Albistea entzun

'Fracking'-ak ugalketa zaildu eta eragozten du

Arratoiekin egindako ikerketa baten bidez atzeman dute haustura hidraulikoan erabili ohi diren konposatu kimikoek ugalketarekin zerikusia duten prozesu hormonalei kalte egiten dietela oso sarritan
Ekologisten protesta bat haustura hidraulikoaren kalteez ohartarazteko, Alemanian, artxiboko irudi batean.
Ekologisten protesta bat haustura hidraulikoaren kalteez ohartarazteko, Alemanian, artxiboko irudi batean. W. KUMM / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Juanma Gallego -

2015eko urriak 18

Disruptore endokrino deritzen konposatuak lurraren erraietatik hidrokarburoak ateratzeko erabiltzen diren produktu kimikoetan agertzen dira, besteak beste. Orain, laborategian egindako ikerketa batek agerian utzi duenez, konposatu horiek arratoi arren hazi kopuruan eta testosterona mailetan eragina dute. Datuak Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) ikertzaileek kaleratu dituzte asteon Endocrinology aldizkarian. Adituek petrolioa eta gasa ustiatzeko prozesuan erabili ohi diren 24 konposatu kimiko aztertu dituzte, eta horietatik 23k hormonen funtzionamendu normalean kalteak sor ditzaketela atzeman dute. «Konposatu horiek estrogenoak, androgenoak, progestagenoak, glukokortikoideak eta tiroidea hormona jotzeko gai dira», azaldu du ikerketa horren arduradun nagusi Susan Nagel doktoreak. Missouriko Unibertsitatean (AEB) dihardu.

Jaio aurretiko esposizioa aztertu ahal izateko, konposatu horiek kutsatutako ura eman diete edateko arratoiei haurdunaldiaren hamaikagarren egunetik aurrera. Esperimentuan erabili beharreko kutsadura maila zehazteko, berriz, gas hobien inguruan topatu ohi diren konposatu kimikoen kopuruak hartu dituzte abiapuntu. Arratoi kumeak heldutasunera heltzean arren hazi-kopurua gutxitu egiten dela atzeman dute. Bestelako eraginak ere ikusi dituzte, hala nola testosterona maila altuagoak odolean eta barrabilen tamaina handiagoa.

Kalterik handiena ugalketarekin lotutako hormonetan sortzen da.Aztertutako konposatuen %90ek estrogenoei, androgenoei eta testosteronari eragiten diete. Estresarekin erlazioa duten glukokortikoideen kasuan, konposatuen %40k dute eragina. Kalte gutxien tiroideari egiten zaio: konposatuen heren batek baino ez du eraginik sortzen.

Gizakiengan egon daitezkeen ondorioak oraindik aztertzear badira ere, ikertzailearen arabera emaitzak giza osasunaren alorrean ere kontuan hartzekoak dira. «Orokorrean, karraskariak eredu onak dira gizakiek jasaten duten ingurumen esposizioa eta ugalkortasuna ikertzeko orduan», argudiatu dute. Gizakiek konposatu horiek ura eta airearen bitartez jasotzen dituzte, baina Nagelek adierazitakoaren arabera, azalaren bidez ere kutsadura ñimiño horren eragina izan dezakete.

Eragin ekonomikoa

Konposatu disruptore endokrinoek hormonen jarduera normalean eragiten dute. Batzuetan, hormona horien pareko funtzioak sortzen dituzte, eta beste batzuetan, berriz, funtzio horiek blokeatu edo aldatzen dituzte. Hormonek gorputzaren mezulari kimikoen rola betetzen dute, eta garrantzi handia dute ugalketa, hazkundea, digestioa eta halako prozesuetan.

Oraingo honetan arratoi arrengan izaten den eragina aztertu badute ere, etorkizunean konposatu horiek gizakiengan duten eraginean gehiago sakontzeko asmoa du Nagelek, bereziki emakumezkoen ugalkortasunean egon daitezkeen ondorioetan. Hau ez da izan haustura hidraulikoaren eragina ikertu duen lehen aldia: «Aurretik ere, beste lan batean, petrolioa eta gasa ustiatzeko erabilitako putzuetan sortzen diren ur zikinek disruptore endokrinoekin lotutako aktibitate gehiago dutela frogatu genuen».

The Journal of Clinical Endocrinology and Metabolism aldizkarian aurtengo martxoan argitara eman zen kalkulu baten arabera, EB Europako Batasunean konposatu horiek urtero 150.000 milioi euroko kostua eragiten dute, EBko Barne Produktu Gordinaren %1,23, hain zuzen ere.

Fracking-a eta disruptore endokrinoen arteko erlazioa aztertu duen lehen ikerketa da Nagelen lantaldeak egin duena, baina zientzialariek aspaldi jarri dute atentzioa konposatu horietan. Hil honetan bertan, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko talde batek 2012an egindako ikerketa baten emaitzak argitaratu ditu. Euskal kostaldean diren disruptoreen kutsadura mailak eta arrainek behazunean dituzten kontzentrazioak alderatu dituzte, eta bi aldagai horien arteko lotura egiaztatu dute. Eragin hori ur araztegien inguruan izaten da batez ere, gehienak ez daudelako prestatuta konposatu horiek ezabatzeko, eta, ondorioz, arrainetan pilatzen direlako pixkanaka.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Maria Txibite lehendakaria, artxiboko irudi batean. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Maria Txibite: «Pandemia amaitu? Esan dezakeguna da transmisioa apaldu dela, eta apaltzen segitu behar dugula»

Ion Orzaiz

Nafarroako Osasun Departamentuko iturriek BERRIAri azaldu diote izurriari neurria hartzeko parametroak «positiboak» direla, «eta horrek neurrien arintze bat ekarriko duela, ezusterik ezean»

Adingabeen Sansoheta zentroa, Gasteizo kanpoaldean. ©Juanan Ruiz / FOKU

Hamar pertsona auzipetu dituzte Arabako Aldundiaren zaintzapeko nerabeen ustezko prostituzioaren aferan

Edu Lartzanguren

Besteak beste, ustelkeria, sexu abusua eta adin gabekoeipornografia erakustea leporatzen diete akusatuei, Gasteizko Sansoheta zentroan bizi ziren 14 eta 17 urte bitarteko neska eta mutil batzuek 2016an eginiko salaketaren harira.

Matematika klasea Estitxu Robles kolegioan. ©Patxi Beltzaiz
Txakur batzuk txakurtegi batean ©Manuel Bruque/ Efe

Animalien babeserako lege proposamena tramitatzeari ekingo dio Eusko Legebiltzarrak

Edurne Begiristain

EH Bilduk eta EP-IUk uste dute EAJren eta PSEren lege proposamena hankamotz geratzen dela, eta animaliak babesteko lege integral bat eskatu dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.