Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Hizkuntza

2014ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
The San Francisco Tape Music Center. 1960's… liburuaren kontakizun harrigarriek txundituta utzi naute. D. Bernsteinek, garai zirraragarri haien berotasuna, ausardia eta bitxitasuna biziki transmititzen ditu, eta bide batez orduko eta ondorengo hainbat azalpen artistiko ulertzeko erreminta baliotsuak eskaintzen dizkigu. Baliabide ekonomiko xumez eta irudimen miragarriz Ramon Sender, Morton Subotnick edota Pauline Oliverosek elektronikak soinua sorrarazi eta moldatzeko duen gaitasuna aurkitu, mila era ezberdinetara saiatu, garatu eta grabaketa sorta harrigarria utzi zuten. Are gehiago, Terry Riley edo John Cage konposatzaileekin elkarlanean, happening-a, ingurugiroko soinuak, zori hutsa eta inprobisazioa landuz bide berriak ireki zituzten. 50 urte pasatu diren arren Pauline Oliverosen Reverberations bilduma entzutea estreinako argitarapen baten esperientzia zirraragarri eta ezezaguna bilakatzen da.

Tramankulu elektronikoz edo ahots eta gitarra akustikoz bada ere, musikaren hizkuntza amaigabea da. Estiloen inposaketen gainetik, interpretatzaile eta entzule bakoitzak bakarra eta errepikaezina egiten du gainera. Aste honetan bertan, rock, blues eta antzekoak musika hizkuntza «agortuak» direla esaten zuen musika aditu ezagun batek. Ez nago batere ados. Greil Marcus-en azken liburuko ikuspegia askoz gogokoago dut: rock abesti bakoitzean aurreko historia guztiaren erreberberazioa dago. Abesti guztiek osatzen dute historia eta abesti bakoitzak historia guztia du bere barnean, ez dago hasiera edo amaierarik. Baldintza, jarrera eta pertsonak dira aldatzen direnak. Beraz, hizkuntzak agortu baino gehiago, ez al dira gure belarriak gogortzen direnak?

Durangoko Azokatik ekarritako Saccoren lehen diskoa entzun eta ikaragarri gozatu dut. Noski, paroxismora eramandako gitarra soinu horiek Lisabö eta beste hainbat talderen diskoen oihartzuna dute. Baina Sacco, gaur eta hemengo espresioa da, eta belarriak ondo irekiz bere garaian haiek egin zuten modu berberean astindu dizkit erraiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.