Albistea entzun

Frankismoko krimenak. Argentinako kereila

Pozik, baina oso eszeptiko

Frankismoko krimenen biktimek pozez hartu dute Maria Servini Argentinako epaileak 20 lagun atxilo hartzeko emandako agindua.

Ez dute uste, hala ere, Espainiak erantzun egokirik emanen duenik
Martin Villa atxilotzeko eskatu du Servinik, martxoaren 3ko gertakariekin lotuta. Irudian, biktimei egindako omenaldi bat.
Martin Villa atxilotzeko eskatu du Servinik, martxoaren 3ko gertakariekin lotuta. Irudian, biktimei egindako omenaldi bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko azaroak 2

Sorpresaz hartu ditu batzuk; bertze batzuk, ez hainbeste. Baina frankismoko biktima askok itxaropentsu jaso dute Maria Servini Argentinako epaileak emandako agindua: krimen horiekin lotutako hogei lagun behin-behinean atxilotzeko eskatu du, hain zuzen, estraditatu ahal izateko. Haien artean dira Rodolfo Martin Villa Espainiako Sindikatuen Harremanetako ministro ohia —1976ko martxoaren 3an Gasteizen hildako bost langileekin lotuta—, Felix Criado polizia ohia —Jon Etxabe Garitazelaia euskal presoaren aurkako torturetan parte hartu izana egotzita— eta Antonio Carro Presidentetza ministro ohia —1975eko irailaren 27an Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxeberria fusilatzeko agindua ematea leporatuta—.

Krimen horiekin lotutako hiru biktimarekin hitz egin du BERRIAk: Jon Etxabe Garitazelaia, Txikiren anaia Kepa Paredes Manot, eta Martxoak 3 elkarteko bozeramaile Andoni Txasko. Albisteak poztu dituen arren, ez du hiruretako inork espero Espainiak aginduari erantzun egokia emanen dionik; baina nazioarteko presioan bederen eraginen duela espero dute.

Urrats bat aitzinera

Etxabe Garitazelaiak «itxaropentsu» hartu du albistea: «Gutxienez pozgarria da jakitea oraindik auzia bizirik dagoela». Haren iritziz «aurrerapausoa» da krimenen arduradunak azalera atera izana: «Handia ala txikia izango den, garrantzitsua ala ez, geroak erakutsiko du. Baina momentuan behintzat arazoa edo auzia ez dago geratuta». Ez dadila ahantzi, hori da harentzat garrantzitsuena: «Gure torturak eta frankismo garaiko zapalkuntza hura ez dela bertan behera isilean eta lurperatuta gelditu, baizik eta lurperatutako gorpuekin batera gure torturak eta hainbat basakeria berriz ere azalera agertzen ari direla: hori da inportanteena».

Paredes Manoti ere «itxaropena» piztu dio Servini epaileak atxilotze agindua eman izanak, nahiz ez duen espero Espainian eraginik izaterik: «Espainiako Gobernuak orain arte ez du ezer egin, eta ez dugu uste ezer egingo duenik. Egin beharko lukete, baina ez dute egingo». «Harritzekoa» iruditzen zaio, bestalde, Argentinatik aztertu behar izatea kasua, berez Espainian egin beharko litzatekeelako, haren ustez. «Baina gainera ministroak baldin badaude, iruditzen zait ez dutela ezer egingo. Ez zaie komeni, eta ez dut uste ezer egiteko gogoa edukiko dutenik, haien jendea hor tartean dabilela».

Txaskok ere ez du ikusten Espainiak erantzukizunez jokatzeko aukerarik: «Sorpresa litzateke positiboki erantzutea Servinik egindako galdeari». Hain zuzen, oroitu du Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy El Niño eta Jesus Muñecas ez zituztela estraditatu, eta orain ere antzera gertatuko dela dio. Nolanahi ere, «ausarta, garrantzitsua, eta positiboa» iruditu zaio Argentinako epailearen jarrera: «2010etik kasuak ikertzeko jarri dizkiguten oztopo guzien gainetik, azkenean uste dugu urrats garrantzitsuak egiten ari direla frankismoko inpunitatea bukatzeko».

Esperantza, nazioartean

Espainiaren erantzuna «antidemokratikoa» izanen dela uste arren, biktimak kontziente dira kasuaren garrantziaz: oraingoan hogei dira inputatuak, eta horietako asko, pertsona ezagunak. «Lehenago edo beranduago espero nuen halako zerbait, baina hainbeste batera ez nituen espero», aitortu du Garitazelaiak. Eta, bereziki, haren aurkako torturarekin zerikusia zuen norbait: «Ez nuen espero gure Criado jauna paperetan ikustea».

Ez du mendekurik nahi, baina bai, ordea, egia plazaratzea, eta, horretarako, garrantzitsutzat jo ditu komunikabideak: «Agian lortuko duzue nazioartean presioa egitea, pertsona horiek inpunitatea galtzeko». Nazioartean jarri du esperantza Txaskok ere: «Presioa handia da, eta uste dugu berandu baino lehen Espainiak buelta eman beharko diola daraman inpunitate politikari».

Orain arteko borroka luzea izan da Txaskorentzat, eta jarraituko duela badaki, gertatutakoaren inguruan «egia, justizia eta mina konpotzea lortu» arte. Bide horretan segitzeko deia egin du: «Espainia eta frankismoko krimenen arduradunak ordezkatzen dituen inpunitatearen paretan gero eta zulo gehiago egiten ari gara, eta ez dugu etsiko harresia erabat eraisten dugun arte».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritar batzuk osasun zentrora bidean, Donostian ©Maialen Andres / FOKU

Astebetean %52 handitu da positibo kopurua Hego Euskal Herrian

Irati Urdalleta Lete

27 herritar hil dira COVID-19ak jota, iragan astean baino hiru gehiago. Orotara, 445 gaixo daude Hego Euskal Herriko ospitaleetan.

Manifestazio jendetsua egin du gaur EHEk Durangon. ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Hizkuntza politika burujabea» aldarrikatu du EHEk Durangon

Maite Asensio Lozano

Ehunka lagun bildu dira Euskal Herrian Euskaraz taldeak egindako manifestazioan. Euskara «prozesu subiranistaren erdigunean» jartzera deitu ditu independentistak, eta euskararen aldeko borroka «berpiztea» galdegin die euskaltzaleei eta euskalgintzari.

Moderna txertoaren bi bial. ©Guillaume Fauveau

Moderna txertoa baizik ez dute jarriko Iparraldeko txertaketa guneetan

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak erran du «dosien kontserbazioagatik» hartu duela erabakia. Pfizer txertoaren dosi bat jarri behar dutenek eta 30 urtetik beherako herritarrek osasun langile independenteengana jo beharko dute hemendik aitzina.

Ziburun hildako hiru migranteen heriotzak salatzeko protesta ©Guillaume Fauveau

Ziburun trenak harrapatuta zaurituriko etorkinak eta hiru elkartek salaketa jarri dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Nahi gabeko hilketagatik, bizia arriskuan jartzeagatik, nahi gabeko zauriengatik, eta pozoitzeagatik jarri dute salaketa Cimade, Anafe, eta Gisti elkarteek, istriputik zauriturik atera zen etorkinarekin batera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.