiak ez du onartuko Ukrainako gerra krimenetarako auzitegirik

Mikel O. Iribar

Kremlinek «ilegitimotzat» jo du Europako Batzordeak egindako proposamena. Zelenskiren arabera, sei milioi herritar daude argindarrik gabe Ukrainanan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.