Ilargi Agirre.
BI AHOTSETARA

Larrekoa

2016ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gaur izan balitz bezala oroitzen naiz nire lehendabiziko bateria klasearekin. Akordatzen naiz lehen erritmoa hala-hola ikasi, eta doinu geldo baten gainean jotzen pasatu genuela klase erdia, biak batera tempoa behar bezala jarraitu nahian. Solfeorik eta teoriarik batere ez, eta eseri eta musika egiten hasi ginen.

Eta gogoratzen naiz gero Interneten emakume bateria-jotzaile baten bideoak jarri zizkidala irakasleak. Erabat txundituta gelditu nintzela instrumentu harekin egin litezkeenak pantailaren aurrean deskubritu nituenean. Amaieran animoak, bizkarrean zaplada pare bat, emakumeak ikusteak poza ematen ziola eta jarraituko genuela hurrengo astean. Abesti osoak jotzen hasiko ginela berehala.

Gerora deskubritu nuen kantu hura Oasisen Supersonic zela, eta emakumea, Cindy Blackman, Lenny Kravitzekin eta Cassandra Wilsonekin jotzen zuena. Gerora konturatu naiz erakusteko modu praktiko horren erakargarritasunaz. Egunotan, Joseba Tapiaren Larreko eskolatik irakurri dut, eta ohartu naiz asko izan zuela larretik klase hark —eta ondoren etorri zirenek—. Belarriari lehentasuna emanez, ariketa guztiak musika testuinguru baten barruan proposatzea dela gakoa, eta, ezer baino lehen, ongi pasatzea.

Gai asko jorratzen ditu liburuak. Eginez, gaizki joz, ikasten dela ongi jotzen esaten du, adibidez, Tapiak; nola jolasetik eta gozamenetik sartu behar duen haurrak musikan, eta nola hezi behar diren musika giro batean etxean.

Kontua da Euskal Herria ez dela Txekiar Errepublika edo Alemania. Tapiak dioenez, inolako herentzia musikalik gabe iristen dira musika eskoletara ikasleak. Entzun behar da musika elkarrekin, tarteka kontzerturen bat ikustera eraman haurra, eta baita abestu ere. Afinazioari askorik erreparatu gabe, ongi pasatzeko helburu hutsarekin. Gure aitona-amonek gehiago kantatzen zutelakoan nago. Ea Eguberriek behintzat horretarako balio diguten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.