BI AHOTSETARA

Bonberenea

Ilargi Agirre.
2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Hormetan jarrita dauden irudiek ederki laburbiltzen dute azken hogei urteotako Euskal Herriko musika panorama. Badu museo baten kutsua. Lehen aldiz barrutik bisitatu nuenean behintzat, denbora eman nuen argazki horiei begira, jakin-minez. Lehen aldietan maiz gertatzen den gisan, dena izan zen harridura egun hartan. Lo egiteko hain ondo atonduta dagoen logela txukuna, pianoaren gela, jangela koloretsua, oilategia, aroztegia eta mekanika tailerra, guztia iruditu zitzaidan txundigarria Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa). Gerora jakin nuen etxean bertan ekoizten duten garagardoa badutela, bideoz grabatzen dituztela bertan egiten diren asteroko kontzertuak, eta hainbat kultur ekitalditarako erabiltzen duten 380 metroko zurezko pabiloi berria gazteek eurek eraiki dutela.

Gerora egokitu zitzaigun bertako estudioan grabatzea ere, eta ezagutu genuen Karlos Osinaga Txap soinu teknikariaren lan egiteko modua. Mantal zuria jantzita, guk egindako akatsak ordenagailuan zer-nolako erraztasunarekin zuzentzen zituen ikusi genuen, eta entzutetik entzutera zer-nolako aldea dagoen ikasi.

Aurten hogei urte betetzen ditu Bonbereneak, eta hamabost urte Bonberenea Ekintza plataformak eta grabaketa estudioak. Horren barruan, urteurrena behar bezala ospatzeko, Aspalditik gatoz, urrutira goaz disko bilduma bikoitza kaleratuko dute ostegunean. 22 taldek parte hartu dute lanean, eta horien artean daude Anestesia, Eraso, Glaukoma eta Zea Mays, batzuk aipatzearren. Abesti guztiak taldeek diskorako propio sortutakoak dira. Hurrengo larunbatean, maiatzaren 27an, bildumaren aurkezpen akustikoa egingo dute hamar talderen parte hartzearekin, Bonberenean bertan, 22:30ean. Urte betea datorkie, edonola ere. Udazkenerako, Bonberenea Sutan jaialdia, eta abendurako, gaztetxearen historia azalduko duen dokumentala ere ari dira prestatzen. Guztia izango da baliagarria lehen aldiz Bonbereneako barrunbeak ezagutzen dituenari harridura pizten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.