Udal eta foru hauteskundeak Gipuzkoan

Zaharra berri Gipuzkoan?

1991ko bozetan HB eta EA aurretik geratu arren, EAJren eta PSEren akordioagatik Eli Galdos jarri zen ahaldun nagusi; Donostian alkate, Odon Elorza.

Besteek ere baztertu izan dituzte indar bozkatuenak
Eli Galdos EAJko kidea hizketan, 1991ko uztailaren 2an, Ordizian. Orduan izendatu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusia, EAJk eta PSEk akordioa eginda.
Eli Galdos EAJko kidea hizketan, 1991ko uztailaren 2an, Ordizian. Orduan izendatu zuten Gipuzkoako ahaldun nagusia, EAJk eta PSEk akordioa eginda. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2015eko maiatzak 13
Ia inor ez da salbatzen. Gehiagotan ala gutxiagotan, erakunde handietan ala txikiagoetan, aspaldi edo berriki, tokiko indar bozkatuenari gobernua hartzea galarazi izan diote inbestidura saioan. Maiatzaren 24ko udal eta foru hauteskundeetan ere gertatu ahal dira horrelakoak. Gipuzkoan, esate baterako; iragarri baitute, nolabait.

Maiatzaren hasieran kazetariekin egindako gosari informatibo batean Markel Olano EAJren Gipuzkoako ahaldungai nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkategaiak ez zuten esan zerrenda bozkatuena errespetatuko dutela. EH Bildurekin akordioa kasik ezinezkotzat jota, iragarri zutena izan zen EAJk Gipuzkoan eta Donostian beste alderdiekin gobernua osatzeko akordioak bilatuko dituela. Argia-ren eztabaida saioan Xabier Olano EH Bilduren zerrendaburuak Markel Olanori adierazi zion boto gehien dituenari dagokiola «printzipioz, gobernu ardura». Nafarroan ere bai? Kasurako, Adolfo Araiz EH Bilduren Nafarroako lehendakarigaiak argi dio ezetz, UPN bada lehen indarra hark gobernua ez hartzen saiatuko direla, beste alderdi batzuekin bat eginda.

Ez da oraingo kontua hauteskundeetako lehen indarra ez izatea tokiko gobernuko buru, kasu berezirik ere gertatu izan den arren. 1986an Eusko Legebiltzarrerako bozetan PSE-EEk lortu zituen aulki gehien (19), baina EAJk (17) segitu zuen Jaurlaritzako lehendakaritzan; bi alderdiek egin zuten hitzarmena.

Kasu gehiagotan jazo dira lehen indarraren aurkako itunak. 1991n, esaterako. Biktimak, bi: HB eta EA. Izan ere, orduko udal eta foru hauteskundeen ondoren EAJk eta PSEk akordioa egin zuten. Ekainaren 15ean ziren udaletako inbestidura saioak, eta bi alderdiek bi egun lehenago jakinarazi zuten akordioa lortu zutela Gasteiz ondoan egindako bilera batean. Joseba Egibar, Felix Ormazabal, Juan Mari Ollora eta Jose Alberto Pradera izan ziren EAJren mintzaideak batzarrean; PSEkoak, Ramon Jauregi, Jose Luis Marcos Merino, Nicolas Redondo, Fernando Buesa eta Jose Antonio Maturana; jende garrantzitsua. EAJ gogor kritikatu zuen Carlos Garaikoetxea EAko presidenteak, «joko zikina» eta «botere gosea» egotzita.

Lehen mugimendua, udaletan. Donostiakoa izan zen kasurik esanguratsuena. EAk irabazi zituen hauteskundeak, Xabier Albistur zela alkategai (6 aulki), baina alkate, PSEko (5) bat: Odon Elorza. EAJk babestu zuen, baita PPk ere. Bozetan hirugarren geratu zen PSE, laugarren PP, bosgarren EAJ; hiruren artean, gehiengo osoa. «Demokrazia eta abertzaleen kontrako jarrera erakutsi dute», zioen Tasio Erkizia HBko eledunak —Donostian bigarren geratu ziren—. EA ere bazen 1988tik Ajuria Eneko Ituneko kide, eta Albisturrek salatu zuen handik «eraso» egin ziotela bere alderdiari. Donostiakoa «estatu kolpe demokratiko» gisa jo zuen Juan Maria Bandres EEko buruak.

