Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Frikiak

2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Bazoazte, furgoneta kargatu eta jo behar duzuen tabernara; iritsi zarete eta deskargatu dituzue instrumentuak. «Ekarri al dugu alfonbra?». Bateria baten betiko despistearen beldur taldeko liderra. «Lasai, gaurkoan ez zaigu ahaztu». Muntatu duzue dena; badoaz ahotsak, badoa baxuaren pedala. «Fuzz-a ondo al doa? Eta reverb-a?». Jo dituzue pare bat abesti. Balekoa. Afarian eztabaida piztu da, Nirvanak edo Alice in Chainsek, zeinek ote dauzkan abesti hobeak. PiLT-ren itzulera eta Hatortxurockeko kartela aipatu dituzue, eta batek kontatu du bitxikeria: Neil Youngek, bere letrak asmatzeko orduan, egunkari orrietan idazten zituen, lotsa gutxiago sentitzen zuelako horrela. Iritsi da kontzertua. Gutxitan bezala gozatu duzue. Magia sentitu duzue oholtza gainean.

Hurrengo egunean, nekatuago baina ilusio berberarekin egin duzue prozesu bera, eta jo duzue beste taberna batean. Berriz ere pozik zoazte ohera.

«Hor bonboa falta zaizu». «Kontuz, semikortxea bat da». «Orekariak joko al dugu?»—ikasle batek—. «Ekarriko dizut hurrengo asterako». Pasatu dituzu ia zazpi ordu musika klaseak ematen eta etxera iristean gorputzak oraindik musika gehiago eskatzen dizu: The XX-en berriena, I See You. Whatsappean ere gai bera hizpide. Kontzertuetara joateko duzuen taldera kartel bat iritsi da. Pozik oheratu zara gaurkoan ere, Swansek ekainean, zure urtebetetze egunean, Miarritzeko Atabalen joko duela jakinda.

Beste egun bat. «Ride hau zer da, K Custom edo K Custom Dark? Zer da, ilunagoa beste hau baino?». Musika saltokiko elkarrizketari harridura aurpegiz begiratzen dio albokoak. Ez da musikaria, ezta musikazalea ere. «Nondik atera duzue hiztegi hori? Friki xamarrak zeniruditen». Keinu arraroz erantzun diozu, baina bat-batean asteko errepasoa egin duzu mentalki, eta bai, agian, ez zaiola arrazoirik falta pentsatu duzu, bidean zoazela, gai bakarrera mugatzen jarraitzen baduzu bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.