Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Arrakala

2017ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Guk taldean emandako kontzerturik onena hiru lagunen aurrean eskainitako bat izan zen. Tabernaria, taldekide baten mutil laguna eta ezezagun bat egon ziren gu ikusten. Duela astebete inguru bolo-bolo ibili zen albistea. Berri Txarrak-ek Naoneden (Nantes, Bretainia) ikusle bakar baten aurrean eman zuen kontzertua. Hainbat hedabidetan aipatu zuten taldeak hogei urtetik gorako ibilbidea zuela, nola Primavera Sound jaialdian jotzetik zetozen, eta nola Europan kontzertu askotan sold out egindakoak ziren. «Halako keinuek definitzen dute artista bat», esanez amaitzen zuten berria.

Inori meriturik kendu gabe, zalantzak ditut bitxikeria hori zein puntutaraino den albiste. Galdetu inguruko edozein musikariri; ia gehienei egokitu zaigu halako egoeraren bat. Areago, tamalez, horixe da talde askoren—gehienen ez esatearren— eguneroko ogia, eta salbuespenak kontzertu jendetsuak izaten dira. Horrez gain, askotan iruditu izan zait bakarraren aurrean eta mila lagunen aurrean intentsitate berdinarekin jotze hori jainkotu egiten dela, artista zerura hurbilduz ia. Izatez, publikoaren kantitateak norberaren lanean eraginik izan beharko ez lukeenean.

Hausnarketarako bide eman beharko lukeena da zergatik joan den lagun bakarra kontzertu horretara, edo zergatik publiko zabal batek betiko lau talde ezagutzen dituen eta ez duen denbora hartzen zirkulu horretatik kanpo ezer entzuteko. Zergatik ari den talde txikien eta handien arteko arrakala handitzen. Zergatik sold out-en eta kontzertu bakartien binomioa nagusitzen ari den pixkanaka.

Lehenengoari dagokionez, antolatzaileek izango dute zeresana, emanaldiaren zabalkunde faltarengatik. Behin baino gehiagotan komentatu izan dugu gure artean, kontzertu tristeen atzean ganora gabeko antolakuntza bat izaten dela askotan. Ez ditzagun musika eta musikariak egitaraua besterik gabe betetzeko erabili. Itzalean dagoen lanari zor zaion errespetua eman diezaiogun. Bigarrengoari dagokionez, hedabideek izan dezakete erruaren zati bat. Handien eta txikien arteko arrakala gehiago ez handitzeko funtsezko zeregina baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.