'Kutxabank auzia' ikertzeko egitasmoak ez du aurrera egingo

EAJk eta PSE-EEk ez dute beharrezko ikusten Eusko Legebiltzarrean batzorde bat sortzea

Jokin Sagarzazu -

2015eko otsailak 12
Eusko Legebiltzarrean Kutxabank auziaren erantzukizun politikoak argitzeko batzorde bat sortzeko aukerari uko egingo diotela, EH Bilduren egitasmoa ez duela babestuko; hori jakinarazi zuen atzo Joseba Egibarrek EAJren izenean, eta gauza bera egingo dutela berretsi dute alderdi sozialistako iturriek. Orain arte, EH Bildu, PP eta UPD azaldu dira batzordea sortzearen alde. Baina babes horiekin bakarrik ez du aurrera egingo koalizio subiranistak legebiltzarrean erregistratua duen proposamenak.

Jeltzaleek parlamentuetako ikerketa batzordeen eraginkortasuna zalantzan jarrita argudiatu dute ezezkoa. Egibarrek uste du auzi bat epaitegietan denean ezer gutxirako balio dutela «ikerketa politiko paraleloek». «Esperientziak erakutsi digu ez direla sortzen gertakarien edo ekintzen egia bilatzeko, baizik eta kritika politikorako erreminta gisa. Ez da gertakari batzuen egia jakin nahi izaten, ezta horien ardura ere; eztabaida bat politizatu nahi izaten da, arerioa iraintzeko. Probekin, edo gabe», azaldu zuen atzo EAJren bozeramaileak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.

Kutxabankeko presidente ohi Mario Fernandezen eta 2008-2012 artean Espainiako Gobernuak EAEn izandako ordezkari Mikel Cabiecesen (PSE-EE) arteko lankidetza harremana argitzeko batzorde bat sortzea galdegin du EH Bilduk legebiltzarrean. Egibarren esanetan, baina, koalizioaren eta «hainbat sektoreren» benetako helburua ez da hori, kutxen bat egitea zalantzan jartzea baizik, «Kutxabank eta Kutxabank osatzen duten kutxen izen ona zikintzeko». «Aitzakia bat erabiltzen ari dira, prozesu horretan [kutxen bat egitean] beren jarrera politikoak izan duen porrota justifikatzeko». Horiek hala, buruzagi jeltzaleak esan du «soilik» Justiziari dagokiola ikertzea, «ausardiaz, eraginkortasunez eta prozesu berme guztiak errespetatuta», legerik urratu ote den ala ez, eta, egotekotan, erantzukizunak zehaztea.

Antzeko argudioak erabili zituzten atzo PSE-EEko iturriek, Efe berri agentzian eginiko adierazpenetan. Azpimarratu dute auzia epaitegietan dela eta han «argituko» dela gertatutakoa; Cabiecesek alderdia uztean —urtarrilaren 31n— bere gain hartu zituela erantzukizun politikoak; eta EH Bilduk ikerketa batzordearen bidez «etekin politikoa» lortu nahi duela. Sozialisten erabakia berretsiko balitz, egitasmoak ez luke aurrera egingo. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak atzo azaldu zuen PP egitasmoa babesteko prest dagoela, baina ez litzateke aski izango. Batzordea sortzea errazte aldera, ikerketa esparrua Cabieces eta Fernandezen harremanetara mugatzea eskaini zuen herenegun EH Bilduk.

Epailea, lanean

Fernandez eta Cabieces inputatzeko eskatu zion herenegun Carmen Adan Bizkaiko fiskalburuak Bilboko Auzitegiari, eta atzo hartu zuen kasua bere gain 4. instrukzio epaitegiko Ana Isabel Alvarez magistratuak. Besteak beste, Mario Fernandezi eta Mikel Cabiecesi deklarazioa hartu ostean egin zuen eskaera fiskalburuak. Kutxabankeko presidente ohiak komunikabideetara igorritako ohar batean azaldu zuen fiskalaren aurrean esan zuela «estatu politika» zela Espainiako Gobernuaren ordezkari ohiei lana bilatzea behin ardura hori amaituta, eta ETAren aurkako borrokarekin loturiko «idatzi gabeko lege batean» oinarrituta egin zuela hori, PPko goi kargudun batek eskatuta. Egibarrek atzo esan zuen EAJk ez duela «idatzi gabeko lege» horren berri, eta izango balu «ezetz» esango lukeela. «PP eta PSOEren arteko akordio bat izango da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna