Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kirola Olaizolak egin du erreskatea

Publizitatea

Kirola

Olaizola II.a-Untoria 22 Elezkano II.a-Zabaleta 15

Olaizolak egin du erreskatea

Goizuetako aurrelaria bikain aritu da partidaren erdialdetik aurrera, eta finalerdietako lehen garaipena lortu du Untoriarekin. Elezkano II.a-Zabaletak ia ezinezko dute finalean sartzea
Aimar Olaizola, pilota eskuinez astintzen, Danel Elezkanoren aurrean, atzoko partidan.
Aimar Olaizola, pilota eskuinez astintzen, Danel Elezkanoren aurrean, atzoko partidan. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

2017-03-19 / Imanol Magro Eizmendi

Iraupena. 1.07.15.

Pilotakadak. 516.

Saketik. Olaizolak, bi; Elezkanok, bat. Markagailua. 0-1, 1-1, 1-2, 2-2, 3-2, 5-3, 5-5, 7-5, 7-7, 8-7 ,8-8, 8-11, 11-11, 12-11, 12-12, 13-12, 13-13, 18-13, 18-14, 20-14, 20-15 eta 22-15. Bestelakoak. Apustuak 100-40ri irten ziren gorrien alde. Labrit Iruñeko pilotalekua bete egin zen (1.100 ikusle).

2. Mailako txapelketa. Gorka-Martija 10; Peña II.a-Ibai Zabala 22. Finala Arteaga-Erasunek eta Peña II.a-Salaverrik jokatuko dute.

37 urte ditu Aimar Olaizolak, eta ile urdin batzuk buruan. Abel Barriola erretiratzen denean, bera izango da esku-huskako profesionalik zaharrena, baina oraindik ere edozein partidaren norabidea aldatzeko gai da. Baita binakako txapelketako finalerdi batekoa ere. Hala gertatu zen atzo Iruñean, eta, Elezkanok eta Zabaletak nekearen poderioz pixka bat behera egin zutenean, bera agertu zen. Errematerako aukerak baliatu, eta finalerdietako ligaxkako lehen puntua lortu zuen Alvaro Untoriarekin batera. Heldu den astean Irribarria-Rezustari irabazten badiete, finalerdietan izango dira. Galtzaileek, berriz, ia ezinezko dute finalean sartzea.

Labritekoa txapelketako partida petoa izan zen. Gidoi klasikoa izan zuen, gainera: hasiera oso gogorra, norbaitek pot egin zuen arte. Eta urdinak erori ziren. Dena den, hobeto hasi ziren. Jose Javier Zabaletak primeran ekin zion partidari, Untoriaren aurrean aginduz. Elezkanok ondo baliatu zuen aldeko haizea, eta zortzi tanto egin zituen jokoan. Elkarlanari esker, urdinek hiru tantoren aldea lortu zuten (11-8).

Errenta lortu bai, baina lan asko eginda. Bosnako berdinketarako, 205 pilotakada joak zituzten lauren artean, eta, 11na zirenerako, 400. Tratua nabaritu zuten urdinek, Zabaletak freskotasuna galdu baitzuen, eta Elezkanok, esku bat mindu. Aldea, baina, ez zuten nekearengatik bakarrik galdu, erabaki txarrak ere hartu baitzituzten. Hiru tantogatik irabazten ari zirenean, Elezkano aurrean endredatu zen Olaizolarekin, eta hark larrutik ordainarazi zion ausardia. Elezkanok konfiantza galdu zuen tarte horretan.

Larrialdia pasatuta, Untoriak arnasari buelta eman zion, eta lasaiago jokatzen hasi zen. Olaizolak airez sartzeko aukera gehiago izan zituen, eta jokoa orekatu egin zen (13-13). Hortik aurrera, partida erabat aldatu zen, eta tantoen iraupena asko laburtu. Zabaletak ezin zuen Olaizola saihestu, eta Elezkano ezin zen sakeetara airez sartu —asko errestatu zituen partidaren hasieran—. 14-13koa txokoan egin zuen Olaizolak, 15-13koa zabalean, gero bi tanto egin sake-errematez, eta 18-13koa atzean. Erreskatea garaiz iritsi zen, eta partida luze eta gogorra zena bost minutuan desorekatu zen. Pilotak bizi antzekoak ziren, eta tanto sorta erraztu zuten.

Olaizolak hamahiru tanto egin zituen jokoan, eta Elezkano ernegatu zuen erremateekin. Hala ere, Zaratamokoak azken erreakzioa izan zuen, eta bukaerako emaitza dotoretu zuen. Dotoretu baino ez, dena den, ordurako partidari buelta ematea ia ezinezkoa zelako. Olaizolak saketik egin zuen azken tantoa. Orain euren esku dute finalerako sailkatzea.

Finalera, Donostiatik

Bengoetxea-Larunbek eta Irribarria-Rezustak finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiko bigarren partida jokatuko dute gaur, Donostian (17:00). Ligaxkako lehen jardunaldian irabazi zuten bi bikoteen arteko partida da. Bengoetxea-Larunbek gaur irabazten badute, finalerako sailkatuko dira, iragan astean Olaizola II.a-Untoriari irabazi zietelako.

Aldiz, Irribarria-Rezustak irabazten badute, lau bikoteek izango dute sailkatzeko aukeraren bat. Lehen fasean elkarren aurka jokaturiko bi partidak Bengoetxeak eta Larunbek irabazi zituzten —22-16, Hendaian; eta 22-21, Tolosan—; hala ere, apustuak Aspekoen alde irtengo dira gaur. Ligaxkan galdu zituzten partida bakarrak izan ziren horiek.

Publizitatea

Sortu kontua
Imanol Magro Eizmendi Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak