Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak
Irizpideak berritu ditu Jaurlaritzak
Deialdiak ez du argitu nola neurtuko diren irizpide berriak
Zain zeuden euskal hedabideak, diru laguntzen deialdiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean zer zehaztuko. Herenegun argitaratu zen testua, baina argi gutxi egin du. Hedabideen deialdian, aldaketa nabarmen bat bada: ikus-entzuleak eta irismena aintzat hartuta banatuko ditu laguntzak Eusko Jaurlaritzak.
Prentsa idatziaren kasuan, ehun puntutik 70 eskuratu ahal izango dituzte gehienez irismenaren arabera; eta horietatik hamar, «hedadura mailaren arabera». Orain arte, autofinantzaketa irizpideagatik 35 puntu banatzen zituen; autofinantzaketaren irizpideak hogei puntu jasoko ditu orain. Irrati eta telebistek, berriz, audientziagatik 60 puntu jaso ahal izango dituzte gehienez; webguneek, bisita eta iraupen irizpideengatik, 50 puntu.
Nolanahi den ere, irismena, audientzia eta hedadura nola neurtuko diren zehaztapenik ez dakar aldizkari ofizialak. Komunikabide multzo bakoitzerako «berariaz prestatutako ponderazio taula batean» jasoko da puntuazioa. Testuak eransten du balorazioa egingo duen batzordeak iritzia eskatu ahal izango diela adituei.
Prentsa idatziari dagokionez, multzoak ere ezberdin antolatu ditu Jaurlaritzak aurten. Hiru multzo izan ohi ziren orain arte: eguneroko prentsa —tokikoa nahiz nazionala—, prentsa espezializatua eta egunerokoa ez den tokiko prentsa. Aurten bi multzotan batu ditu: prentsa espezializatua multzo batean, eta gainerakoak beste batean. Irizpideak aldatu ditu Jaurlaritzak, beraz, eta berandu heldu da deialdia. Hedabideek, gainera, iazko denboraren erdia izango dute eskariak aurkezteko: hamabost egun.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.