Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Lan ona azalduko delakoan

Publizitatea

Kirola

Arrauna. Eusko Label liga: San Juan

Lan ona azalduko delakoan

Bigarren txandatik azkenekora begira ibiltzeko gai ikusten da San Juan, prestaketako datuen arabera. Juan Mari Etxabek hartu du Joseba Fernandezek utzitako tokia
San Juaneko arraunlariak, trainerua sorbaldan eramaten, Lekeitioko banderan lehiatu aurretik, joan den igandean.
San Juaneko arraunlariak, trainerua sorbaldan eramaten, Lekeitioko banderan lehiatu aurretik, joan den igandean. JOSU Z.

2017-06-18 / Aitor Manterola

Gogoan ondo gordetzekoa izan zen San Juanen aurreko denboraldia. Eusko Label ligan bandera bat irabazteko gai ere izan zen. Zierbenan azkarrena izan zen, eta lehiaketa honetako bere lehen bandera bereganatu zuen. Azken urteetan egindako lanaren segidak ondorio paregabea ekarri zuen. Baina lan horrek nolabaiteko etena izan zuen udazkenean. Joseba Fernandezek Urdaibairako bidea hartu zuen, eta Juan Mari Etxabek ordezkatu du entrenatzaile lanetan.

Ez da aldaketa bakarra aurrekoarekin alderatuta. Ia talde guztietan gertatzen den bezala, arraunlari batzuek ez jarraitzea erabaki dute, eta berriak etorri dira San Juanera haien ordez. Hala ere, Etxabek azken urteetako arraunlari multzoari eusten dio, eta oinarri sendoa dela erakutsi izan dute azken denboraldietan. Gustura dago entrenatzailea arraunlariekin egiten ari den lanarekin, eta, hain justu, horrexek ematen dio konfiantza udako emaitzei begira: «Lan ona ari gara egiten entrenamenduetan, eta erreferentzia zehatzak dauzkagu aurreko sasoian bezala ibiltzeko gai izan gaitezkeela». Ez da gutxi. Atzo bertan, entrenamenduan, estropada simulatua egin zuen taldeak, eta Etxabe oso pozik atera zen probarekin.

Helburuak zehazten hasita, apaltasunez ekin dio entrenatzaileak: «Lehendabiziko lana mailari eustea izango da; horretan ez dezala inork batere zalantzarik izan. Ezin ditugu hankak lurretik aterata egin kontuak». Ez du ematen aurreneko helburu hori lortzeko zailtasun handirik izango duenik San Juanek. Horregatik, beste asmo batzuen berri ere eman du entrenatzaile oiartzuarrak: «Bigarren txandan ibili behar dugu, eta hortik ea azkenekora jauzi egiteko gai garen, onenen artera».

Lan hori bete ahal izateko, sekulako garrantzia ematen dio ligaren hasierari: «Aurreneko zatia funtsezkoa izango da, talde asko ibiliko garelako erdiko multzo horretan finkatu nahian. Eta ez denez denentzako lekurik egongo, batek edo bestek aurreneko txandara joan beharko du». Bere taldea ez du hor ikusten, eta garbi bezain ozen esan du, gainera: «Ez nago atzera begira. Laugarren postua lortzeko borrokatuko gara, iazkoa hobetzeko. Badugu gaia horretarako».

Berriro atera du solasaldira neguan eta udaberrian egindako lana: «Badakit lan on hori azaldu egingo dela udan. Noiz ez dakit, baina erabat ziur nago azalduko dela».

Aurkarien erreferentzia zehatzik ez dauka: «Haiek gurerik ez duten bezala, ez bainaiz zalea azkeneko estropada hauetan ateratzekoa. Buruak lan egiteko arrisku handia egoten da estropada horien ondoren, onerako edo txarrerako. Beraz, nahiago dut entrenatzen jarraitu». Baina badaki bakoitza nola ibiliko den gutxi gorabehera: «Hondarribia ikusten dut faborito, eta gertu izango ditu Urdaibai eta Orio ere. Laugarren lekurako lehian ibiliko gara Zierbena, galiziarren bat, Kaiku eta gu, ziurrenik».

«Etxean oso eroso nabil»

Badira hainbat urte Etxabe San Juanen ari dela, emakumezkoen taldearen ardura hartu zuenetik, 2013an. Sekulako lanari emaitza bikainak gehitu zizkion, eta orain gizonezkoen talde nagusian ere eroso ari da: «Oso lasai ari naiz, gauzak berez-berez hartzen eta berdin egiten. Emakumezkoen taldearekin emaitza onak atera genituen, eta asmo bera daukat gizonezkoekin ere. Gustura ari naiz, eta hemen izango naiz botatzen ez nauten bitartean».

Antzematen zaio konfiantza duela: «Arraunlariak erakusten ari zaizkidalako gai direla aurrerapausoa emateko».

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak