Erabakitzeko eskubidea. Eusko Legebiltzarreko saioa

Gerturatze bat

Ibarretxek eta ezker abertzaleak nolabait bat egin zuten 2004an, EAEko estatutu berriaren proposamenean, baina azkeneko urteetan adostasun sakonagoak azaldu dituzte.
Juan Jose Ibarretxe, apirilaren 15ean, Eusko Legebiltzarrean, EH Bildukoak agurtzen.
Juan Jose Ibarretxe, apirilaren 15ean, Eusko Legebiltzarrean, EH Bildukoak agurtzen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2015eko maiatzak 1
Ezker abertzaleak, SA Sozialista Abertzaleak taldearen bitartez, erdizkako baiezkoa eman zion 2004ko abenduaren 30ean Juan Jose Ibarretxe (EAJ) Jaurlaritzako lehendakariaren planari, eta EAEko Estatutu Politiko Berriaren proposamena onartu egin zuen Eusko Legebiltzarrak. Ordea, Ibarretxek eta ezker abertzaleak urrun zituzten bideak, estrategiak eta jarrerak. Handik hilabete pasatxora joan zen lehendakaria estatutu hura defenditzera Espainiako Kongresura, eta han bukatu zen ibilbidea, 2008an ere ezker abertzaleko EHAKren baiezko mugatu batek EAEko Kontsulta Legea onartzea ahalbidetu zuen arren. Ez zegoen akordio estrategiko baterako baldintzarik.

Gaur bai? Ibarretxek eta Sortuk —EH Bilduren bitartez—, behintzat, gertuago dituzte posizioak bide politiko eta demokratikoez, errealitate printzipioaz, erabakitzeko eskubideaz, aldebakartasunaz, (in)dependentziaz...

2009ko maiatzean PSEk eta PPk lehendakaritzatik bidali ostean, Ibarretxe zazpi hilabetean egon zen jendaurreko ekitaldirik egin gabe. Tolosan berragertu zen, eta «etorkizunerako ausardia politikoa» beharko zela iragarri zuen. 2005ean —eta 2008an— Espainiako Estatuak atea itxi ostean, EAEko instituzioek, alderdiek eta gizarteak ez zuten erreakzionatu. Ezker abertzalea PSOEren gobernuarekin negoziazio eskema bat lantzen ari zen «gatazka konpontzeko». Dena erori zen bi urteren buruan: bake prozesua, Ibarretxe Ajuria Enetik at... Eten bat.

2010eko uztailean iritzi artikulu batean, «herritarren hitza errespetatzeko ekimen politikoa» eskatu zuen EAJ-EA-EB hirukoaren Jaurlaritzako lehendakari izandakoak. Bakanak ziren, baina, haren agerraldiak. Printzipio etikoa, printzipio demokratikoa eta giza garapen iraunkorra: eredu demokratiko baten oinarriak izenburuko tesia prestatzen ari zen. Urte hartako urriaren 25ean leitu zuen tesia —Gernikako Estatutuaren 31. urtemugan—, Donostian. Han zen haren familia, baita Iñigo Urkullu EAJren orduko EBBko burua ere. Giza eskubideen errespetuaz gain, «printzipio demokratikoaren errespetua» eskatu zuen Ibarretxek; tartean, «euskal gizarteak hartutako erabakienganakoa». Egun berean, Kursaalen esan zuen herrien nortasuna eta erabakitzeko eskubidea direla etorkizunaren motor. 2011ko apirilean zioen «erabakitzeko eskubidearen aldeko haizea» dabilela munduan. Urte bereko urrian, New Yorken, NBEren egoitzan printzipio hura aldarrikatu zuen. 2012ko irailean ohartarazi zuen hemen ere «utopia gauzagarrien garaia» bizi dela. Haren diskurtsoa abiada hartzen bezala ari zen.

Abiapuntuak

Joan den apirilaren 15ean Eusko Legebiltzarrean autogobernu lantaldean solastatu zenean, han ziren legebiltzarkideei esan zien badakitela berak nola pentsatzen duen, 2004ko estatutu proposamenean ageri dela pentsamoldea. Idatzi artikulatu hartan jasotzen da «Euskal Herriak» eskubidea duela bere etorkizuna erabakitzeko, eta «eskubidearen erabilera» zehaztu zuten: «Euskal Herria egun antolatua dagoen hiru eremu juridiko-politikoetako herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko kontsultatuak izateko duten eskubidea errespetatuz gauzatzen da». 2004ko abenduko bozketa egunean estatutu berriaren hitzaurrea azpimarratu zuen Arnaldo Otegik (SA), Euskal Herriaren, autodeterminazioaren, herri galdeketaren eta gatazka gainditzeko prozesuaren aldekoa zelakoan.

Batasunak 2004ko azaroan Anoetako adierazpenean bazekarren «konponbide prozesua Euskal Herriaren gaur egungo egoeratik abiatuta» egingo beharko dela. 2007an zehatzago zekarren Anaitasuneko proposamenak, eta EH Bilduk Euskal Bidean estatua lortzeko estrategiaren barruan sartu du errealitate printzipioa (EAE, Nafarroa, Iparraldea), eta erabakitzeko eskubidea tresnatzat dauka. Eta, dioenez, Espainiako Estatuarekin negoziazioa bai, baina ezin bada, aldebakartasuna. Halaber, hor da Sortuk eta ETAk bide politikoen eta demokratikoen alde egindako apustua.

Bi pentsamoldeen gerturatzeak baditu atal gehiago. Duela bi urteko martxoan Azpeitiko solasaldi ziklo batean, ausardiaz mintzatu zen Ibarretxe. «Ez dago konstituziorik, ez legerik, hemen egin nahi duguna oztopatzeko. Beraz, aitzakiarik ez; guk gehiengo sendo bat badugu, egingo dugu». Egun leudekeen «bi» hautuez aritu zen 2013ko uztailean, País Vasco, ¿un nuevo estado? (Euskal Herria, estatu berri bat?) liburuko bere kapituluan: «Estatuko nazioek bi bide baizik ez dituzte: Espainiak bere kabuz erabakitako bizikidetza eredua onartzea ala estatutik joatea». Espainiarekiko «dependentzia» ere atera du plazara, hura txarretsiz, iazko urtarrilean Kontzertu Ekonomikoari buruzko jardunaldietan aipatu bezala. «Aldebakartasuna» aitatzen ere hasi zen iaz: «Edo demokraziaren bidea hartzen da, edo alde bakarreko adierazpena egingo da» (apirila, Gure Esku Dago-ren hitzaldia). Iazko urrian Iñigo Iruin ezker abertzaleko kide historikoarekin batera gutun bat argitaratu zuen egunkari batzuetan: «Gertaera jakingarriak bizi ditugun garai honetan —Eskozia, Katalunia…—, itxaropena eta gogoa indartu nahi ditugu jendearengan, guk biok bezala makina batek aldarrikatzen baitu Euskal Herria badela eta, beraz, baduela eskubidea bere etorkizuna askatasunez eta demokraziaz aukeratzeko, ez bakarrik hala sentitzen duelako, baizik eta irrikaz nahi duelako gauzak elkarrekin esan eta egin ahal izatea». Duela bi aste Gasteizko parlamentuko saioan aldebakartasuna eta independentzia, biak erkatu zituen: «Erabakitzeko eskubidea onartu ezean, alde bakarreko independentzia aldarrikapenak izango dira Euskal Herrian eta Katalunian».

«Zer osagai behar dira prozesu subiranista martxan jartzeko?», galdetu zion Arraizek apirilaren 15ean. Hasteko, bi, Ibarretxeren arabera: 2006ko Loiolako aurreakordioa —Batasunak azkeneko momentuan baztertu zuen— eta 2004ko estatutua. Euskal Bideak «prozesua ahalbidetzeko epe motzeko pauso» gisa dakar EAEn estatus politiko berria behar dela, eta Arraizek berak esan du estatugintza prozesu baterako, Loiolako testuez gain, Ibarretxe plana «abiapuntu» gisa har daitekeela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna