Ikertzeko dagoen altxor urdina

Eguzkiaren argirik ia ez da heltzen itsasoko eremu ilunera. Adituek zona mesopelagiko modura ezagutzen dute, eta 200 eta 1.000 metro arteko sakontasunean kokatuta dago. Ia basamortutzat jotzen zen duela hamarkada gutxira arte, baina orain bertan biodibertsitate itzela dagoela susmatzen dute zientzialariek.
2010ean, Malaspina izeneko espedizio ozeanografikoko zientzialariek zunda akustiko baten bitartez zona mesopelagikoan dagoen biomasa kalkulatzeari ekin zioten: kanpaina hori burutu arte, mila milioi tona arrain zegoela uste zen, baina benetan 10-15 milia milioi tona zirela kalkulatu zuten. Ozeanoetako biomasaren %90, hain zuzen.
Hasierako harridurarekin batera, zientzialarien kezka azaldu zen. Orain ardura hori berretsi dute Frontiers in Marine Science izeneko aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Azti-Tecnaliako Angel Borja itsas biologoa izan da egileetako bat. Zona mesopelagikoan ikerketa sustatzeko beharra azpimarratu du, eta bertan egin daitekeen ustiapena arautzearen alde azaldu da. Adituak azaldu duenez, gogoeta duela bi urte abiatu zuten, Washingtonen, Ozeano Atlantikoko bi aldeetako adituek egindako bilera batean.
Izan ere, horrenbesteko biomasa egoteak arrantzaren negozioan aritzen diren zenbait enpresaren arreta piztu du. Borjak azaldu duenez, arraste sare bereziak erabil daitezke eremu horretan arrantza egiteko. «Azaleran erabili ohi diren sareen antzekoak dira, baina sakontasunean erabiltzeko modukoak. Teknologia hori eskura dagoenez, Norvegian badira hainbat enpresa interesa dutenak negozio horretan sartzeko, eta lehen proba pilotuak egin dituzte».
Guztira 250 bat espezie arrain ezagutzen dira bertan, baina eremu ilunean identifikatu gabeko milioi bat espezie daudela kalkulatzen dute zientzialariek. Gehienak birusak, bakterioak, mikroorganismoak eta planktonak izango dira seguruenik, baina gaur ezagutzen ez ditugun arrain eta beste motako animalia asko egon litezkeela adierazi du Borjak.
Egon daitekeen biodibertsitatea kontuan izanda, ustiapena modu arautuan egiteko deia egiten dute alorrean diharduten adituek. Lehenik eta behin, eremu hori sakontasunez ezagutu ahal izateko ikerketak egin behar direla azpimarratu dute. Batez ere, bertako ekologia ezagutzeko: nolako harremanak dituzten bertako organismoek eta kate trofikoa zelakoa den zehaztu beharra dago. Tunidoek, marrazoek eta zenbait baleak, adibidez, zona mesopelagikoaren dependentzia handia dute elikatzeko orduan. «Gauzak ez badira ondo egiten, espezie horiengan ere eragina izan dezakete itsasoaren eremu ertain horretan egindako giza jarduerek», adierazi du adituak.
Inorena ez den eremua
Beste hainbat arlotan gertatu izan den antzera, legeria zaharkituek zientzialarien kezka areagotu egin dute. «Eremu horietako asko estatuek dituzten jurisdikziotatik at daude. Horregatik, erabili beharreko legedia NBE Nazio Batuen Erakundeak 1982an onetsitako Itsasoaren Legea da. Baina gai horren inguruan legeria hori ez da batere argia», ohartarazi du.
Baliabide horiek ustiatu baino lehen «beharrezkoak diren ikerketak» egin behar direla azaldu du Borjak. «Bertako ekosistema hobeto ezagutu behar da. Ustiatu nahi bada, modu iraunkorrean egin behar da ezinbestean».
Zientzialariek badakite eremu ertaineko arrainek eta krustazeo txikiek egunero migrazio bat egiten dutela itsas azalera, bertan dagoen planktonaz elikatzeko, eta ezaguna da fitoplanktonak karbono dioxidoa finkatzen duela ere. «Gero zona mesopelagikora bueltatzen dira. Deiekzioekin eta hiltzen direnean ere itsas hondora heltzen dira. Horrela, CO2a azaletik hartuta eta hondoratuta, nolabaiteko bonba lana egiten dute». Prozesu hori egon ezean, beraz, atmosferan dagoen karbono dioxidoaren kopurua handiagoa izango litzateke.
Ezagutzen den biomasaren zatirik handiena hiruzpalau espezietan biltzen da. Borjak azaldu duenez, ohikoena Cyclothone izeneko arraina da. «Ez dirudi horien ustiapena giza elikadurara zuzenean bideratuta egongo denik». Arrandegietan, beraz, ez ditugula ikusiko segur aski, baina horrek ez du esan nahi gizakiontzat interesgarriak ez direnik. «Akuikulturan erabiltzen den arrain-irina egiteko erabil daitezke, eta baita botika eta elikadura osagarriak egiteko ere», iragarri du.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.