Dena dela, udalerri batzuetan EAJ-PSE batura ez zen nahikoa izan, eta zenbait tokitan, gainera, HBk eta EAk elkar hartu zuten batak besteari emateko alkatetza: Bermeon, Sopuertan, Ondarroan, Lekeition... Arrasateko kasua ere deigarria izan zen: EAJko bi hautetsi independentek ez zuten bete agindua, eta alkatetza HBk —Xabier Zubizarretak— hartzea ahalbidetu zuten. Giroa hura zen arren, HBren botoei esker EAJ Altsasun alkatetzara heldu zen.

1991ko bigarren mugimendu nagusia Gipuzkoako Aldundikoa izan zen. Foru bozetako emaitzak: HB lehen indarra (hamabi batzarkide), EA bigarren (hamabi), EAJ hirugarren (hamabi), PSE laugarren (bederatzi), EE bosgarren (lau), PP azken (bi). Jeltzaleak eta sozialistak ados jarri ziren inbestidura saioa baino lehen, diputatu nagusi Eli Galdos (EAJ) hautatzeko eta alderdi bakoitzak bosna diputatu izateko. EAko kide bat zen jarduneko ahaldun nagusi: Imanol Murua —1985etik zegoen karguan—. Egoera berezia zen. Adibidez, ekainaren 17koak dira: Jaurlaritzan aldi hartan EAJ-EA-EE hirukoa zegoen, eta Jesus Egigurenek (PSE) Jose Antonio Ardanza (EAJ) lehendakariari eskatu zion gobernuko «kontraesana» konpontzeko; Egibarrek esan zuen EA bere kabuz Ajuria Eneko Itunetik kanpo geratu zela, zenbait udaletan HBrekin bat egiteagatik eta, hala, «hitzarmena apurtzeagatik». Leitzarango autobidearen auzia ere bazen, artean konpondu gabea. Heldu zen inbestidura, HB eta EA ez ziren ados jarri, eta, Ordizian egindako bilkuran, Gipuzkoako diputatu nagusi, Galdos, gehiengo soilarekin. Uztailaren 2a zen. Hilabete pasara Lurraldea plataformarekin autobidearen ibilbidea moldatzeko akordioa erdietsi zuen.

Bi kasu erkidegoetan

Beste legealdi batzuetan ere gertatu dira antzekoak. 1995ean Nafarroan ere, garrantzi handikoa: UPNk irabazi zituen hauteskundeak, 17 parlamentari lortuta, baina PSNk (11), CDNk (10) eta EAk (2) hitzarmena egin, eta Javier Otano sozialista lehendakari. 2007an Gipuzkoan Miguel Buen PSEko kidea nagusitu zen (16), bigarren EAJ geratu zen (16; bi puntu gutxiago), baina diputatu nagusi, Markel Olano jeltzalea, EArekin bat eginda. 2007an bertan Azpeitian EAJk lehen aldiz galdu zuen alkatetza, EAE-ANVk, EAk eta Aralarrek akordioa egin ostean. 2009an ere handia gertatu zen: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ nagusi (30), buru Juan Jose Ibarretxe zuela, bigarren PSE (25), baina lehendakari, PPren (13) babesa jasota, sozialista bat: Patxi Lopez.

2011n askotariko kasuak

2011ko udal hauteskundeetan gehiengo osorik gabeko kasuetan askotariko mugimenduak gertatu ziren. Gipuzkoan, esaterako, Lasarte-Orian PSEk irabazi zituen bozak, baina Bildu iritsi zen alkatetzara, EAJren eta herriko plataforma baten babesari esker. Orion ere Bildu agintera, bertako plataforma batek sostengatuta, nahiz eta EAJ izan zen gailen bozetan. Bizkaian Lanestosan, Markina-Xemeinen eta Muxikan EAJk irabazi arren, Bildu alkatetzara: Lanestosan PSEren babesa jaso zuen, Markina-Xemeinen Aralarrena eta Muxikan herriko plataformarena. Aldiz, Elorrion Bilduk irabazi zuen, baina EAJ heldu zen alkatetzara, PPren laguntzarekin. Eta Trapagaranen PSE izan zen bozkatuena, baina EAJ agintera, Bilduren babesarekin. Nafarroan, Beran Bildu nagusitu zen, baina Aralarrekoa jarri zen alkate, EAJk sostengatuta; Baztanen UPN irabazle, baina Bildu alkatetzara, Ezkerrak babesa eman ondotik.

PSEk eta PPk EAJri leporatzen diote duela lau urte ez zuela nahi izan Gipuzkoan Bilduk aldundia, Donostiako Udala edo beste udal garrantzitsu batzuk ez hartzerik. Baziren bi faktore garrantzitsu orduan: bake giro nabarmen bat zegoen eta Bilduk ezbairik gabe irabazi zituen Gipuzkoan hauteskundeak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna