Albistea entzun

Azken txanpa hartzeko gertu

Azken 72 orduetan murgiltzear da hiria. Asteburua igarota, sanferminak bertakoentzat geratuko dira, baina hiriak hamaika aukera eta ikuskizun eskaintzen dizkio bisitariari.
Nafarroako Museoaren inguruneak, jendez gainezka.
Nafarroako Museoaren inguruneak, jendez gainezka. VILLAR LOPEZ / EFE

Joxerra Senar -

2015eko uztailak 12 - Iruñea

Zenbat buru, hainbat aburu, eta festa bizitzeko makina bat modu. Gaua eta eguna bezain diferenteak dira jaiez gozatzeko erak, eta sanferminen abantaila nagusietako bat da norberaren interesetara molda daitekeela. Gaur, azken txanpan murgilduko dira festak, eta makina bat iruindarri erregaia agortzen ari bazaie ere, askok azken uneraino aterako diote zukua. Iruñera datozenentzat, berriz, bada non aukeratu. Egitarau ofizialean, zein handik kanpo, azken hiru egunei begirako gida bat egin liteke, egunaren 24 orduak aintzat hartuta. Azken finean, Iruñea azken txanpa hartzeko gertu badago, horretarako ohol egokia izan liteke.

Eguna hasi eta gaua amaitzeko modurik egokiena dianak dira. La Pamplonesa udal musika taldeak laburbiltzen du ezerk baino hobeto Iruñearen izpiritua. Urte osoan hiriaren seriotasuna du bandak. Esate baterako, Aste Santuko prozesioan Alde Zaharreko kaleak zeharkatzen ditu, eta inork ezingo luke imajinatu bertako zuzendariak hilabete batzuk geroago, sanferminetan, kale saltzaile bati erositako plastikozko makilatxo batekin bere inguruan saltoka eta dantzan doan jatorri orotariko jende multzoa gidatu dezakeela. Alta, hiriaren alaitasuna kutsatzen zaio La Pamplonesari jaietan. Egunero, 06:45ean ateratzen dira toki ezberdin batetik. Gaur, Calceteros kaletik aterako dira; bihar, Txapitela kaletik, eta, etzi, Merkatuko kaletik. Dianetan, bat egiten dute goiztiarrek zein gaupasa egin dutenek, baina berdin du. Bakoitzak berea egiten du.

Dianak amaituta, ordubete baino gutxiago geratuko da entzierrorako. Zaila izaten da leku apropos bat hartzea ordurako. Zezen plazan tokia egon badago, baina sei euro ordaindu behar dira. Nafarroako Museoaren inguruetan zezenak San Domingon gora nola igotzen diren ikus daiteke, baita entzierro aurreko kantuak entzun ere. Dena den, lehen lerroan egoteko, pare bat orduz zain egon behar izaten da. Itxaronaldi handiegia, segundo batzuetako igoera ikusteko.Zenbaitek Estafetan balkoia alokatzen dute, baina prezio garestiak dira.

Entzierroa amaituta, zezenaren usaina kalean, jendea berehala hasten da gosari bila. Batzuek nahiago dute hamarretako haragijale proteinadun nafarra hartzea (arrautza frijituak, hirugiharra tomatearekin, txistorra...). Urdail leunagoek, txokolatea txurroarekin edo kafesnea. Horretarako makina bat txoko badira. Ikusgarria da kaleak gainezka ikustea.

Beste hiri batean lasaitasuna etorriko litzateke. Iruñean ez. Kale musikariak eta antzezleak, merkatariak, tabernak... Kolore eta doinu berezia hartzen du Iruñeak goizeko lehen orduetan, baita hortik aurrera ere. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa ikusi beharrekoa da, batik bat, haurrekin ibiliz gero. Normalean Alde Zaharretik ibiltzen badira ere, gaur Bigarren Zabalgunean izango dira. Etzi, azken egunean, eguerditik aurrera Udaletxe plaza konpartsaren agertoki bihurtuko da. Dantza egingo dute, eta haurrek azken agurra egingo diote.

Alde Zaharretik ihesi, eguerdiak bi aukera eskain ditzake. Foruen plazan, herri kirolen inguruko ikuskizuna egon ohi da egunero: gaur, Inazio Perurena harri-jasotzailea izango da. Sarasate pasealekuan, joten emanaldia egon ohi da, 12:00etan. Gaur, Tuterako Camino Martinez jota eskola. San Jose plazan, berriz, musika: Iruñeko katedralaren alboan, txistularien alardea arituko da.

Goizean giro ona egoten da Alde Zaharrean. Euskal girorako tokiak ere badira. Horietako bat da Oinez txokoa. Aurten, Baztan ikastolari egokitu zaio antolatzea, eta eguerdian eta arratsean ere giro ona egoten da. Takonerako zuhaiztien lasaitasunean atseden hartzeko toki aproposa da. Harresiak utzita, Runa parkean du jai gunea Gora Iruñeak, bisitatu beharrekoa: goiz eta arratsalde familientzako ekitaldiak antolatzen dituzte. Alde Zaharrean, Nabarrerian eta Carmen kalean badira euskal giroko hainbat toki. Antsoleaga karrikan, berriz, San Frantzisko plazatik gertu dago Zaldiko Maldiko.

Konpartsa eta azken agurra

Bazkalosteak ematen du tregoa moduko bat. Une aproposa izan daiteke Takonerako postuetatik osteratxo bat egiteko. Atseden hartzeko parada ere eskaintzen du. 17:00etatik aurrera, peñek kalejira egiten dute zezen plazara. 21:00etatik aurrera, alderantziz, bakoitza bere egoitzara itzultzen da, eta giro handia egon ohi da plaza inguruetan.

Giro hori gogoko ez duenak baditu aukera gehiago. 21:00etan, egunero larrain dantza egiten da Gazteluko plaza inguruetan. Hori amaituta, San Domingo aldapara joan daiteke txikiekin, zezensuzkoak han egingo baitu korrika bere su eta txinpartekin. 22:45ean, suak egon ohi dira Gaztelugibelen, baina iruindarrek edozein tokitatik ikusteko ohitura dute. Hortik aurrera, gau luzeari ekiten zaio. Hori dena etzi amaituko da. Orduan, gauerdian, Pobre de mí kantatuko dute iruindarrek.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Eguzki irratia ©Jaoba Manterola / Foku

Eguzki irratiak salatu du lege berriak ez diela lizentziarik bermatzen irrati komunitarioei

Urtzi Urkizu

Hala ere, Iruñeko Eguzki irrati libreak lizentzia eskaera egingo du. Irratiak uste du badaudela nahikoa arrazoi lege berriaz ez fidatzeko.

2020ko deialdian parte hartu zuen Oletzero bat. / ©Andrakatue

«Zarpail edo dotore, gizon edo emakume, sor ditzagun gure Olentzero propioak»

Jon Ordoñez Garmendia

Dantzan.eus atariak dei egin du etxean, eskolan, lantokian edo ikasgelan bakoitzak bere Olentzero egitera.

Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.