Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Sindromea

2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Idazle batek nekez egotz diezaioke bere lumari orrialde txar baten errua. Argazkilari batek, ordea, irudi desegoki bat ateratzen zaionean, beti dauka bere laneko lanabesaren aitzakia, eta ezagutzen ditudan argazkilari gehienak etengabe ari dira objektiboak eta makina hobeak erosten.

Musikariok ere berdin. Beti daukagu instrumentuak bikaintasuna galarazten digun susmoa, eta, bitartekariarekin borrokan, jotzen dugun tresnarekiko maitasun-gorroto harreman batean bizi gara.

Hortik sortzen da beharbada instrumentu jotzailearen obsesioa. Dei diezaiogun sindromea. Ezagutzen ditut batzuk, eta ni neu ere ez nabil urruti. Jotzen hasi nintzenean erosi nuen bateria elektroniko bat, lokala lortu nuenean erosi nuen bateria akustiko bat, eta jazza jotzeko beste bat erosi berri dut orain. Joan naiz platerak aldatuz, hobeak erosiz, eta sindromeak ez du sendatzeko itxurarik. Ikusten dut niretzako eredu den norbait jotzen, eta esaten dut neurekiko: artista bat, ados, oso ona da, baina bateriaren markak ere izango du zerikusirik instrumentuari ateratzen dion soinuan. Eta bat-batean sartzen zait gogoa berriz ere, tarteka bisitatzen dudan musika denda handi batera joateko; edozer gauza onargarriagoa baita errua geurea, geure ezintasuna dela aitortzea baino.

Agian, Willie Nelson hartu beharko genuke eredutzat sindromea sendatzeko. Nelsonek 48 urte daramatza gitarra berberari sokak astintzen. Izena ere jarria dio: Trigger. Country estatubatuarraren ikur mitikoetako bat da Nelson, eta behin baino gehiagotan esana du Trigger hiltzen bada ez dela oholtza batera berriro igoko. Gitarra horrekin jo ala isildu. Edozein bikoteren gisan, zorigaitz batzuk ezagututakoak dira elkarrekin. Ordaindu gabeko zergak zirela eta, kartzelara sartzekotan egon ziren behin Nelson. Bada, bere ondasun guztiak kenduko zizkioten beldurrez, Hawaiira bidali zuen badaezpada ere gitarra, arazoa konpondu bitartean salbu egon zedin. Sute batetik ere erreskatatu zuen beste behin Trigger. Agian, instrumentuari izena jartzea izan liteke sindromea sendatzeko lehen urratsa. Probatu egin beharko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.