Albistea entzun

KRITIKA. Dantza

Dantzaz-en menu berria

ABLANCA RAZQUINN / EZEZAGUNA Tamaina handiagoan ikusi

Agus Perez -

2017ko martxoak 7

'Harri, orri, ar'

Konpainia: Dantzaz. Zuzendari artistikoa: Adriana Pous. Koreografiak: Les Vikings, Jorge Jauregi eta Paolo Mohovich. Sukaldari gonbidatua: Enrique Fleischmann. Dantzariak: Jone Amezaga, Riccardo Ciarpella, Ioritz Galarraga, Juliana Javier, Miren Lizeaga, Esmee Lobley, Andrea Loiola, Fernando Luis, John O'Gara, Tiziano Pilloni, Marek Strycek, Olaia Valle. Lekua: Elorrioko Arriola antzokia. Eguna: Martxoak 4.

Elorrioko Arriola antzokia azken lerroraino beteta zegoela aurkeztu du Dantzaz konpainiak bere egitarau berria hiru koreograforen lan banarekin eta sukaldari kontzeptual bat hirugarren piezan gonbidatuta.

Jatorri espainiar-belgikarreko Les Vikings bikoteak (Sara Olmo eta Victor Lanay) diseinatu du lehen koreografia, Historia de un segundo deitu dena. Amestoy Trioren musika mediterraneoak eta okre gamako arropa soilek garai bateko dantza-aretoetako giro herrikoia gogorarazi digute, eta dantzariak jolas batean bezala aritu dira. Dantzaren diseinuak oinarri geometriko arina eduki du, baina eboluzioen zerbitzuan egon da, eta horri esker bete ditu lehen pieza honek bere bi helburu nagusiak: dantzarien leuntasuna eta malgutasuna erakustea eta piruetetan nahiz akrobazia dantzatuetan duten trebetasuna frogatzea. Bikain ibili dira bietan.

Jorge Jauregi euskal herritarra izan da egitarau honetako bigarren gonbidatua, eta Complete Surrender koreografian gogorarazi digu Wim Vandekeybusen konpainian emandako urteak ez zirela inolaz ere alferrikakoak izan. Borja Ramos bilbotarraren soinu elektroniko abstraktuek girotu dituzte hasierako jarrera emozional transzendentalak eta, muturreraino eramanda, berez apurtzen ziren eskortzo estatikoak. Izaki isolatuak multzo bakarrean elkartu ostean hasi dira dantzariak gune hartatik beren burua jaurtitzen indian techno-tzat definitu genezakeen erritmo koloretsuen pean —Gonjasufi bandaren musika, Mark Pritcharden remix batean—, eta orduan etorri dira pieza honetako unerik ikusgarrienak, dantzari guztiek era librean egindako grand jété garaikide bikain haiekin.

Piezako azken atala Badmarsh & Shri-ren musika inguratzailean bilduta etorri da, eta dantzari gehienek bikoteka besarkatuta erakutsi dizkigute existentziaren alde diferenteak, baina koreografiak bere dentsitate osoa lortu du dantzariak ezustean eta banan-banan desmaiatu direnean, azken momentuan bat bakarrik geratu den arte.

Azkenik, Paolo Mohovich italiarrak sortu du egitarauari izena eman dion lana —Harri, orri, ar— eta, sukaldari gonbidatuaren ohorez, Mexikoko hiru abesti ezagun konbinatu dira Pa Ta Ka taldearen perkusio abstraktu eta industrialekin. Mexikar kutsuko pasarteetan gorri metalizatu koloreko gona luzeak jantzi dituzte emakumeek, eta tarteko pasarteetan grisean agertu da bikote dantzaria. Artegagarria egin zait tarteko pasarte horiek hartu duten itxura post-futurista, eremu enigmatiko batean kokatzen gintuelako, eta harrigarria izan da mutilak —John O'Gara deitzen da— Gilberto Parraren Por un amor abestitik egin duen keinu-interpretazioa, harekin ezin hobeto irudikatu direlako beraren dohain apartak eta konpainia osoaren prestakuntza bikaina.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna